Dena prest dute Bergaran, Kilometroak ospatzeko

Urriaren 2an, igandearekin, ospatuko da Kilometroak jaia Bergaran. Egun horretarako dena ia prest daukate, eta eguna iristeko gogo betez eta irrikan dago Aranzadi ikastolako komunitate guztia.

Jaiaren aurkezpena egin dute Aranzadi ikastolako arduradunek (lehendakariak, zuzendariak, koordinatzaileak eta ikuskizunen arduradunak) eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari eta Ikastolen Elkarteko lehendakariorde Nekane Artolak.

Egun osoko egitarau aparta prestatu dute Aranzadi ikastolakoek, haur, gazte eta helduentzako, koadrilan nahiz familian gozatzeko, eta egun hori errespetuz, aniztasunez eta berdintasunez disfrutatzera dei egin dituzte ikastolazale eta euskaltzale guztiak. Informazio gehiago Kilometroen webgunean.

Berrogeigarren Kilometroak Jaia da aurtengoa, eta zenbaki biribil hori ospatzeko, bi ekimen berezi abiatu dira aurten. Batetik, berrogei edizioen errepasoa egiten duen erakusketa jarri da; www.kilometroakbidea.eus webgunean ere ikus daiteke ibilbide hori. Bestetik, berriz, Kilometroak jaien inguruko gogoeta ere ireki da etorkizunari begira ikastolen jai honek hartu beharreko bidea zehazteko helburarekin.