PRENTSA OHARRA (II) Ikasturtearen amaiera
Positiboa iruditzen zaigu ikasleak geletara itzultzen hasteko plana hemendik diseinatzen jarraitzea, eta aurrerantzean ere hala izan dadin animatzen dugu, gure hezkuntza-sistemari buruzko erabakiak hemen hartzen jarraitzea. Baina uste dugu ere gure ikasleak ikasgeletara itzultzea Eusko Jaurlaritzak hezkuntza eragileekin landu behar duen erabakia dela, eta irizpide propioetan oinarrituta hartu behar dela.
Hori esanda ere, pentsatzen dugu gelaratze prozesua irizpide eta hausnarketa batzuen baitan egin behar dela (Non eta zein etapatan da beharrezkoena? Zergatik? Posible al da egitea osasun baldintzei jarraituta? Bi hilabetez konfinatuta egon eta gero, orain gela itxi batean, segurtasun distantziak mantenduta, mahaitik mugitu gabe, maskarekin itzuli behar dute nerabe hauek geletara? Non gelditzen da lan kooperatiboa?). Hori guztia faltan botatzen dugu Hezkuntza Sailak egindako proposamenean. Gure jardueran ikaslea erdigunean izanda, horren arabera hartu behar ditugu erabakiak, eta horren baitan, beto baldintza soziosanitarioak ere kontutan hartuta, argitu eta bideratu erabakiak. “Hau ez dadila gelditu” ezin da izan itzulera honen helburua.
Esan, baita ere, gure ustez taldeen arabera baino, ikasleen egoeraren araberako erabakia hartu beharko genukeela. Azken bolada honetan, gero eta gehiago nabarmendu dugu egoera zailetan bizi diren ikaslek jaso (eta jasoko) dutela kalterik nabarmenena; ondorioz, ikasturte bukaerako plangintza ikasle horiengan zentratu beharko litzateke, eta ez ikasle guztiengan, era honetan egon diren desorekak zuzentzen saiatu beharko ginateke.
Neurriei dagokienez, egokia iruditzen zaigu ikasgeletara itzuli beharko duten mailen kopurua mugatu izana, baina langileen eta ikasleen segurtasuna bermatze aldera, uste dugu zertxobait gehiago mugatu beharko zitekeela, eta gure ustez, Batxilergoko 1. mailako eta Lanbide Heziketako 1. mailako ikasleek ez zuketela itzuli behar. Horrek ikastetxeei lagunduko liguke Hezkuntza Sailak gaur aurkeztu dizkigun segurtasun-arauak zehatzago betetzen. Bai ikusten dugu Batxilergoko 2. mailako ikasleen itzulera, nahiz eta zalantzak ditugun datarekin, ikasle horien helburua eta, ziur asko, zergatia USE egitea bada, froga hori prestatzeko momentuan jarriko genuke fokua, ez lehenago. DBH 4n ere, zer helburu jartzen zaio itzulerari? Ikasturtea bukatzeko gelditzen denerako, merezi du halako aztoramenduak?
Ongi deritzogu dugu Haur Hezkuntzan erabaki izana 2 eta 6 urte bitarteko gelak ez direla inolaz ere irekiko, eta uste dugu irizpide bera jarraitu beharko litzatekeela 0 eta 1 urteko gelekin, gehienez ere kontuan hartzen badugu ikastetxe askotan espazioa partekatzen dutela gainerako ikasleekin. Gure ustez, bi maila horietan, haur-hezkuntzako gainerako mailetan bezala, ezin dira bermatu behar diren segurtasun-neurriak, eta uste dugu ez direla inola ere ireki behar.
Langileen eta ikasleen osasuna bermatu ahal izateko ikastetxeei prebentzio-materiala emateari dagokionez, uste dugu Sailak ikastetxe guztiei eman behar diela, eta ez ikastetxe publikoetara mugatu. Osasun-arazo orokor baten aurrean gaude, eta Sailak bermatu beharko luke ikastetxe guztiek izango dituztela material horiek, titulartasuna edozein dela ere.
Eskola-garraioari dagokionez, eta jakinda esparru horretan garraioaren erregulazio orokorra errespetatu behar dela, uste dugu aukerak aztertu behar direla hiri-eremutik kanpo dauden ikastetxeetara iristeko arazoa konpontzeko.
Gure ikasleak ikasgeletara itzultzea Eusko Jaurlaritzak hezkuntza eragileekin landu behar duen erabakia da, eta irizpide propioetan oinarrituta hartu behar da. Gaurko bilerari esker, Hezkuntza Sailak gure ikasgeletarako itzuleraren inguruan egiten duen aurreikuspena aztertu ahal izan dugu guztion artean, eta horren inguruko lehen kontrastea egin.
Baina ezin da horrela geratu; oraindik gai batzuek zehaztasun eta xehetasun handiagoa behar dute, eta, gainera, aurrerantzean zalantza berriak sortuko dira. Guzti hori lantzeko Hezkuntza Sailak gidatuko duen prozesu honetan, hezkuntza eragileen parte hartzea eta jarrera eraikitzailea bermatu behar dira. Ekarpenak egitea, adostutako irtenbideak aurkitzea eta irtenbide horiek zabaltzea lirateke bilera honetako kideen egitekoak. Ikastolen komunitatea prest dago horretarako, beti bezala.
Erabil dezagun azken hilabete hauetan bizi izandakoaren esperientzia, hezkuntza-eragileen artean gure hezkuntza-sistemari buruzko hausnarketa bat irekitzeko eta sistema hori eraldatzeko eta komunitarioagoa egiteko oinarriak jartzeko.