Ikastolen Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia

Ehun urte dira Miguel Muñoak Donostian Euskal Ikastetxea ireki zuela. Ikastetxe hori da lehenbiziko ikastolatzat  jo daitekeena, eta haren inguruan egin da aurten Ikastolen 2014-15 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia.

Ekitaldian atzera, orainera eta etorkizunera begira jarri dira, eta ehun urteko errepasoa egin zaio ikastolen ibilbideari.

Hala, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk ikastolek urteotan egindako ekarpenak zerrendatu ditu: euskal irakaskuntzan D eta murgiltze ereduen balioa frogatu izana, ikas-materialgintzan ikastolek izandako aitzindaritza, Hizkuntza proiektua eta eleaniztasun programak, Eukal Curriculumean izandako aitzindiaritza…

Urteotan ikastolek oztopo ugari eduki dituztela oroitarazi du Tellituk, baina aurrera egiten jakin dutela. Egun ere oztopo  handiak dituzte hainbat ikastolak (Seaskakoek, Ziburuko ikastolaren afera bereziki, Nafarroako  “eremu ez euskaldunean” diren ikastolek, Argantzungo ikastolak…), eta ikastolen babesa eta laguntzaz gainera, herritarrena eta erakundeena ere behar dutela azaldu du.

LOMCE dagoeneko legea dela oroitarazi du, eta hura ez aplikatzeko bideak urratzen eta herri bezala erantzuten jarraitu beharra dagoela azpimarratu du. Baina era berean, LOMCE ez aplikatzearen ondorioz egungo estatusari eutsi beharrean, harago joan eta bide propioa jorratu behar dela nabarmendu du.

Hezkuntza Legea

Ildo horretan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege bat egiteko aukera dagoen honetan, hor kokatu du hezkuntza eredu propiorantz urratsak egiteko bidea: “Hezkuntza, zerbitzu publiko gisa harturik, sare publiko eta itunpekoen arteko dikotomia hautsi eta berdintasunez tratatuko dituzten lege oso bat behar dugu, ikastetxe guztien eskubideak eta betebeharrak finkatuz. Guk hori planteatu nahi dugu, nahiz eta beste puntu askotan ados egon arren gai hau mahai gainean jartzen dugunean eragile batek baino gehiagok ihes egiten duten. Gure ustez, ordea, ezinezkoa izango da gure hezkuntza sistema propioaren ardatzak definitzea, ez badugu aurretiaz definitzen zein izango den nahi dugun sistema publikoa, edota zertan oinarrituko den hezkuntzaren finantziazio eredu berria”.  

Hitza hartu dute, era berean, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok eta Andoaingo alkate Ane Carrerek.

Ekitaldi instituzionalaz gainera, Miguel Muñoa eta hark irekitako Euskal Ikastetxea omendu dituzte ikastolek. Horretarako, berariaz prestatutako erreportaje bat eman dute eta ondoren Muñoa familiari oroigarri bat eta loreak oparitu zaizkie ikastolen esker onaren adierazgarri. Joxe Mari eta Joxe Miguel Muñoak jaso dituzte oroigarriak, eta oholtza gainetik eskertu dute euren osaba zenari eta hark irekitako ikastolari egindako ezagutza.

Askotariko ordezkaritza

Ikastolako komunitateko lurralde guztietako kideak hurreratu dira Andoainera , eta bertaratutako ordezkaritza zabala eta askotarikoa  ere nabarmentzekoa izan da ikasturte hasiera ekitaldi honetan.  Erakunde publikoen aldetik Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta hainbat sailburuorde, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, Andoaingo alkate Ane Carrere… Eusko Legbiltzarreko hainbat hautetsi ere izan dira, baita Espainiako Gorteetako euskal hautetsi zenbait ere. Alderdi politikoetako ordezkari ugari ere izan dira, berdin sindikatuetako eta euskalgintzakoetatik ere. Kristau Eskolako, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariak ere bertaratu dira.

Une hunkigarriak

Une hunkigarri eta ikusgarriak ere izan dira ikasturte hasiera ekitaldi honetan. Horietako bat izan da Bernat Etxepare Lizeoko ikasleak ‘Ikastola rap’ abestia kantatzen ari ziren unean Ziburuko ikastolako komunitatea oholtzan agertu denean. Era berean, txalo ugari jaso dituzte ‘Miguel Muñoa eta Euskal Ikastetxea’ erreportajeak, eta ondoren egin den omenaldi ekitaldiak. Zer esanik ez, Jaso Ikastolako DBHko ikasleek eskaini duten ‘Iki-milikili-klik’ musikalaren zatiak.

Izan ere, iaz bezala, aurten ere ikastoletako ikasleak izan dira protagonista ekitaldi guztian. Bernat Etxepare Lizeokoek kantaturiko rapa, Jaso ikastolakoek eginiko kantak, Armentiako ikastolakoek dantzaturiko agurra, erreportajeko Zurriola ikastolako ikasleak… eta, nola ez, ekitaldia aurkezteko erantzukizuna hartu duten Ibaizabal ikastolako bi ikasleak, euren freskotasunarekin, umorearekin eta taula gainean erakutsitako espontaneitatearekin ikus-entzuleak poltsikoratu dituzte.

 

EHIko lehendakariaren hitzaldia

Lehendakari jauna, ahaldun nagusia, Eusko Legebiltzarreko lehendakari anderea, sailburu anderea, alkate anderea… agintariok, ordezkari politikook, sindikatuetakoak, euskalgintzakoak, hezkuntzako ordezkariok eta ikastolakide agurgarriok,  egun on eta ongi etorri guztiok.

Ikasturte Hasiera Ekitaldi berezia dugu aurtengoa. Arrazoi askorengatik, baina bereziki batengatik. Lehenbiziko ikastolatzat dugunaren sorreraren mendeurrena ospatzen dugu. Ehun urte dira Miguel Muñoak Euskal Ikastetxea ireki zuela. Eta ikastetxea ireki zuen, hain zuen ere, Espainia hezkuntza erabiltzen ari zenean gure hizkuntza eta kultura desagerrarazteko bitarteko nagusi gisa; ikasgelan euskaraz mintzatzeagatik haurrek zigorra jasotzen zuten urteak ziren.

Abertzalea eta euskaltzalea zen Muñoa. Eta bere ondasunak, ondasunen zati handi bat bederen, Donostiako haur euskaldunen hezkuntzarako erabili zituen, bereizketarik egin gabe, doan. Hezkuntza euskalduntzen aitzindari, lehenbiziko ikasmaterialak ere ekoitzi zituzten Euskal Ikastetxean, eta eskolatik kanpo ere haurrak euskaraz mintza zitezen euskarazko aisialdi programak ere eraman zituzten aurrera. Horrenbestekoa izan zen bere proiektuaren arrakasta, haziz eta haziz joan zela, eta haren ereduari jarraituz beste hainbat ikastola sortu ziren Euskal Herrian.

Espainiako gerrak eta frankismoak indarrez itxi zituzten orduko ikastola guztiak, baita Muñoarena ere. Frankismoaren urteetan loratu ziren berriro ikastolak, eta gerra aurreko eta ondorengo ikastolen zubigile lanetan aritu ziren pertsonetako bat Muñoaren Euskal Ikastetxean hamar urtez lan egindako andereño bat izan zen: Elbira Zipitria.

Ehun urteotan ikastolen bilakaera handia izan da. Euskara eta euskal kultura hezkuntzara eramanez herri euskalduna ziurtatzea zuten hastapeneko helburua. Eta helburu hori albo batera utzi gabe, aitzitik ipar-orratz gisa hartuta, ikas-materialgintzan, pedagogian, herrigintzan sakonduz eta erreferente bilakatuz joan gara.

Eta frogatu dugu euskal irakaskuntza posible dela, posible direla D eta murgiltze ereduak. Ia hutsetik hasi behar izan genuen euskarazko ikas-materialak ekoizten, baina hasieratik garbi edukita aitzindari izateaz gainera kalitatea eskaini behar genuela. Hor dira emaitzak; gaur egun Europa mailan ere aitzindari gara. Leku askotatik etortzen zaizkigu gure eredua ezagutzera, baita Japoniatik ere! Eta hori Ikastolen Etxeko lan talde bikainari esker, eta haien sostengu eta batzuetan akuilu ere den ikastoletako giza-kapital handiari esker; 4.500 irakasleri esker. Eta zer esanik ez, ikastolako komunitate osoari, eta bereziki gurasoei esker.

Gauza bera esan dezakegu gure Hizkuntza proiektuari eta eleaniztasun planteamenduari buruz ere. Aitzindari izateaz gainera, eredu gara. Eta harrokeriarik gabe diogu hau guztia, baina harrotasun handiz.

Herri honetan denok ikusten genuen Euskal Curriculumaren premia, baina geu izan gara haren bultzatzaile eta akuilu, eta Euskal Curriculumaren garapena hartu dugu bizkar gainean. Urte hauetan guztietan eredu propioarekin, guk gure hezkuntza landu dugu, lantzen dugu eta landuko dugu.

Ez oztopo eta eragozpenik gabe; hori badakigu. Ehun urte daramagu hesiak gainditu behar honetan. Ekitaldiaren hasieran, Ziburuko ikastolako eskola-komunitatea agertu zaigu. Ipar Euskal herrian ikastolak errotu, sendotu eta garatzeko traba, eragozpen eta zailtasun ugari ditugu; ofizialtasun gabeziatik hasita, baina baita bestelako lege babesik ezaren ondorioz.

Esan dugu azken urteotan ikastolon zeregin nagusia euskal curriculuma garatzea eta hura errotzea dugula, baina euskararen herri zatitu eta asimetriko honetan, ipar-orratz ditugun euskara eta euskal kultura garatzeko eginkizun lehena dugu oraindik hainbat tokitan. Une honetan Seaska da euskalduntzearen motorra Ipar Euskal Herrian, eta motor hori ezin da matxuratu.

Berdin Nafarroan ere. Hango euskararen zonifikazio politika krudelak hegoaldeko euskaldunak eta euskaldundu nahi dutenak itotzen ditu. Han ditugun ikastolak itolarrian daude, estututa. Horiekin batera dugu, baita ere, Argantzungo ikastola. Horiek denak, eguneroko lanaren ekinez ari dira ateratzen aurrera, baina gu guztion beharra daukate.

Eta zaudete ziur, ez zaizuela faltako Euskal Herriko ikastola guztien, Ikastolen Elkartearen babesa, elkartasuna eta laguntza. Dei egiten diegu herritarrei eta erakundeei bat egin dezaten ikastolen garapena eragozten duten eraso hauen aurka. Ikastolen Elkartean biltzen garen ikastolen eta euskal herritarren elkartasunaz gain, euskal erakundeen konplizitatea eta laguntza ere behar baitute.

Eta LOMCE. Nola ahaztu gai hau, iaz mehatxu zena gaur egun lege bihurtuta? LOMCEren aplikazioa saihesteko bideak urratu beharraz hitz egin dugu eta herri bezala aurre egin behar zaiola argi dugu. Baina LOMCE ez aplikatze soilak zer ekarriko digu, hezkuntzan orain dugun statusa mantentzea? Ez, gure erantzunak, denon erantzunak harago eraman behar gaitu. Guk aspaldi esan dugu bide propioa jorratu beharra daukagula, euskal gizartearen eta hezkuntza sistemaren kohesioa nahi dugula, ikuspegi integrala bultzatu, eta ikasle eta ikastetxe guztien hezkuntza maila hobetu, horrela ulertzen baitugu bikaintasuna, kalitatez eta berdintasunez jantzia.

Nazioarteko erreferentzia egokiak aztertu, haiengandik ikasi, orain arte pilatutako esperientzia baliatu eta gure errealitateari eta izaerari egokituko zaien berariazko hezkuntza-erantzuna eratuz joan beharko genuke. Hori iruditzen zaigu guri bide egokia. Horregatik ez dugu begi onez ikusten “Balio sozial eta zibikoen eremuari buruz” Hezkuntza Sailak harturiko bidea. Laster atera behar diren Curriculum-dekretu berrien markoan berariazko erantzuna eman beharrean, LOMCEren garapena besterik gabe aplikatzea proposatu du atal honetan.

Egungo testuinguruan, ordea, berariazko marko normatibo bat eta Hezkuntza Legea, hezkuntza alternatiba eta aldaketa baten giltza iruditzen zaizkigu; bide propioa eta hezkuntza hobekuntzaren ezinbesteko baliabide, euskarri eta adierazpen garbiak.  Heziberri 2020 egitasmoa baliagarri izan liteke horretarako, curriculum markoa, hura arautzeko dekretuak eta Hezkuntza Legea barne biltzen baititu. Ez da Euskal Herri osorako, baina bada Hezkuntza Lege propio baterantz joateko urratsa, baldin eta —eta iaz ere esan genuen— bere osotasunean garatzen bada.

Mahai gainean ditugun gai hauek guztiek eskenatoki berri batera eramango gaituzte epe laburrean, eta hezkuntza gaiek eta haien eztabaidak lehentasuna har dezakete gure gizartean.

Azken ikasturtean urrats esanguratsuak egin baditugu ere, aurtengo erronkak ez dira nolanahikoak izango.  Horregatik, testuinguru hori izanik, batzuetan ez ditugu ulertzen eguneroko kudeaketan hartzen diren erabaki batzuk. Gaurkoan ez dugu gai zehatzetara joko, baina garbi esan behar dugu agertzen diren zailtasunak gainditu egin behar direla, ezin direla eragozpen bihurtu.

Bi hilabete barru, azaroan, Ikastolen Elkarteak sinposium bat egingo du hezkuntza sistemaz, legeaz eta haren definizioaz.  Ikastolakideok,  gonbidatuta zaudete bertaratzera, baita zuek ere, hezkuntza eragileok, gizarte eragileok, politikariok eta ordezkari eta agintariok ere.

Hezkuntza, zerbitzu publiko gisa harturik, sare publiko eta itunpekoen arteko dikotomia hautsi eta berdintasunez tratatuko dituzten lege oso bat behar dugu, ikastetxe guztien eskubideak eta betebeharrak finkatuz. Guk hori planteatu nahi dugu, nahiz eta beste puntu askotan ados egon arren gai hau mahai gainean jartzen dugunean eragile batek baino gehiagok ihes egiten duten. Gure ustez, ordea, ezinezkoa izango da gure hezkuntza sistema propioaren ardatzak definitzea, ez badugu aurretiaz definitzen zein izango den nahi dugun sistema publikoa, edota zertan oinarrituko den hezkuntzaren finantziazio eredu berria.

Beti bezala, berriz ere elkarlana eta adostasun-bideak ari gara eskaintzen. Hala ere, eskaintza honi ñabardura bat erantsi nahi diogu, elkarlana eta adostasuna batez ere tresnak baitira, ez helburu. Gaur egun gure hezkuntza sistemaren oinarrizko edukiaren eztabaidari heldu behar diogu. Gure aldetik, horren edukia garbi utzi dugu, oraingoan ere adierazi dugu. Beste eragile batzuek, agian, beste lehentasun batzuk adieraziko dituzte. Partaidetzazko prozedura, ezbairik gabe, zaindu beharko da, baina edukiaren eztabaidari heltzeko unea iritsia delakoan gaude.

Hitzaldi honetan LOMCE, Heziberri, curriculum dekretuak, Hezkuntza Legea sarri aipatu ditugu, akaso gehiegitan. Baina ez dugu ahaztu behar ikastolon ekarpenak, berrikuntza eta eraldaketarako proposamenak eguneroko lanean oinarritzen direla eta, izatekotan, zentzua dutela geletara iristen direnean, ikas-irakas prozesuekin bat egiten dutenean.

Horregatik, LOMCE, Heziberri, curriculum-dekretuak eta Hezkuntza Legea oso gai inportanteak izanik ere, horren guztiaren gainetik daude ikasleen heziketa, ikastoletako irakasleen lana, familien konpromisoa eta ikastola bakoitzaren proiektuaren garapena. Horiexetan tinko diraugu eta horiexek baliatuko ditugu erronkei erantzuteko eta aukerak aprobetxatzeko. Erraztasunik ez digu inork emango. Krisialdian egonik, aitzakia ederra beste lehentasun agian itxurosoagoak azaltzeko. Baina idazle batek idatzirik duen bezala, “utz dezagun ezkortasuna garai hobeetarako!!”

Etiketak: