Ikastolak, diskriminazioa borrokatzeko europar mailako proiektu batean
Joan den ostegunetik eta asteburu osoan, Europako Historia irakasleen EuroClio erakundearen baitan, Harri Beobide Ikastolen Elkartearen izenean, garatzen ari garen “Iraganean eta gaur egun, zeintzuk dira nazionalsozialismoaren biktimak?” proiektua aurkezten ibili da Europako kideei. Dachau aukeratu dute proiektuaren aurkezpenerako kokagunetzat. Alemaniako hiri horretan eraiki zuten naziek lehenbiziko konzentrazio esparrua.
Ikastolen Elkartea garatzen ari den proiektuak lotura du Europako beste lau herrialdetan garatzen ari direnekin. Bosnia-Herzegovina, Eslovakia, Belgika, Danimarka eta Euskal Herria dira lurraldeok. “Seigarren talde bat genuen, ukrainarrak zirenak, baina gerraren ondorioz ezin izan dute parte hartu”, azaldu digu Beobidek, Alemaniatik itzuli berritan.
“Proiektuaren helburua da diskriminazioaren oinarriak eta sustraiak zein diren hobeto ulertzea, horiei aurre egiteko. Gazteei zuzenduta dago. Eta oinarri gisa hartzen dira nazionalsozialismoaren biktimak izan zirenak. Hortik abiatuta, xedea da unitate moduko batzuk osatzea da, jarduera desberdinen bidez, gaur egungo diskriminazioen aurkako jarrera bultzatzeko gazteengan. Proiektu horretan sartuta gaudenok, bakoitzak bere proposamena garatuko du, eta Dachaun egin ditugun jardunaldien helburua izan da oinarri komun batzuk ezartzea. Oinarriak finkatuta, beraz, geure proiektua sortu behar dugu”, azaldu du Ikastolen Elkarteko ordezkariak.
“Gure kasuan, Aieteko parkea hartu dugu abiapuntutzat, hiru monumentu esanguratsu daudelako bertan: 1936ko gerrako biktimen monumentua, Holokaustoaren biktimen monumentua eta Giza Eskubideena. Monumentuak aurkeztuko ditugu, zergatik dauden han, zer lortu nahi den… txango bat antolatuko dugu ikasleekin. Hortik aztertzen hasiko gara Holokaustoa zer den, kontuan hartuta euskaldunak ere hil zituztela nazien konzentrazio esparruetan. Aztertu, ariketa batzuk egin… denbora lerro bat ere egingo dugu ikusteko nola joan ziren garatzen lege diskriminatzaileak, gorrotoaren bidea nola garatu zen aztertzeko. Eta guk garbi dugu, gure kasuan, Espainiako gerra eta frankismoaren ondorioak ere aztertuko ditugula, Gernika gerra biren lotailu bezala jarrita. Testuinguru historikoa lantzeko balioko digu horrek”.
Jarrera diskriminatzaileak identifikatu
Helburua, ordea, ez da iragana oroitzea, edo ez da helburu bakarra. “Horrekin batera, nahi dugu gaur egungo egoera aztertu; diskriminazioaren ikuspegia landuko dugu, bestearen ikuspegia, eta ikasleak euren inguruan jarrera diskriminatzaileak izan daitezkeenak identifikatzen jarriko ditugu, askotan oso mezu subliminalak izan baitaitezke, hasierako garaian Alemanian ziren bezalakoak. Orduan, mezu subliminal horiek identifikatu beharko dituzte ikasleek, eta gero horren aurkako zerbait sortu beharko dute”. Aurretik mezu horiek identifikatzeko tresnak ezagutu behar dituzte ikasleek. “Aieteko parkean bertan dagoen Kultur etxean erakusketa bat antolatuz amaituko dugu proiektua, talde bakoitzak egin beharko du egun horietan sortu duenaren erakusketa bat, eta hausnarketa bat egiteko aprobetxatuko dugu guzti horrek zer pentsarazi dien gogoeta dezaten”.
Euskaraz eta ingelesez sortuko dute proiektu hori, eta Euroclioren webgunean jarriko dute europar mailako dokumentu baten barruan. “Guk bezala, beste lau herrialde horietako ordezkariek ere eurenak sortuko dituzte, eta azkenean bost proiektu pilotu horiek egongo dira nahi duenaren esku”. Santo Tomas Lizeoko ikasleekin abiatuko dute pilotajea, ekain honetan.
Europa mailan eskuin muturraren gorakadaren baitan, dator ekimen hau. Beobidek aitortu du baduela horrek eragina. Besteak beste Alemanian oroimen historikoa lantzen duten hainbat erakundek bultzatu duten proiektua da, eta bultzada handia eman diote egitasmoari. Erakunde horien bultzada “oso balekoa” izan da, Beobideren hitzetan: “Gazteentzako tresnak sortzeko eskatu digute, gazteentzat ere erakargarri izango diren tresnak, motibagarriak eta gogoetatzera bultzatuko dituztenak. Baina ez arlo gisako zerbait, baizik eta benetan eragiteko balioko duena”. Beobidek gaineratu duenez, kanpo ebaluazioak ere egingo dira ikusteko zer puntutaraino lortu den bilatzen zen eragina.
Proiektuaren hedapena egiteko, berriz, batetik, Euskal Herriko Unibertsitatean Lehen Hezkuntzako ikasketak egiten ari diren ikasleengan jarri dute arreta, batetik, eta Ikastolen Elkartearen bitartez, ikastoletako irakasleengan, bestetik. “Gure helburua da Batxilergoko ikasleetara hedatzea proiektu hau”.