Hezkuntza Akordiorako proposamena aztertzen ari dira ikastolak
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolak Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den Hezkuntza Akordiorako proposamenaren edukia aztertzen, lantzen eta horren gaineko irakurketa egiten ari da, gero ondorioak atera eta jarrera bat hartzeko. Proposamena Eusko Legebiltzarrerako bidean da dagoeneko, eta ikastolek ikusi dute unea dela gaiaren gainean jarrera bateratu bat hartzea.
Aste honetan hasi dira ikastolen bilerak. Hain zuzen ere iragan asteartean egin zen lehenbiziko, eta egunero egiten ari dira, eskualdez eskualde, ikastoletako komunitateetako ahalik eta jende gehienak parte hartzeko helburuarekin.
Hezkuntza Akordiorako proposamenaren gabeziak ( ez du hezkuntza sistemaren osaketa zehazten; ez du publikotasunaren definiziorik egiten; finantzaketa gaia ere ez du aipatzen…) eta eduki nagusiak aztertzen ari dira, eta bereziki hizkuntzen alorra eta hezkuntza inklusioa. Azken horri dagokionez, aurkeztu den Herri Ekimen Legegilea ere aztertu da.
Guztiei erantzun bat ematea du helburu abiatutako eztabaida prozesu honek. Ekainaren 13an amaituko da prozesua, eta haren ondotik ikastolek euren jarrera argituko dute.