Ikastolek akordio zabal bat eskatu dute, marra gorririk gabe
“Badakigu zaila dela, kanpoko faktore asko daude (ideologikoak, jaiotze tasaren jaitsiera, bakoitzaren egoera, ….) baina une historikoan gaude: erakunde hauek sortu zirenetik lehenengo aldiz, gure gizartearen eraikuntzan oinarrizkoa den Hezkuntza Sistema antolatu eta adosteko momentuan gaude”, adierazi dute ikastolek, gaur, Eusko Legebiltzarrean, Etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko ponentzian egin duten agerraldian.
Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta zuzendari nagusi Jose Luis Sukiak hartu dute hitza, gaur, Eusko Legebiltzarraren Hezkuntza Batzordean, ikastolen jarrera azaltzeko. Hezkuntza akordioa eta Legea hizpide harturik, nor bere lubakitik irten, hitz egin eta adostera deitu dute, “hurrengo 20-30 urteak baldintzatzen ari baikara”, eta horretarako ezberdinen arteko akordioak gauzatu beharra dagoela azpimarratu dute. “Ikastolak prest gaude, eztabaidatu eta adostu egin nahi dugu, marra gorririk gabe, gure gizarteak hori eskatzen baitigu, eta ezin baitiogu kale egin”, adierazi dute. Legebiltzarreko alderdietako ordezkariei, berriz, bide hori errazteko eskatu diete: “Mahai honetan zaudeten guztioi deia egiten dizuegu bide horretan aritzera. Ikastolok bide-lagun izango gara, baina guk bakarrik ezin dugu ezer egin; denon ekarpena behar dugu”.
Hezkuntza Legearen beharrezkotasuna hizpide hartuta, gogorarazi dute egungo legeak, 1992ko Hezkuntza Hitzarmenerako Akordio Politikoa oinarritzat hartuz, onartu zen Euskal Eskola Publikoaren Legeak, izenak adierazten duen bezala, Hezkuntza Sistemaren erdia besterik ez zuela arautu, eta, gainera, 30 urte luze hauetan, asko aldatu dela euskal gizartearen testuingurua eta euskal gizartea bera: “Bien bitartean, EAEn ez da inolako pauso esanguratsurik eman legegintza-gaian”, adierazi dute, “ordua da, beraz, egoerari aurre egiteko; bada garaia, legez ere, aukera osoa eta eguneratua sortzeko, egungo errealitateari eta bihar/etziko euskal gizartearen beharrei loturik jardun ahal izateko”.
Hiru gai jorratu dituzte gaurko agerraldian: euskara, segregazioa eta gobernantza eredua.
Lehenari dagokionean, hizkuntza ereduak albo batera utzi eta benetako murgiltze eredu bat ezartzeko eskatu dute ikastolek. “Euskara ofiziala da, bai, baina hizkuntza gutxitua da, eta egoera diglosikoak hor dirau. Horregatik proposatzen dugu hizkuntza ereduak baztertzea eta murgiltze eredua ezartzea, eta murgiltze eredua erreala izan dadin, ikastetxeak euskara lehenetsiko duten eremuak izan daitezen eta euskararen arnasgune izan daitezen, Hizkuntza Proiektuak sendotu behar dira eta erdigunean jarri, ikastetxeen eguneroko jardunean eragin behar dute (ikasle, irakasle, langile eta guraso/familiak), ikastetxe bakoitzaren egoera errealera egokituta”. Hala ere, ohartarazi dute “murgiltze” ereduak bera bakarrik ez dela nahikoa: “Gizarte oso baten lana behar da, instituzio guztiena, elkarlan bat”.
Segregazioaren auzia, euskararenarekin batera, Hezkuntza Sistemaren arazo handienetakoa dela azaldu dute Sukiak eta Tellituk: “Segregazioarena arazo sakon eta handia da gure gizartean, eta herri bezala konpondu beharreko egoera batean aurrean gaude. Lortu beharko genuke sektore guzti hauek gureganatzea, bakoitzaren izaera errespetatuz eta mantenduz, baina berek ere euskal izaera onartzea eta bereganatzea eta bazterkeria egoera gainditzea. Bestela, gure etorkizuneko gizarteak sekulako arazoak izango ditu, beste herrialde batzuetan etengabe ikusten ari garen bezala. Gure herri txiki honetan ezin dugu onartu horrelako egoerarik, gure etorkizuna jokoan dago eta denok jarri beharko dugu gure aldetik dagoen guztia egoerari aurre egiteko”. Eta ikastolen ustez posible den irtenbidea proposatzea dute: ikastetxe guztiak behartzea sozialki egoera zaurgarrian dauden ikasleak era progresiboan jasotzera, beren eremuaren arabera dagozkien kopuruan, oreka bat ezarri arte.
Gobernantza ereduari dagokionez, titulartasunari dagokion publiko-pribatu eztabaida alboratu behar dela azaldu dute: “Askotan begiratzen diogu beste herrialdeetan dauden emaitzei, baina ez, berriz, herrialde horietan dauden gobernantza ereduei; askotarikoak baitira, EAEn sarri erabiltzen den publiko-pribatu sailkapenetik harago askoz ere eredu gehiago baitaude”.
Ikastolen ustez “publiko-pribatu” eztabaida alde batera utzita, “gure hezkuntza-sisteman dauden gobernantza ereduak aztertu beharko genituzke, baita beste herrialde batzuetan daudenak ere, gurea proposatu aurretik”. Hau guztia bideratzeko, ikastetxe guztiak gai izan beharko lirateke benetako autonomia garatzeko. Alegia: beren hezkuntza proiektua egiteko eta garatzeko, beren barne antolaketa definitzeko, beren baliabide materialak eta giza baliabideen kudeaketa propio eta gardena egiteko, beren aurrekontu propioa izateko, partaidetza demokratikoa izateko (familiak, langileak, gertuko administrazioa, ikasleak) partaidetzarako eta erabakitze partekaturako ahalmenarekin. Eta hau guztia administrazioari eta gizarteari behar diren azalpenak eta argibideak etengabe emanez”.
Etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko ponentziaren barruan, ikastolek beste agerraldi bat egitea aurreikusia dago. Berau, abenduaren amaiera aldera izango da. Orduan, gai pedagogikoen gainean arituko gara: eraldaketa pedagogikoa, Euskal Curriculuma, hezkidetza, ikaslearen irteera profila….