Pertsona ereduan sakontzen: erabakitzaile-ekintzailea eta barne sendotasuna duena
Iragan berri dira Ikastolen 28. Jardunaldi Pedagogikoak. Azaroaren 21ean eta 22an egin dira. Bi egun izan dira Ikastolen Hezkuntza Markoan deskribatzen dugun pertsona ereduan sakontzeko. Zehazki, pertsona eredu horren bi bereizgarritan, eta haien ezaugarrietan: erabakitzaile-ekintzailea eta barne sendotasuna duena ezaugarrietan, hain zuzen ere.
Bi ezaugarri hauek mamitzeko, Ikastolen Elkarteko arduradunek hartu dute hitza, Zigor Ibarzabal Hezkuntza arduradunak erabakitzaile-ekintzaile ezaugarriaren txandan, eta Amaia Ayerra Haur eta Lehen Hezkuntzako arduradunak, barne sendotasuna duena ezaugarriarenean.
Kanpo begirada ere jarri nahi izan dugu jardunaldiotan, eta horrela, Carlos Magro eta Iñigo Martinez Peña izan ditugu lehenbiziko egunean, eta Arantzazu Loidi eta Maitane Ormazabal, bigarrengoan.
Guztiei planteatu diegu galdera hau: Zeintzuk dira hezkuntza sistemaren egungo erronkak? Bideo honetan erantzunak.
Carlos Magrori eta Iñigo Martinezi galdera hau paratu diegu: Nolakoa da erabakitzaile-ekintzailetasuna kontzienteki lantzen duen ikastola? Honatx beren erantzunak.
Arantzazu Loidiri eta Maitane Ormazabali, berri, hauxe galdetu diegu: Nolakoa da barne sendotasuna kontzienteki lantzen duen ikastola?
Zientzia Fisikoetan lizentziatua da Carlos Magro, Madrilgo Unibertsitate Complutense-an, eta Geografia eta Historian lizentziatua Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Hezkuntza Irekia elkarteko presidentea ere bada. Hezkuntzan aholkulari independente gisa lan egiten du, hezkuntza berrikuntzaren, hezkuntza teknologiaren eta hezkuntzako politika publikoen esparruetan. Ziurgabetasunerako heztea: zer egin jakitea, zer egin ez dakigunean, izan da berak emandako hitzaldiaren izenburua.
Iñigo Martinez Filosofian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Batxilergoko Filosofia eta Psikologia irakaslea da, Loiuko Lauro ikastolan 2000. urtetik. Filosofia eta pentsamendu kritikoa gizarteratzeko lanean dabilen Agora Filosofia Elkarteko kidea ere bada. Filosofiaren defentsak liburuaren koordinatzailea eta Mandamentu hipermodernoak. Egungo inertziak zalantzan jartzen eta Pantailen Garaipena: Begiradaren totalitarismoaren aurka liburuen egilea da. Jardunaldietan hitzaldi hau eskaini du: Ba ote dago ikasle perfekturik? Erabakitzailea eta ekintzailea izatearen inguruko hausnarketa.
PRH Personalidad y Relaciones Humanas Formazio Eskolako psikopedagogoa da, berriz, Arantzazu Loidi. Formazioz Informazio Zientzietan Lizentziatua eta Itzultzailea da. Gazte-gaztetatik PRH eskolak proposatzen duen formazio bidea egin zuen eta 25 urte daramatza metodologia honekin pertsonei laguntzen eta formazio eskaintzen. Hezkuntzaren arloan, hainbat ikastetxetan eman ditu formazio saioak, besteak beste eta batez ere Arizmendi Ikastolan, formazio- hornitzaile eta aholkulari gisa. Hezitzaile, ikasle eta gurasoei eman die formazioa eta akonpainamendua. Bere hitzaldia: Barne sendotasuna, hezitzaileon erronka.
Psikoterapeuta da Maitane Ormazabal. Psikoterapia Laburrean espezializatua. Duela urte batzuetatik dihardu psikologiaren munduan, terapia, formazio, dibulgazio eta komunikazio arloan. Bere hitzaldia: Barne sendotasuna, Hezkuntzaren Zutabe. Hezitzaileetatik ikasleetara