Hasi dira Ikastolen XXII. Jardunaldi Pedagogikoak

 

Gaur goizean hasi dira, Gasteizko Goiuri Jauregian, Ikastolen XXII. Jardunaldi Pedagogikoak. Hobeak izateko habeak goiburuarekin konpetentzietan oinarritutako curriculuma, ebaluazioa eta aniztasunaren trataera dira aurtengo gaiak.

Jardunaldion hasiera ekitaldia Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek eman diote. Sarrera hitzaldian, EHIko lehendakariak nabarmendu du jardunaldiok Ikastolek irakasleen prestakuntzari ematen dioten garrantziaren isla direla, eta prestakuntza gakotzat jarri du bereziki orain, ikastolek pedagogia paradigma berrira jauzi egin dutenean: “Beti eduki behar dugu presente  ikaskuntzan arrakasta izateko irakaslearen jardunaren kalitateak duen garrantzia; Etengabe hobetzen joateko, etengabe prestatzen joan behar delako”.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua bertan zela, Hezkuntzak uneotan dituen erronkak azaldu ditu eta erronka horiei erantzuteko Jaurlaritzak dituen eginkizuna eta lidergoa aipatu ditu:

“Konpetentzietan oinarritzen den euskal curriculumaren planteamenduarekiko identifikazioa behin eta berriz aldarrikatu dugu ikastolok. Hala ere, planteamendua aurrera eramateko plangintza baten beharra sumatzen dugu, potentzialtasunez beteriko aukera hau geletara iritsi dadin”, esan du.

“Aldi berean, aldaketak sustatu eta egonkortze aldera, ezin dugu ahaztu lege-aldaketak ere beharrezko osagai direla. Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propioaren bidean hezkuntza lege berria osatzea premiazkoa baita” gaineratu du.

“Bi zeregin hauetan Hezkuntza Sailaren eginkizuna eta lidergoa ezinbestekoak dira. Hezkuntza Sailarekin batera, gainontzeko eragileen jarduna, besteak beste, hezkuntza eragileena. Elkarlanean, adostasunak lantzen. Urteetako etorkizuna jokoan egon daiteke, eta ezin dugu hutsik egin. Adorez, determinazioz, batasunez eta adostasunez, hezkuntza lege berriari ekiteko unea iritsi da. Ez genuke ulertuko aukera hau alferrik galtzen uztea”, amaitu du.

 

Hemen EHIko lehendakari Koldo Tellituren hitzaldia:

XXII. JARDUNALDI PEDAGOGIKOAK

EHIko lehendakari Koldo Tellituren hitz-hartzea

Egun on, eta ongietorri, beste behin, Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoetara. Hogeita bigarren aldia dugu honako hau, eta horrexek erakusten du jardunaldioi ematen diegun garrantzia. Jardunaldi pedagogikoak gure irakasleriaren prestakuntzaren klabean egiten ditugu, prestakuntza gakoa baita kalitatezko hezkuntza eskaini eta emateko.

Eta ikastoletan garrantzia itzela ematen diogu prestakuntzari. Izan ere, Hezkuntza munduan egun bizi ditugun moduko garai amultsuetan izan, zein garai lasaiagoetan, ezin dugu iparra galdu. Aitzitik, beti eduki behar dugu presente  ikaskuntzan arrakasta izateko irakaslearen jardunaren kalitateak duen garrantzia. Etengabe hobetzen joateko, etengabe prestatzen joan behar delako.

Hobeak izateko habeak dute goiburutzat aurtengo jardunaldiek. Habe horiek aztertuko dira jardunaldiotan, ikastolen curriculumetik hasita, ebaluazioa eta aniztasunaren trataera jorratuko dira.

Denok ezagutzen dugun bezala, Curriculum aldaketara garamatzan prozesuan murgildurik gaude. Curriculum berrien ezarpena eta garapena hobekuntzarako aukera eta tresna izaten dira. Ikastoletan behintzat honelaxe baliatu nahi izan ditugu.

Bestalde, erronkak ere baditu, noski, pedagogia berrira egokitu behar delako, molde zaharrak albo batera utzi eta berriei eutsi behar izan zaizkielako, eta horrek denbora, prestakuntza eta ikuspegi berri bat eskatzen dituelako ikaste prozesuan, irakastekoan eta ebaluatzeko orduan.

Ebaluazioa izango da, beraz, jardunaldiotako bigarren habea. Ebaluazioak erakusten baitigu ikaslearen helburuekiko bilakaera, irakasleak ongi ari diren eta beste hainbat faktore. Ikas-irakasteko molde berriaz ari bagara, ebaluatzeko ere molde berriak behar ditugu, eta ari gara. Baina alor honetan ere hobekuntzan sakondu behar dugu. Jardunaldiotan xede horren bila ere arituko gara.

Hobekuntzaz bezala, bikaintasunaz ere askotan ari gara hitz egiten. Ikastolok bikaintasuna ulertzeko modu bakarra dugu: ikasle guztien eta bakoitzaren hobekuntza da guretzat bikaintasuna. Eskola eredu integratu, integratzaile eta inklusiboa nahi dugu. Horrek, ezinbestean, aniztasunaren trataera dakarkigu mahai gainera. Ikasle bakoitzaren gaitasunak indartu eta bultzatzen dituen curriculuma landu eta garatu dugu. Testuinguru honetan, beraz, nahitaezkoa da aniztasunaren irakurketa berri bat egitea. Hori da, hain zuzen ere, jardunaldiotan aztertuko dugun hirugarren habea.

Hiru habe horiez gainera, hausnarketa bat gehiago egin nahi dugu jardunaldiotan, XXI. mendeko hezkuntzari egin beharreko galderez eta erantzunez. Jardunaldiotako itxiera gisa landuko dugu gai hau, Daniel Innerarity pentsalariaren bitartez.

Bi egun ditugu hori dena aurrera eramateko. Hori dena, eta ahaztu gabe ikastolon sarean egiten ari garena elkarri ezagutarazteko aukera ere eskaintzen digutela jardunaldiok, bai praktika onen aurkezpenen bitartez, bai tailerren bitartez.

Aukeraz eta erronkaz beteriko garaian gaude. Horregatik ez nuke nire jarduna amaitu nahi, ikastoletatik harago, inguru hurbileko hezkuntza-arloan, antzematen ditugun bi zeregin aipatu gabe:

  • Konpetentzietan oinarritzen den euskal curriculumaren planteamenduarekiko identifikazioa behin eta berriz aldarrikatu dugu ikastolok. Hala ere, planteamendua aurrera eramateko plangintza baten beharra sumatzen dugu, potentzialtasunez beteriko aukera hau geletara iritsi dadin.
  • Aldi berean, aldaketak sustatu eta egonkortze aldera, ezin dugu ahaztu lege-aldaketak ere beharrezko osagai direla. Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propioaren bidean hezkuntza lege berria osatzea premiazkoa baita.

Bi zeregin hauetan Hezkuntza Sailaren eginkizuna eta lidergoa ezinbestekoak dira. Hezkuntza Sailarekin batera, gainontzeko eragileen jarduna, besteak beste, hezkuntza eragileena. Elkarlanean, adostasunak lantzen. Urteetako etorkizuna jokoan egon daiteke, eta ezin dugu hutsik egin. Adorez, determinazioz, batasunez eta adostasunez, hezkuntza lege berriari ekiteko unea iritsi da. Ez genuke ulertuko aukera hau alferrik galtzen uztea.

Ez naiz gehiago luzatuko. Jardunaldi Pedagogiko hauetan murgiltzera gonbidatzen zaituztet, adituen ekarpenak adi entzutera, praktika onak eta tailerrak dastatzera. Ondorio eta emaitza argigarriak atera itzazue, eta praktikara eraman zuen ikastoletan.

Mila esker guztioi.

 

Ikastolen XXII. Jardunaldi Pedagogikoak
Ikastolen XXII. Jardunaldi Pedagogikoak