Hezkuntza sistema propioaren alde

 

Larunbat honetan, azaroaren 28an, Lomce legearen aurka eta Hezkuntza Sistema Propioaren alde elkarretarazeetara deitu du Hezkuntza Plataformen Topaguneak. Elkarretaratze hauek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dira. Ikastolen Elkarteak bat egin du deialdiarekin, eta ikastoletako kideak eta herritarrak oro deitu ditu bat egitera. Egunaren harira, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk iritzi artikulu hau idatzi du.

 

Hezkuntza sistema propioaren alde

Koldo Tellitu

Ikastolen Elkarteko lehendakaria

Aurrera doa aurtengo ikasturtea, eta dagoeneko lehenbiziko ebaluazioko kontrol eta azterketetan murgilduta daude gure ikasleak.  Guk, berriz, ezin azterketarik/proposamenik egin gure hezkuntza sistema gidatu beharko lukeen arau markoari buruz ziurgabetasuna azpimarratu gabe, asteak joan asteak etorri, sakontzen ari baita ziurgabetasun hori, eta, egungo testuinguruan, babesik gabe gaudela agerian uzten baitu. Hala ere, garbi daukagu egoera honek ezin duela hezkuntza komunitatea geldiarazi; aitzitik, joan den ikasturtean egin ziren mobilizazioen bultzadarekin, egun sentitzen dugun ziurgabetasun hori aukera bilakatu behar dugu.

Joan den ikasturtean jarri zen indarrean LOMCE. Eta lege hori indarrean sartu zen ikasturtea ere ziurgabetasun handiarekin hasi genuen arren, lortu genuen LOMCE egin zutenek marraztutako bidetik urrun egotea gure herrian. Hori lortu genuen gizartearen aktibazioari esker eta gure ikasgeletara iritsi behar ez zuela argi zeukaten hezkuntza eragileen ausardiari esker. Hezkuntza komunitateak argi adierazi baitzuen, besteak beste, ez zuela inposatutako probarik onartuko, ez zuela iruzurrik onartuko. Inposaketa eta iruzurraren aurrean, herritarrek eta hezkuntza komunitateak protagonista izatea lortu zuten, eta ikastetxez ikastetxe eta herriz herri indartutako mugimenduak planto egin zion LOMCEren baitan marraztutako LH3rako ebaluazio proba egiteari.

Hilabete bat barru Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira, eta dirudienez, egun boterean direnek galdu egingo dute gehiengo absolutua. Eta hori gertatuko balitz, LOMCE legea bera ere kinkan legoke. Eta bai, egia da itxura batean hil-hurren dagoela dirudiela, baina ematen du askok hil aurretik ehortzi nahi izan dutela LOMCE. Eta ez da horrela. Lege hori indarrean jarri zutenek agintzen dihardute oraindik. Ikasturtea hasi dugu LOMCEren neurri gehiago indarrean sartuta. Iazko ikasturtean LH3ko probak izan bagenituen, aurten LH 6rako proba dago iragarria. Proba horren ezaugarriak ezagutzen ari gara, eta esan beharra daukagu, LOMCEren bitartez inposatua etortzeaz gainera, ez datorrela inolaz ere bat guretzat egokia litzatekeen ebaluazio diagnostiko baten ereduarekin. Horregatik adi jarraitu behar dugu oraindik, eta horregatik aurre egin behar diogu LOMCEri, berau benetan ehortzi bitartean.

Aurre egingo diogu kalean, eta horretarako Hezkuntza Plataformen Topaguneak azaroaren 28rako deitu dituen nazio mailako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu geuk ere, LOMCEri aurre egiteko eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatu eta eraikitzen hasteko horrelako elkarretaratzeak martxan jartzea ezinbestekoa ikusten dugulako, eta, gainera, argi daukagulako gure gizartearen gehiengo baten nahia ere badela. Oraingoan ere, azken bi urteetako filosofia bera oinarri hartuta, larunbat honetan kolorez eta aldarriz beteko ditugu ikastetxeak eta kaleak.

Mobilizazio hauen bidez berriro eskatuko diegu gure lurraldeetako alderdi politikoei, legebiltzar eta gobernuei, LOMCEren aplikazioa eragozteko jarrerari irmo eusteko eta gure herriko ikastola eta ikastetxeetan inola ere ez dezatela aplikatu,  horretarako eskura dituzten  bitarteko guztiak erabiliz. Gainera, Espainiako parlamenturako hauteskundeen hurbiltasuna kontutan hartuta, alderdi politikoei LOMCEren aurka egiteko bere garaian hartu zuten konpromisoa gogorarazteko ere baliagarria izango dira mobilizazio hauek.

Eta, jakina, larunbat honetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan azpimarratuko dugu hau guzti hau aurrera eramateko tresnarik eraginkorrena hezkuntza burujabetza osoa eskuratzea eta gure bide propioa egitea dela; hezkuntza komunitatearekin eta herritarrekin batera egin beharreko bidea, kalean, ikastoletan eta ikastetxeetan.

Euskal Herrian behar eta nahi dugun Hezkuntza Sistema Propioa eraiki nahi dugu, besteak beste LOMCE bezalako mehatxuek gugan eraginik izan ez dezaten. Baina, bereziki, nahi dugun herria eta nahi dugun hezkuntza geuk eraiki, kudeatu eta aurrera ateratzeko. Une erabakigarrian gaude urteetako inposizioei “ez” esan eta hezkuntzaren gaineko erabakiak gure herrian hartzeko, bertan erabakitzea beharrezkoa dela argi adierazteko. Pausoak eman behar ditugu norabide horretan, eta helburu hori kalean argi adierazi behar dugu.

Egia da, bai; ziurgabetasun egoera bizi du euskal hezkuntzak. Baina ziurgabetasun hau aukera bilakatu behar dugu. Etorkizuna gaurdanik eraikitzen da, askok eta askok atzo egindako lana oinarri hartuta. Eta ez da etorkizun duinik izango, horren alde mugitzen ez bagara. Guk argi dugu. Gure hezkuntza sistema propioa eraikitzera goaz.