Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu den proposamen baten harira
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan inoiz bizi izan dugun matrikulazio-kanpaina zailena amaitzear dago, eta bizitzen ari garen jaiotza-tasaren beherakada ikusgarriaren ondorioz, ikastetxe askoren etorkizuna, kasu askotan dramatikoa, zein izango den jakitear gaude. Testuinguru konplikatua da, sare guztiei eragiten diena, eta matrikulazio-kanpaina handiak egitea eragin duena, kasu batzuetan ikastetxeen iraupena jokoan dagoelako.
Testuinguru zail honetan, Ahal Dugu-k, EH Bildurekin batera, eremu horretan indarrean dauden "joko-arauak" aldatzea proposatu du Eusko Legebiltzarrean, sare publikoa are gehiago lehenesteko eta, praktikan, ikastolei eta gainerako itunpeko ikastetxeei gela gehiago ituntzeko aukera oro murrizteko.
Argi daukagu eskola-mapak aldatzea kontu delikatua dela, eta hezkuntza-eragileen artean eta administrazioarekin berarekin aztertu behar dela, eta kasu bakoitzean irtenbide desberdinak egon daitezkeela, baina ezin dugu onartu plangintzaren eta eskola-maparen kartak hasieratik markatuta egotea eta egungo itun-araubidea zentzu zehatz batean aldatzea legez besteko proposamen baten bidez, ezin dugu onartu Eusko Legebiltzarrean onartu nahi izan den hazkundearen aurkako ezkutuko beto hau.
Ez dugu ulertzen zein den arrazoia Ikastola baten hazkundea eragozteko, herriak gehienbat aukera horren alde egiten duen kasuetan. Badakigu gure ikastolak, itunpekoak direnez, Eusko Jaurlaritzaren plangintzaren mende daudela, eta horrek, orain arte gertatu den bezala, esan nahi du hazkundearen arrazoiak oinarrituak egon behar dutela, gizartearen babesa izan behar dutela matrikulazioaren bidez, eta administrazioarekin negoziatu behar direla. Eta aurrerantzean ere hala izatea nahi dugu.
Gainera, gure hezkuntza-sistemak bizi duen testuinguru korapilatsuan, horrelako proposamenek publikoa-itundua eztabaida antzua bultzatu baino ez dute egiten, eta ez dute inolaz ere laguntzen dikotomia hori gainditzen. Eta geure buruari galdetzen diogu duela 25 urte baino gehiagotik dagoen sareen arteko oreka nola izan daitekeen, Save the Children erakundeak dioen bezala, azken urteotan ekitatean izandako atzerakadaren erantzulea. Titulartasun publikoko ikastetxeen artean ere badira desberdintasunak, Euskadiko Eskola Kontseiluak behin eta berriz adierazi duen bezala. Hau bezalako egoeraren araberako neurriek ez diote ekarpenik egiten hezkuntza-eragile askok egungo egoera gainditzeko dugun helburuari. Eztabaida hezkuntza-eragileei kentzea, berauekin landu ez diren proposamenen bitartez, ez da modurik onena aurrerapausoak emateko.