Ikastolen Elkartearen babesa Arizmendi ikastolari
Donostian, 2018ko otsailaren 22an
Arizmendi ikastolak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin greba eskubidea bermatzeko araudia berrikusten ari den unean, Ikasle Abertzaleak taldeak deituriko mobilizazioak harridura eta kezka sorrarazi dizkigu.
• Harridura, gai lokal bat izanik eta, ikasleen parte-hartze zuzenarekin, ikastolaren barruan adostasun baterako bidea urratzen ari diren unean, “mobilizazio nazional” batera deitu dutelako Ikasle Abertzaleek.
• Kezka, Arizmendi ikastolaren eta, oro har, ikastola mugimenduaren balioekiko Ikasle Abertzaleek ezagutza eza agertu dutelako.
• Eta haserrea ere bai, Arizmendi ikastolarenak eta, oro har, ikastola mugimenduarenak ez diren eta beste muturrean dauden helburu eta nahiekin lotu gaituztelako.
Ulergaitza egiten zaigu IAk hartu duen jarrera, eta babes osoa adierazten diogu Arizmendi ikastolari eta bat egiten dugu afera honek bere komunitatean sortu duen egonezinarekin.
Mende erditik gorako bere ibilbidean eta eguneroko lanean, beste ikastola guztiekin batera, Ikastola Eredua sortzen, garatzen eta indartzen Arizmendi ikastolak egin duen eta egiten ari den ekarpena funtsezkoa da. Guztion lanari eta auzolanari esker garatu dugu geure eredua, Euskal Herrirako eredua.
• Ikastola Eredua euskalduna da; euskara eta euskal kultura, Euskal Curriculuma dugu oinarri eta ardatz.
• Ikastola Eredua herritarra da; herri ekimenaren bitartez sortu ziren ikastolak, herritik eta herriarentzat, eta herritarrengandik eta herriarengandik hurbilen dagoen erakundetze mota dugu: kooperatibak gara.
• Ikastola Ereduak hezkuntza eredu propioa dauka; berri eta berritzailea. Ikasleak, ikasle bakoitza eta ikasle guztiak, ditugu gure ereduaren erdigunean. Pertsona buru askeak heztea dugu helburu, beren burua eta ingurua ezagutzeko eta bizitzan zehar izango dituzten erronkei eta arazoei irtenbide egokiak bilatzeko tresnak eta baliabideak emanez.
• Eta Ikastola Eredua eraldatzailea da; hezkuntza eraldatzen ari gara. Hezkuntza eraldatu, gizartea eraldatzeko, eta gizarte justuago, parekideago, euskaldunago eta zoriontsuago bat eraikitzeko. Hori baita gure seme-alabentzat nahi duguna. Guk ezagutu duguna baino Euskal Herri hobe batean bizi daitezen lortzea.
Horiek dira gure balioak, horiek osatzen dute Ikastola Eredua, eta beti defendituko ditugu, orain arte bezala, horien aurka altxatzen direnak altxatzen direla.