Ibilaldi-XE arrakastatsua, Ondarroan
Goizean goizetik milaka lagun hurbildu dira, gaur, Ondarroara, Zubi Zahar Herri Ikastolak prestatu duen Ibilaldiaz gozatzera. Eguraldia lagun, iragarpen ezkorrak ez dira bete, eta, aldiz, giro paregabea egiten du Bizkaiko kostaldeko herri zoragarri honetan. Bizkaiko ikastolen jai handia, handia da benetan, gaur, Ondarroan. Horixe da egin dezakegun baloraziorik baikorrena. Desiratzen genuen eguna betetzen ari zaigu.
Giro paregabea, bai eguraldiarengatik, bai eta Ondarroara iritsi den jendetzaren aldetik ere. Gogotsu ari dira gozatzen egun honetarako prestatu dugun egitarauaz, gune batetik besterako txangoaz, musikaz, dantzaz eta askotariko ikuskizun eta tailerrez. Txiki zein handi izan, guztiek dute egun pasa zoragarria egiteko aukera, guztiek daukate parte hartzeko aukera, eta oroz bat, guztiak ari dira ikastolei eta euskarari hauspo erraldoia ematen.
Bizkaiako ikastolen jai handia, euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko eta haiek hauspotzeko jaia da, ikastolen jai guztiak bezalaxe. Baina aldarrikatzeko jaiak ere badira guztiak. Gaurko ekitaldian, ikastolen eredua azpimarratu dute bai Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari Josune Bañalesek baita Zubi Zahar ikastolako lehendakari Eider Galarragak ere. Euskaran eta euskal kulturan oinarriturik, Euskal Herri luze zabalean hedatua dagoen eredua da ikastola, eta hiru oinarri horiek aldarrikatu dituzte Ibilaldiaren hasierako ekitaldian: euskara, euskal kultura eta Euskal Herria.
Horren erakusle dira, besteak beste, Euskal Herriko leku desberdinetatik Ondarroara etorri diren artistak, guztiei bozgorailua eman diegunak gaurko Ibilaldian, orotara 26 ekimen desberdin antolatu baititugu, horietatik 18 guneetan, eta beste zortzi ibiltariak. Ipar Euskal Herriko ikastoletako ikasleek baxoa eta brebeta euskaraz egiteko aurrera daramaten borroka ere presente izan dugu, “Azterketak euskaraz” lelopean egindako ekintzarekin. Eta ikasle gazteak protagonista izan ditugu, Erronka lehiaketaren bitartez.
Ondarroatik Getxora
Egun osoko jaia den arren, heldu den urteari ere begira ari da Ibilaldia, eta gaurko jaiari hasiera emateko ekitaldian bertan pasa dio Ibilaldiaren lekukoa Zubi Zahar Herri Ikastolak Algortako San Nikolas ikastolari. Getxoztarrak Zubi Zahar ikastolako komunitatea bezain gogotsu ariko direla adierazi dute 2024ko Ibilaldia prestatzen.