Irakasleak portagonista, Ikastolen XXIII. Jardunaldi Pedagogikoetan

Irakaslearen lana eta lan horren garrantzia erakutsi du, gaur, Ikastolen XXIII. Jardunaldi Pedagogikoen bigarren lan jardunak. Gasteizko Goiuri jauregian egin da, 200 irakasle eta hezitzaile baino gehiago bildu dituen ekitaldian. Santiago Moll, Enrike Zuazua eta Irene Larraza izan dira hizlari gonbidatuak, eta euren esperientzien berri eman dute, berriz, Jakintza, Axular Lizeoa, Lizarra eta Ikasberri ikastoletako ordezkariek.

Egun beteko lan jarduna izan dute Goiuri jauregira hurbildutako irakasle eta hezitzaileek, irakaslea eta haren egitekoa ardatz izan diren lan jardunean. Berrehun lagunetik gora bildu dira Ikastolen XXIII. Jardunaldi Pedagogikoen bigarren lan jardun honetan.

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Arantza Aurrekoetxeak hartu dute sarrerako hitza eta biek goraipatu dute irakaslearen figura. Tellituk, aitortza ere egin die ikastoletako irakasleei.

Zergatik da hain funtsezkoa irakasleen jarduna? Zer behar du irakasle on batek bere ahalmen guztiak garatzeko? Irakaslearen lana eta bere garrantzia erakustea izan du xede aurtengo jardunaldi pedagogikoen bigarren lan jardun honek.

Lehenbiziko jardunaldian eskola jazarpena eta Kiva programa jorratu baziren, aurtengo jardunaldien bigarren lan jarduna irakaslearen figuraren inguruan ardaztuko da. Irakaslea ahalduntzea xede. Ahaldundu, bere egitekoa hobeto egiteko.

Ohi bezala, gaian aditu diren pertsonak euren esperientziak kontatzeko gonbidatu dira jardunaldi honetara. Horietako bat  izan da Santiago Moll, irakasle eta irakasle prestatzailea eta hezkuntza gaietako blogari ezaguna. Mollek Lidergoa ikasgelan izeneko hitzaldia eman du goizean, eta arratsean, berriz, tailer bat eman du denboraren kudeaketari buruz.

Hezkuntza, Mollen arabera, Egitearen Eskolaren eta Izatearen Eskolaren arteko oreka da. Lehenengoa curriculumean dago oinarritua, bigarrengoak lehentasuna ematen die sormenari, berrikuntzari, talentuari eta konpetentzia emozionalei. Oreka hori ikasgelan ezartzeko hainbat bide azaldu ditu. Mollen esanetan, Egitearen eskolaren eta Izatearen eskolaren arteko oreka egungo erronka handienetakoa da hezkuntza mailan; “Nik neuk eta beste irakasle askok egunero gelan aurre egin behar diogun erronka nagusietakoa da” esan du. “Gela hori, eta maiz ahazten dugu hau, edukiz eta prozeduraz gain pertsonez eta emozioez ere betea dago”.

Izatearen eskolak, irakaslearen arabera, aukera bat eskaintzen digu arreta, inoiz baino gehiago, ikasleengan jartzeko; euren alboan egonez, euren eguneroko jardunean, euren lorpenetan, euren porrotetan akonpainatuz, problemak euren kabuz sormena erabiliz askatzen lagunduz, eta euren abilitateak, euren talentua deskubrituz eta indartuz.

Nola lortzen den hori? Metodologia berriak erabiliz lortzen da; esaterako ikaskuntza kooperatiboa erabiliz edota problemetan oinarritutako ikaskuntza erabiliz.

Enrike Zuazuak berriz, Irakasten ikasten hitzaldia eskainiko du. Zuazua matematikari ezaguna da, eta katedraduna Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Irakasten eta ikasten, prozesua amaigabea dela esan du, irakaslea irakasten ari den neurrian ikasten ere ari delako. Irakaslea eta ikaslea binonomioaz mintzatu da, eta bien arteko “baso komunikanteei” buruz. “Irakasten eta ikertzen dugun neurrian ikasti egiten dugu, eta irakasteko ikasi ere. Ume eta gazteei ikasten erakusten diegu. Irakasleak ikaslea mugak gainditzera bultzatzen du, ikasle bakoitza izaki bakarra dela aintzat hartuta”.

Zuazua ez da irakaslearen paperari buruz bakarrik mintzatu. Aitzitik, hezkuntza sistemari buruz, balioez, eta hezkuntzak gizartean duen paperaz ere aritu da. Eta sutsu defenditu du, hezkuntza gobernu guztien lehentasuna izan behar duela. “Hezkuntzarekin batera beste lehentasun batzuk ere izan ditzakete gobernuek, baina lehentasun bakarra izan behar badu, hori hezkuntza da”, esan du.

Irakaslea eta ikastola, bien arteko loturari buruz arituko da, berriz, Irene Larraza, Tolosako Laskorain ikastolako lehendakari gisa. Komunikatzailea da Larraza, Etxepare Institutuko Komunikazio arduraduna da bera. Baina gaur Laskorain ikastolako lehendakari gisa, guraso gisa, ikastolan bizi duen esperientziari buruz mintzatzera joan da ikastolen jardunaldira. “Guraso ikusezin baten aitormena” zen haren hitzaldiaren izenburua. Aitormen bat baino gehiago egini ditu, umorez egin ere, ikastolan hasi berri den guraso gisa. Eta irakasleen lana goraipatu eta aitortu du, onartuta, guraso gisa, askotan ez zaiela egin. Aitorpena eta animoa eman ere bai, egun egiten ari diren bidean, prestakuntzarena, bide berriak urratzearena, aurrera egin dezaten.

Hiru hitzaldi horiez gain, praktika on eta tailer gehiago ere egon dira. Enprendizaia edo ekintzailetasunaren inguruan hainbat ikastolaren esperientziak ezagutu dituzte parte hartzaileek. Zehazki, Ikasberri, Axular Lizeoa eta Lizarrako ikastolena. Bakarkako tutoretzari buruzko esperientzia kontatu dute, berriz, Ordiziako Jakintza ikastolako ordezkariek.

 

Santiago Moll
Enrike Zuazua
Irene Larraza
Ikastolen XXIII. Jardunaldi Pedagogikoak