Larunbat honetan jokatuko da Eskolartekoaren final handia
Herrialdeetako txapelketak amaituta, Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa jokatuko da larunbat honetan Hernaniko Ereñozu udal-auzoan. Txirritaren heriotzaren 80. Urtemugaren biharamunean jokatuko da, eta horregatik aukeratu da finaleko jokalekutzat bertsolari handiaren sorlekua. Txirritaren heriotzaren urteurrenaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Ereñozun, eta Eskolartekoaren finala ere horren baitan kokatu dute.
Aurten guztira 15-18 urteko 88 gaztetxo aritu dira kantuan lurraldeetako txapelketetan, eta horietatik 12 bertsolarik hartuko dute parte Ereñozuko finalean, lurraldeetakoetan txapeldun eta txapeldunorde geratu direnak: Arabatik, Aroa Arrizubieta eta Peru Amorrortu; Bizkaitik, Txaber Altube eta Unai Mendiburu; Gipuzkoatik, Beñat Mujika eta Aizpea Garmendia; Lapurditik, Kerman Diaz eta Nahia Sasco; Nafarroa Beheretik, Elixabet Etxandi eta Oier Urreizti; eta Nafarroa Garaitik, Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi.
Bertsolariek egin beharreko lana hauxe izango da: hasierako agurreko bertsoa, binaka ofizioko gaian zortziko txikian, eta beste horrenbeste zortziko nagusian. Puntuaketan gorenen geratuko diren seiren artean jokatuko dute txapela, gaia emanda bakarka jardunez. Azken agurreko bertsoa ere kantatuko dute bertsolari gazteek.
Maite Berriozabalek jarriko ditu gaiak eta aurkeztuko du saioa, eta herrialde bakoitzeko epaile bana izango da. Txapela Alaia Martinek jarriko dio irabazleari. Finaleko sari nagusia Gabonetako oporraldietan egingo den Ahots Baten sormen egonaldia izango dute parte-hartzaileek.
Eskolartekoaren finala ez da izango, ordea, eguneko ekitaldi bakarra. 14:00etan bazkaria eskainiko da Larre-gain sagardotegian.Bazkalondoan, Eli Pagola eta Agin Laburu bertsolariak librean ariko dira kupelen artean. Erromeri emanaldi berezi bat izango da ondoren, Xabier Solano, Jon Mari Beasain, Sergio Ordoñez eta Harkaitz Bastarrikaren eskutik.
Eskolartekoa Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dute elkarlanean. Gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea eta zaletzea da Eskolartekoaren helburua, eta, era berean, bertsoaren bidez ikastoletan euskara eta euskal kultura sustatzea. Euskal Herriko finala antolatu ahal izateko beren laguntza eskaini duten erakundeak hauexek izan dira: Ereñotzuko auzo-udala, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK), Bizkaiko Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Saila.