Giro paregabea Algortan, Ibilaldiaren ospakizunean
Uretan bezala, euskaran ere txonbo egitera deitu zuen San Nikolas ikastolako komunitateak eta egiazki, gaur, euskaran eta euskal kulturaren adierazpen askotarikoan murgildu dira getxoztarrak bezala, Euskal Herriko lurralde desberdinetatik etorri diren herritarrak. Eguraldi lainotsua izan arren, ez du oraingoz euririk ekarri, eta egiten duen giroak ibilbideaz eta jaiak prestatu dituen lau guneetako eskaintzaz gozatzeko aukera paregabea ematen du. Bizkaiko ikastoletako gaztetxo eta gazteak ere gogo biziz ari dira parte hartzen Erronkan.
Adin guztientzat prestatutako lehenbiziko ikuskizun eta jolasetan jendea oso ongi pasatzen ari da, eta ez da gertakari aipagarrik jazo jaiaren lehenbiziko orduetan. Normaltasuna da nagusi alor horretan; ikastolen jai guztietan nahi dugun berri ona da hori.
Goizeko hamarretan eman zaio hasiera Ibilaldiari. Hasiera ekitaldian San Nikolas ikastolako eta Ikastolen Elkarteko ordezkariek eta Getxoko Udaleko, Hezkuntza Saileko eta Bizkaikok Aldundiko ordezkariek hartu dute hitza.
Ongietorria ematearekin batera, San Nikolas ikastolako lehendakari Unai Arzubiaga ikastolaren lau oinarriak aipatu ditu: bihotza (ikastola), herria, tradizioa eta berrikuntza. Ikastolaren ibilbidea azaldu du; 1963an bederatzi familiak sortu zuten, eta egun 1.100 ikasletik gora, 700 familia aktibo eta 140 langile inguruk osatzen dute San Nikolas Ikastola kooperatiba elkartea. Euskararen transmisioa eta biziberritzea ere izan ditu hizpide ikastolako lehendakariak.
Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari Josune Bañalesek, euskararen ezagutzan eta erabileran eman diren aurrerapausoak nabarmendu ditu, eta hori, hein handi batean, ikastolei esker izan dela azpimarratu du, Euskal Herri osoan ari baitira ikastolak umeak, nerabeak eta gazteak hezten. Ikastolen xedea zein den gogorarazi du: “Ikastoletan gazte euskaldun konprometituak nahi ditugu, eraldatzaileak, ekintzaileak, arduratsuak, bihotz onekoak eta zoriontsuak. Gizarte hobea dugu jomuga eta hori lortzen ahalegintzen gara egunero”.
Ikastolen Zazpigarren Batzarra ere ekarri du Bañalesek bere hitzaldira: “Milaka guraso, irakasle, langile, ikasle eta herritar ari gara buru-belarri lanean biharko hezkuntzari, ikastolei eta Euskal Herriari ekarpena egiteko. Ekainaren 22an izango da egun nagusia eta azken hilabeteetako lan guztiaren emaitzak ikusi ahalko ditugu Iruñean”.
Arratsaldeko azken orduetara bitarteko egitaraua dauka Ibilaldiak, horretarako prestatu dituen lau guneetan. Jendea, lehen aipatu bezala, gogotsu ikusten da jaia ospatzen eta ikastolei bultzada ematen. Oraindik ordu batzuk geratzen dira aurtengo ekitaldia amaitzeko, baina dagoeneko erreleboa hartu du Galdakaoko Eguzkibegi ikastolako komunitateak, bihartik ekingo baitio heldu den urteko Ibilaldia antolatzeari. Goizean jaso dute lekukoa, San Nikolas ikastolaren eta Ibilaldia Kultur Elkartearen eskuetatik. Eguzkibegi ikastolako kideek ilusio handiz hartu dute 2025ean Ibilaldia Galdakaora eramateko eginkizuna.