Euskalerria Irratiak jaso du Nafarroako Ikastolen Elkarteko Saria
Atzo, abenduak 20, Euskalerria Irratiak Nafarroako Ikastolen Elkarteak urtero ematen duen NIE Saria jaso zuen. Aitortza honek komunikazio eremuan euskararen eta euskal kulturaren alde egin duen lana goraipatu nahi du, eta eskerrak eman nahi dizkio ikastolekin eta Nafarroa Oinezekin beti izan duen lankidetza bereziagatik.
2015ean sortu zen NIE Saria, euskal hizkuntza eta kultura zabaltzeko lanean nabarmendu diren merezimenduzko pertsona edo erakundeei emateko. Sariak ez dakar diru kopururik, baina inplizituki Ikastolen Elkartearen esker onik beroena adierazten die ospe handiko pertsona zein erakunde horiei, errespetuz eta miresmenez. Aurten, 1988. urtean beronen ibilbideari hasiera eman zion Euskalerria Irratiari erakutsi nahi izan dio NIEk esker ona.
Ekitaldia gonbidatuen ongietorriarekin hasi zen eta, ekitaldiaren atal nagusian NIEko lehendakaria den Elena Zabaletak elkarrizketa egin zien kasu honetan irratiko kazetariei, ohiko paperak trukatuz. Ekitaldia Paz de Ziganda Ikastolako helduen abesbatzak girotu zuen Mari Paz Arizkunek zuzenduta, eta dantzari eta txistulariak aurreskua dantzatuz.
Emozioz betetako ekitaldi honetara erakunde ezberdinetako ordezkariak etorri ziren, hala nola, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde; Euskarabideko zuzendari-gerentea Mikel Arregi; Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia, Nafarroako Ikastoletako ordezkaritza zabala, zein
Euskalerria Irratiko langileak, familiak eta lagunak.
Elena Zabaletak eta Josu Reparazek, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta zuzendariak, hurrenez hurren, saria eman diete Euskalerria Irratiko lagunei, Asun Goikoetxea artista bakaikuarraren HEGOA izenburuko lana.
NIE Sarirako aukeraturiko HEGOA lanarekin, Euskalerria Irratiak mundu berrietara euskaraz hegan egiteko eskaintzen digun aukeraren errebindikazio izan nahi du.
Euskalerria irratiaren izenean Juan Kruz Lakastak bihotzez eta zinez eskertu zuen Nafarroako ikastolek egindako aitortza. Mikel Bujandaren hitzetan, berriz, Euskalerria Irratia eta Nafarroako ikastolak sortzearekin batera forjatu zen haien arteko harremana, natural eta gertukoa. Haur zeneko garaiari erreparatuz, gogoratu ditu ikastolan eman zituen urteak, bertan ikasitakoa inoiz ahantzi ez duela gaineratu zuelarik. Bujandaren ustez, ikastolek jatorrian herria egitea zuten asmoetako bat eta gaur egun ere hala behar du.