Haira Aizpurua Ibargarai txapeldun, Euskal Herriko Eskolarteko finalean
Abadiñoko probalekuan hartu zuen lur, atzo, 2021eko Euskal Herriko Eskolartekoaren saguzarrak. Udaberritik hasita, lurraldez lurralde egin diren saioetatik sailkatutako euskal lurralde osoko hamaika bertsolari gazte elkartu ziren igandean oholtza gainean: Aetz Etxart Sarasola (Urdiñarbe, 2004), Beñat Astiz Isasi (Barañain, 2004), Ekain Tolaretxipi Errazti (Hernani, 2003), Eki Mateorena Zozaia (Leitza, 2005), Eukene de los Aires Amundarain (Gasteiz, 2005), Haira Aizpurua Ibargarai (Sara, 2006), Janire Arrizabalaga Munduate (Gernika-Lumo, 2003), June Diaz Franco (Algorta, 2005), Maddi Agirre Epelde (Gasteiz, 2005), Naia Arrizabalaga Arrieta (Azkoitia, 2004) eta Oneka Arteaga Olasagasti (Kanbo, 2003). Haiei zalearen aulkitik hauspoa ematen, handik eta hemendik etorritako 230 lagun.
Xabier Irakulisek gidatu zuen saioa. Hasierako agurra eginda, hura ere puntuagarria, bina bertso bota zituzten zortziko handian eta txikian bertsolari gazteek. Ariketa horietan puntu gehien jaso zituzten sei parte-hartzaileak igaro ziren hurrengo fasera: Beñat Astiz, Ekain Tolaretxipi, Haira Aizpurua, Maddi Agirre, Naia Arrizabalaga eta Oneka Arteaga. Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Julen Zelaieta, Leire Etxebarria eta Zigor Leunda aritu ziren epaile lanetan, eta Eneritz Artetxe idazkari.
Bakarka egin zituzten sei bertsolariek bigarren faseko ariketak: puntua emanda lehena, eta gaiarekin bigarrena. Epaileen erabakiaren berri emateko igo zen Idoia Anzorandia oholtzara: Haira Aizpuruak eskuratu zuen 2021eko Euskal Herriko Eskolartekoaren txapela, eta Igor Elortzak jantzi zion. Txapelketatik harago, plazan kantuan jarraitzeko deia eginez bota zuen agurreko bertsoa, eta anaiari eskaini zion txapela: "Ametsetako txapel eder hau eskaintzen diot anairi, sortu denetik nire bizitza alaitu duenari". Maddi Agirrerentzat izan zen bigarren postua.
Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa; Abadiñoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza izan dira aurtengoan laguntzaile. Gazteei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea du helburu, eta baita haurrak eta gazteak entzulearen aulkitik zaletzea ere.
2022an ere elkarrekin ospatzeko modua izango dugulakoan, hurrengo urtera arte!