Aieten, diskriminazioaren oinarriak eta sustraiak ulertu eta horiei aurre egiteko estrategiak lantzen
Diskriminazioa borrokatzeko Ikastolen Elkarteak, Euroclioren baitan, garatu duen europar mailako proiektuaren pilotajean parte hartu dute Santo Tomas Lizeoko DBH 4ko ikasleek hilabete honetan, eta gaur izan dute azkeneko eguna. Ikastolen Elkarteak garatu duen proiektuak lotura du Europako beste lau herrialdetan garatzen aritu direnekin. Bosnia-Herzegovina, Eslovakia, Belgika, Danimarka eta Euskal Herria dira lurraldeok. Proiektuaren sortzaile eta koordinatzailea Harri Beobide izan da, eta Amaia Lamikizekin batera burutu du pilotajea.
“Iraganean eta gaur egun, zeintzuk dira nazionalsozialismoaren biktimak?” proiektuaren helburua da diskriminazioaren oinarriak eta sustraiak zein diren hobeto ulertzea, horiei aurre egiteko. Gazteei zuzenduta dago. Eta oinarri gisa hartzen dira nazionalsozialismoaren biktimak izan zirenak. Hortik abiatuta, unitate moduko batzuk osatu dituzte, jarduera desberdinen bidez, gaur egungo diskriminazioen aurkako jarrera bultzatzeko gazteengan. Proiektu horretan sartuta daudenek, bakoitzak bere proposamena garatu du, baina oinarri komun batzuk ezarri dituzte.
Ikastolen Elkartearen kasuan, Aieteko parkea hartu da abiapuntutzat, hiru monumentu esanguratsu daudelako bertan: 1936ko gerrako biktimen monumentua, Holokaustoaren biktimen monumentua eta Giza Eskubideena. Txango bat antolatu zuten ikasleekin, monumentuak aurkeztu zizkieten, zergatik dauden han, zer lortu nahi den…. Hortik aztertzen hasi ziren Holokaustoa zer den, kontuan hartuta euskaldunak ere hil zituztela nazien konzentrazio esparruetan. Aztertu, ariketa batzuk egin… denbora lerro bat ere egin dute ikusteko nola joan ziren garatzen lege diskriminatzaileak, gorrotoaren bidea nola garatu zen aztertzeko. Espainiako gerra eta frankismoaren ondorioak ere aztertu dituzte, Gernika gerra biren lotailu bezala jarrita.
Jarrera diskriminatzaileak identifikatu
Helburua, ordea, ez da izan iragana oroitzea, edo ez da helburu bakarra. Horrekin batera, gaur egungo egoera aztertu dute; diskriminazioaren ikuspegia landu dute, bestearen ikuspegia, eta ikasleak euren inguruan jarrera diskriminatzaileak izan daitezkeenak identifikatzen jarri dituzte, askotan oso mezu subliminalak izan baitaitezke, hasierako garaian Alemanian ziren bezalakoak. Mez subliminal horiek identifikatuta, horien aurkako zerbait sortu behar izan dute. Aurretik mezu horiek identifikatzeko tresnak ezagutu dituzte ikasleek. Aieteko parkean bertan dagoen Kultur etxean erakusketa bat antolatuz amaitu dute proiektua, talde bakoitzak egin du egun horietan sortu duenaren erakusketa bat, eta hausnarketa bat egiteko aprobetxatu dute horrek guzti horrek zer pentsarazi dien gogoeta dezaten. Erakusketa Aieten bertan egongo da ekainaren 30a arte.