Piztu Jakinmina Topaketen lehen eguna: Behaketa ikasgelan
Piztu Jakinmina Topaketak hasi ditugu gaur, Gasteizen, Europa Jauregian. Ikastoletan egiten dugun lanaren berri elkarri emateko topaketak, esperientzia arrakastatsuak ezagutaraztea helburu dutenak. Esperientzia horietan ikastolek zer egin duten, nola egin duten eta zer emaitza lortu duten eta zer ondorio atera dituzten. Elkarrekin ikasten eta elkarrengandik ikasten jarraitzeko topaketak, azken finean. Topaketa hauetan “Behaketa ikasgelan” izango dute hizpide nagusi. Topaketa hauekin ikastolon sarea indartzea, elkarrekin ikastea eta jakinmina piztu eta aberastea dira Ikastolen Elkarteak jarri dituen helburuak.
Lehenbiziko egun honetan, 12-16 urte bitarteko etapan hainbat ikastolak egin dituzten esperientziak partekatu dituzte. Orotara, sei ikastolak aurkeztu dituzte euren proiektuak
Gasteizko Armentia ikastolaren txanda izan da lehenbizikoa. Partekatu duen esperientzia “Bihotzaren taupadak” izan da. Dantza eta musika uztartuz ikasteko bide berriak jorratzen ari dira ikastolan, eta berau azaltzen aritu dira irakasle eta ikasleak.
“Ahozko literatura: ez dezagun transmisioa eten!” izeneko esperientzia aurkeztu dute, berriz, Balmasedako Zubi Zaharra ikastolako ordezkariek. Orereta ikastolak ere ekarri du beste ikastolekin partekatzeko esperientzia bat: “Esadazu” . Memoria historikoarekin lotutako proiektua da, zehazki 36ko gerraren ingurukoa. Ikasleak euren aiton-amonak galdezka jarri dituzte proiektu honen bitartez, ikastolan ikasitakoa eta zuzeneko lekukotzak uztartu ditzaten.
“Basques in Australia” proiektuarekin etorri da, berriz, Gernikako Seber Altube ikastola, Gernikatik Australiara joandako herritarren bizipenekin osatutako erakusketa bat. Tutoretza planean dituzten praktika on batzuk azaldu dituzte Oiartzungo Haurtzaro ikastolako ordezkariek, atsedenaren osteko lehen saioan.
Ikastolen txanda amaitzeko, azkenik, Urmaela proiektua aurkeztu dute Pasaia-Lezo Lizeoa ikastolako ordezkariek. Duela urtebete pasatxotik martxan duten proiektua da, Aranzadi zientzia elkartearen laguntzaz aurrera ateratzen ari direna.
Piztu Jakinmina Topaketen lehen egunari Mariana Morales Lobok eman dio amaiera, “Ikasgelaren behaketa aprendizaia hobetzeko” hitzaldiarekin.
Biharko saioan, Haur eta Lehen Hezkuntzako etapetako esperientzietan jarriko dute begirada Piztu Jakinmina Topaketek.