Larramendi ikastolaren inguruan atera diren berriei buruz

Ikastolen Etxean, 2016ko abenduaren 29an

 

Harriduraz eta asalduraz irakurri ditugu Mungiako Larramendi ikastolari buruz azken egunetan El Correo egunkariaren bitartez argitara eman diren berriak eta sare sozialetan egin diren iruzkinak. Ez dakigu berri hauek zabaltzeko interesik handiena iturriak ala hedabideak berak duen. Dakiguna da Larramendi ikastolari min eta kalte egiten diotela. Horregatik, zabaldu diren berrien inguruan, Ikastolen Elkarteak zera adierazi nahi du:

  • Artezkaritza Kontseiluari lan jazarpena leporatuta bi langilek, 85 langileren babesarekin, Lan ikuskaritzara jo izana ulergaitza iruditzen zaigu. Ikastolen Lan Hitzarmenean protokolo zehatz bat ageri da lan jazarpen kasuetarako. Jarraibide horiek oso prozedura aurrerakoiak dituzte, eta sindikatuekin adostutakoak dira; ez zaigu zuzena iruditzen, beraz, Lan Hitzarmena alboratu izana. Dena den, salaketarik baldin badago, kasu horietarako dauden prozedurak martxan jarriko dira.
  • Larramendi ikastolako Artezkaritza Kontseilua ikastolako Batzar Nagusiak aukeratu zuen, gardentasun osoz, eta legeak agintzen duena betez. Artezkaritza Kontseilu hori da Ikastolen Elkartearen mintzakide zuzena, eta erakunde honen babes osoa dauka.
  • Larramendi ikastolako Artezkaritza Kontseiluak ikastola ereduaren hautu pedagogikoaren alde egin dituen urratsak txalotzen ditugu, Ikastolen Elkarteak marraztutako marko pedagogikoaren baitan kokatzen baitira. Horregatik, Ikastolen Elkartearen babes guztia dauka.
  • Larramendi ikastolak, elkarteko ikastola guztiek bezala, guraso kooperatibista guztien parte-hartzea sustatzen du, integratzailea da, eta bertako Artezkaritza Kontseilua prest dago elkarrizketarako. Bide horretan, Larramendi Ikastolako Artezkaritza Kontseiluak Ikastolen Elkartearen babes osoa izango du.

 

Koldo Tellitu

Ikastolen Elkarteko lehendakaria

Ikastolen Elkartearen Artezkaritza Batzordearen izenean