Nafarroa Oinez 2016: "Hartu, tenka tira!"

2016ko Nafarroa Oinez, Oinez berezia eta historikoa izango da. Lehenengo aldiz bi ikastolen elkarlanari esker egingo delako: Vianako Erentzun ikastola eta Lodosako Ibaialde ikastola. Gaur aurkeztu dute, Iruñean, horretarako egindako agerraldian

Bi zentro hauek Ebro ibaiaren mugan kokatuta daude, oso euskalduna ez den eskualde batean, non egoera sozio-politikoa ere ez den batere mesedegarria Lingua Navarrorum-en hedapenerako. Hori dela-eta, ingurune horretako ikastolak zonalde horretan euskara berreskuratu eta normalizatzeko haziak dira.

Bi ikastolak txikiak eta familiarrak dira. Txikiak bai, beste ikastola batzuekin konparatuz gero; baina haiek aitortzen dutenez ilusio eta lan egiteko gaitasun handia dute aurrean dituzten erronkei aurre egiteko garaian, horien artean Oinez hau antolatzea. Horregatik, Ibaialde eta Erentzun ikastolek beren ilusioak eta esfortzuak batzea erabaki dute, hain berezia, baina beharrezkoa den NAFARROA OINEZ 2016 hau antolatzeko.

Nafarroa Oinezeko lehendabiziko helburua euskarazko kalitatezko hezkuntzaren sustapena da eta euskararen erabilera normalizatua bultzatzea gizarteko testuinguru ezberdinetan. Beraz, antolatuko diren ekintzak euskararen hedapenerako eta ikastola proiektua ezagutarazteko izango dira.

Bigarren helburua da bere garaian altxatu ziren eraikinek utzi dituzten zorrak amortizatzea eta, era honetan, Ikastola proiektuaren eredu kooperatibistari jarraipena ematea eta hezkuntza eskaintza hedatzeko proiektuetan zentratzeko aukera izatea.

HARTU, TENKA, TIRA!

Sokatira tiraldietan epaileak ematen dituen aginduak dira Oinez 2016ko leloan agertzen diren hitzak. Alde batetik, Oinez proiektua elkarrekin zuzentzeko deia adierazi nahi du, denen artean euskara bultzatzeko. Ilusioa, gogoa, indarra eta esfortzua adierazten du. Beste aldetik, irudia, soka, ezberdinen batasunaren ikurra da, horrela hauskaitza eta sendoagoa den soka berri bat sortuz. Denen artean egindako lanaren adierazpena hain zuzen ere.

Erabili diren koloreak Erriberako lurrak dituenak dira, ortu, laborantza eta soro ugarikoa. Logoaren kontzeptua garatzeko Arkaitz Pellejeroren ideia batetik abiatu dira (Oreretakoa da, baina gurasoak Sartagudakoak ditu) eta amaierako diseinua Vianako ikastolako ama den Nohemí Aramayok sortu du.

Nafarroa Oinez 2016ko bi aurkezpen egingo dira; bata Lodosan, azaroaren 21ean, eta bestea Vianan, 29an.

Baztan ikastolaren balorazioa

Heldu den urteko Nafarroa Oinezen aurkezpenarekin batera, pasa berri denaren balorazioa ere egin dute Baztan ikastolako arduradunek.

Egun oso ona izan zela esan dute, eta han lortutako emaitzek jarritako helburuak betetzen lagunduko dute: “Euskararen aldeko auzolan erraldoia egin genuen, eta horri esker posible izanen da Ikastolako leihoak berritzea eta isolamendua hobetzea. Horrez gain, Haur Hezkuntzako eraikinean sabaia goratu eta zorua aldatuko dugu, azken hau termitek josita baitago. Aldi berean, Lehen Hezkuntzako eraikinarenaren patioan estalpea paratuko dute, gure haurrak busti egiten direlako neguan euria ari duelarik”.

Zenbait datu ere eman dituzte. Jasangarritasunari dagokionez, adibidez, egindako apustuak emaitza onak izan dituela azpimarratu dute. Esaterako, bildutako hondakin guztien &85 inguru birziklatzeko sailkatzea lortu dute.

Antolakuntza aldetik ere jarritako helburuak bete zituztela azpimarratu dute: “Elizondorat ailegatzeko ez zen trafiko arazorik izan, ezta aparkatzeko ere; ostalaritzan berehalako atentzioa izan genuen denok, segurtasuna, osasungintza...dena primeran joan zen egun guztian zehar. Osasungintzari dagokionez ere datu positiboak izan ditugu: 87 pertsona artatu zituzten, iaz baino 65 gutxiago (iaz 152 izan ziren). Horietako 12 intoxikazio etilikoak izan ziren, iaz baino bost gutxiago”.

Horrelako emaitza eta antolakuntza aldetiko egun paregabea, ordea, erabat lausotu zen 4. gunean jazo zen ustezko sexu erasoaren ondorioz.  “Honek hausnarketarako parada eman behako liguke denoi, gizartea eri dagoen seinale baitira horrelako gertakariak”, adierzi dute Baztan ikastolako ordezkariek. “Momentu zailak bizi izan ditugu Ikastolan, ez baikenuen horrelakorik espero. Baina gertakari ilun honetatik argi pixka bat ateratze aldera, gure arteko harremana indartu egin dela azpimarratuko nuke”, gaineratu dute.

Urte guziko auzolana ere izugarria izan dela aipatu dute Baztan Ikastolako ordezkariek, eta horixe bera opa diete Ibaialde eta Erentzun Ikastolei.

 

Viana eta Lodosako ikastolen ordezkariak: Iban Izurza, Maite Otero, Iñigo Telleria, Emilio Ruiz
Maite Otero, Emilio Ruiz, Iban Izurza, Josu Reparaz, Iñigo Telleria, Iosune Ortega, Elena Zabaleta
Nafarroa Oinez 2016ren logoa