EHIk bat egin du larunbat honetako kalejirekin

Ikastolen Elkarteak bat egin du Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean ‘Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez! Inposaketei ez!’ lelopean larunbat honetarako (urriak 11) antolatu diren kalejirekin, eta dei egiten die ikastolen komunitateari, hezkuntza eragileei eta, oro har, gizarte osoari deialdi horietan parte hartzera.

Behin eta berriro agertu gara hezkuntza eragileok LOMCEren aurka. Legea izateko bidea urratzen hasi zenetik dihardugu, eta, orain, dagoeneko lege dela eta zenbait puntu indarrean dituela, herri gisa erantzun sendoak emateko premia biderkatu egin dela deritzogu, bai legearen aurka azaltzeko, eta baita lege hori hemen aplikatu ez dadin neurri eraginkorrak eskatzeko ere.

Baina harago joan behar dugula ere argi daukagu. Kontua ez baita LOMCE eta horren antzeko mehatxuei aurre egitea bakarrik, horrek LOMCEren aurreko eskenatokira itzultzea ekarriko bailiguke; baizik eta halakoen aurka eta Espainiatik nahiz Frantziatik letorkigukeen ezein inposaketaren aurka defenditu ahal izateko hezkuntza sistema propiorantz urratsak egitea.

Ikastolok argi daukagu: bide propioa jorratu beharra daukagu, euskal gizartearen eta hezkuntza sistemaren kohesioa nahi dugu, ikuspegi integrala bultzatu, eta ikasle eta ikastetxe guztien hezkuntza maila hobetu, horrela ulertzen baitugu bikaintasuna, kalitatez eta berdintasunez jantzia.

Egungo testuinguruan, ordea, berariazko marko normatibo bat eta Hezkuntza Legea, hezkuntza alternatiba eta aldaketa baten giltza iruditzen zaizkigu; bide propioa eta hezkuntza hobekuntzaren ezinbesteko baliabide, euskarri eta adierazpen garbiak.

 

Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluaren Izenean

Koldo Tellitu Mejia

EHIko lehendakaria

Etiketak: