Murgiltze eredua eskatu dute ikastolek, ikasle guztien euskalduntzea ziurtatzeko

ISEIren ebaluazio diagnostikoen proben emaitzek baieztatu dute ikasleen euskararen ezagutzak eta kalitateak behera egin dutela. Egoera horren aurrean, eta ikasle guztien euskalduntzea ziurtatzeko murgiltze eredua ezartzeko eskatu dute ikastolek, jakinik hark bakarrik ez duela hori ziurtatuko, baina, hura gabe, bai ez dela lortuko. Eskaera hori Mungian egin dute, bertan ospatu baitute Ikastolen 2021-22 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia.

Ekitaldian ongietorria egin diote Xarnegu ikastolari, Ikastolen Elkarteko 112. Ikastolari, ikasturte honetan ireki baititu lehenbiziko aldiz ateak, Bardozen. “Euskaraz mintzo ez den eskualdean, euskaraz marrazten hasi gara etorkizuna”, azpimarratu du Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu.

Euskara eta euskal kultura izan ditu ardatz Tellituk bere hitzaldiaren zati handi batean. Oroitarazi du, ikasturte honen hasieran D ereduak berak ere ikasle guztiak euskalduntzeko arazoak dituelako erreportaje eta artikulu ugari agertu diren arren, ikastolak duela ia hiru urtetik ari direla ikasleen euskararen ezagutzak eta kalitateak behera egin dutela ohartarazten, eta egoera iraultzeko egungo hizkuntza ereduak albo batera utzi eta benetako murgiltze eredu bat ezarri behar dela aldarrikatzen.

“Oso garrantzitsua da diagnostikoarekin asmatzea eta denok bat etortzea horrekin, horren ondorioz jakingo dugulako zer eta nola egin, non eta nola eragin. Erronka handia da, baina orain mehatxu edo arrisku gisa ikusten duguna aukera bihurtu dezakegu”, azaldu du Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Ikastoletan lanean ari direla esan du, egoerari hezkuntzatik eragin nahian, eta azken ikasturte hauetan ildo estrategikoen artean ikastolen Hizkuntza Proiektua berraztertzea jarri dutela jomugan: “Gogor ari gara lanean, baita elkarlanean ere, Huhezirekin, UEUrekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin”.  Ohartarazi du, dena den, hezkuntzatik bakarrik ere ezin dutela eragin, eta euskalgintzak eta kulturgintzak ere esku hartu behar dutela gehitu du, erakundeek esku-hartu behar duten moduan. “Gizarteak, osotasunean, esku-hartu behar du”.

Hezkuntzari dagokionez, dena den, murgiltze eredua ezinbestekoa dela azpimarratu du, eta otsailaren 25ean ikastolek aurkeztutako Euskal Herrirako Hezkuntza Sistemarako oinarrien Endekalogoan honela bildu zutela: “Euskara eta euskal kultura ardatz dituen sistema behar dugu. Benetako murgiltze eredua gauzatuko duena, oraingo Hizkuntza-ereduek ezartzen dituzten desberdintasunak gaindituta. Ikasle guztiei bermatuko diena euskaraz osotasunean bizi ahal izateko maila, duten abiapuntua dutela, eta bizi diren errealitate soziolinguistikoan bizi direla”. Murgiltze ereduari dagokionean, gaineratu du berak bakarrik ez duela konponduko egoera, “baina bera gabe bai ez dela konponduko”. Euskarak, gainera, integraziorako ere balio behar duela esan du Ikastolen Elkarteko lehendakariak: “Euskarak izan behar du integraziorako bitarteko handietako bat, atzerritar jatorriko ikasleak gurekin hartzeko orduan, gurekin bat egiteko orduan, ‘haiek’ ere ‘gu’ izateko orduan”.

Euskarak ofiziala ez den “eremu luze-zabal bat” duela ere adierazi du, eta ikastolak ari direla eremu horretan ikasleak euskalduntzen, etorkizuna euskaraz marrazten, izan Ipar Euskal Herrian, izan Nafarroan, izan Trebiñun. “Euskararen lurraldea dugu, euskara ofiziala den eremutik harago doa. Horregatik, aldarrikatzen dugu ikastolok Euskal Herri osorako hezkuntza sistema bat, egungo errealitatetik abiatuta ere gauzagarri izan daitekeena”.  Hala, ikastolak Europar Kooperatiba batean bildurik, sareturik eta elkarlanean diharduten gisa berean, aipatu du Europa mailako partzuergo bat izan daitekeela egungo errealitatetik abiatuta hezkuntza sistema propio bat Euskal Herri osoan eraikitzeko tresna; erakunde publikoez gain, hezkuntzarekin konprometituta dauden bestelako erakundeek ere sostengatua izango dena.

Ikasturte hasierarekin batera, Eusko Jaurlaritzatik, Eusko Legebiltzarreko taldeetatik, alderdietatik eta Eusko Ikaskuntzak beren-beregi antolatutako jardunaldietan parte hartzen ari diren hezkuntza eta hezkuntzatik kanpoko eragileetatik hezkuntza hitzarmenaren inguruan sortu diren ekimen eta egin diren adierazpenei ongietorria egin diete ikastolek.

“Aspaldiko aukerarik handiena dugu agintari, ordezkari politiko eta sindikal eta hezkuntza eragileok adostasun handi bat lortzeko gure etorkizuneko hezkuntza sistema abian jartzeko”, azpimarratu du Tellituk; “izan dadila hori eztabaida zabal eta sakon baten emaitza, denon artekoa eta hemen garatua eta gure hezkuntza sistemak dituen gabezia nagusiei aurre egiteko balioko duena; hastapeneko marra gorririk gabe, elkarlanerako borondatearekin”.

Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok eta Mungiako alkate Ager Izagirrek ere hitza hartu dute. Hezkuntza, kooperatiba, euskara eta kultura munduko ordezkari multzo bat ere izan da, hautetsi eta ordezkari politiko eta sindikalekin batera.

Omenaldia

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldietan ohikoa da omenaldirako tarte bat eskaintzea; ikastolentzat oso garrantzitsuak diren edo izan diren pertsonei aitortza egitea, edota urteurren batzuk gogoraraztea. Aurtengo ekitaldi honetan, ikastolen komunitatea osatzen duten guzti guztiei egin nahi izan diete aitortza: ikasle guztiei, irakasle, hezitzaile eta laguntzaile guztiei, zuzendaritzetako kideei, idazkaritza, harrera, mantenu, garraio, garbitasun eta jangelako langile guztiei eta guraso guztiei. Aitortza, azkeneko bi urteotan egin duten guztiarengatik. Aitortza, sekula ezagutu gabeko egoera bati aurre egin diotelako, ongi aurre egin ere, elkar zainduz, elkar babestuz, guztia elkarrekin aurrera ateraz.

Ekitaldiari Mungiako Amilotx dantza taldeak jarri dio kolorea. Bi dantza eskaini dituzte: Jose Maria Usanditzagaren Mendi-Mendiyan operako doinuekin Aurreskua dantzatu dute hasieran. eta Bernat Etxeparek idatzi zuen Kontrapas poemarekin Xabier Letek eginiko abestian oinarritutako dantza izan da bigarrengoa.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

LEHENDAKARIAREREN HITZALDIA

 

Kaixo, egun on guztioi, ongi etorriak, agintari eta hautetsiok, ordezkari politikook, sindikatuetakook, hezkuntza komunitate luze zabala osatzen dugun guztiok, euskara eta euskal kulturaren ordezkariok, ikastolakide, adiskide eta lagunok. Eta ongietorri berezi bat, Xarnegu ikastolari, Bardozen ireki dugun ikastola berriari. Xarnegu eskualdean, euskara mintzatzen ez den eskualde batean, etorkizuna euskaraz marrazten hasi garen eskualdean. Testuinguru zail batean, baina etorkizunari begira gakoa den une batean ireki ditugu gure taldeko 112. ikastolaren ateak, murgiltze eredua auzitan jarri duten unean. Bai, ikasturte honetan denak berdin jarraituko omen du, baina presidentziarako hauteskundeak igaro ostean zer?

Euskara ofiziala ere ez den eremu luze-zabal bat dugu, eta ikastolak ari gara eremu horretan ikasleak euskalduntzen, etorkizuna euskaraz marrazten, izan Ipar Euskal Herrian, izan Nafarroan, izan Trebiñun. Euskararen lurraldea dugu, euskara ofiziala den eremutik harago doa. Horregatik, aldarrikatzen dugu ikastolok Euskal Herri osorako hezkuntza sistema bat, egungo errealitatetik abiatuta ere gauzagarri izan daitekeena.

Hezkuntza sistema horretarako oinarriak ere aurkeztu genituen ikastolok, iragan otsailaren 25ean. Bertan genioen, besteak beste, dagokion lurralde bakoitzeko errealitateak kontuan izanik, osotasun batetik abiatuko den sistema bat nahi dugula; errealitate guztien aniztasunari zentzu komuna emango diona. Euskal Herriaren lurralde osoak eragingo diona, eta Euskal Herriko hezkuntza-sistemetako ikastetxeen arteko lankidetza-hitzarmenak bultzatuko dituena.

Ikastolok Europar Kooperatiba batean bildurik, sareturik eta elkarlanean dihardugun gisa berean, Europa mailako partzuergo bat izan daiteke egungo errealitatetik abiatuta hezkuntza sistema propio bat Euskal Herri osoan eraikitzeko tresna; erakunde publikoez gain, hezkuntzarekin konprometituta dauden bestelako erakundeek ere sostengatua. Gaurtik hasi, biharko euskal hezkuntza sistema eraikitzen.

Oinarri horietako beste batean hau aldarrikatzen dugu: Euskara eta euskal kultura ardatz dituen sistema behar dugula. Benetako murgiltze eredua gauzatuko duena, oraingo Hizkuntza-ereduek ezartzen dituzten desberdintasunak gaindituta. Ikasle guztiei bermatuko diena euskaraz osotasunean bizi ahal izateko maila, duten abiapuntua dutela, eta bizi diren errealitate soziolinguistikoan bizi direla.

Ikasturte honen hasieran, erreportaje eta artikulu ugari atera dira hedabideetan, ikasleak euskalduntzeko D ereduak berak ere arazo handiak dituela ohartaraziz. ISEIren ebaluazio diagnostiko proben emaitzek hala diote. Gu, ikasturte honetan ez, duela ia hiru urtetik ari gara ohartarazten ikasleen artean euskararen ezagutzak eta kalitateak behera egin dutela. Iaz ere errepikatu genuen, are indar handiagoz, pandemiak azkartu egin duelako lehendik zetorren gainbehera.

Egia da azken 20 urte hauetan euskararen ezagutza handitu egin dela, batez ere gazteen artean, eta ikastetxeen eraginaren ondorioz izan dela, baina ezagutza hori ez dator bat zuzentasunarekin (erabiltzen den euskararen maila ez da ona) eta ezagutza horrek ez du eraginik euskararen erabileran.

Izan liteke orain arteko tresnek eta estrategiek jada ez dutela balio; izan liteke atzo arteko konpromisoak eta militantziak ere behera egin dutela; izan liteke aldaketa bizkorreko mundu berri honetara egokitzen ez dugula asmatu; izan liteke dena ikastolen eta eskolen esku utzi dugula eta gizartea erlaxatu egin dela, ohartu gabe, hizkuntza gutxitu izaten jarraitzen duela euskarak, egoera diglosikoak hor dirauela. Baina oso garrantzitsua da diagnostikoarekin asmatzea eta denok bat etortzea horrekin, horren ondorioz jakingo dugulako zer eta nola egin, non eta nola eragin. Erronka handia da, baina orain mehatxu edo arrisku gisa ikusten duguna aukera bihurtu dezakegu

Ikastoletan ari gara lanean egoerari hezkuntzatik eragin nahian, eta azken ikasturte hauetan gure ildo estrategikoen artean gure Hizkuntza Proiektua berraztertzea jarri dugu jomugan, eta gogor ari gara lanean, baita elkarlanean ere, Huhezirekin, UEUrekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin.  Baina ikastolok bakarrik ezin dugu egin; hezkuntzatik bakarrik ere ezin dugu eragin. Euskalgintzak eta kulturgintzak ere esku hartu behar dute, erakundeek esku-hartu behar duten moduan. Gizarteak, osotasunean, esku-hartu behar du.

Baina hori bai, hezkuntzari dagokionez, murgiltze eredua ezinbestekoa da; ez du berak bakarrik konponduko egoera, baina bera gabe bai ez dela konponduko. Ikastoletan garbi dugu zein den euskararen inguruko helburu nagusia: euskara eta euskal kultura ezagutu, barneratu eta maitatzea. Eta horren ildotik, euskarak integraziorako ere balio behar du, edo hobeki esanda, euskarak izan behar du integraziorako bitarteko handietako bat, atzerritar jatorriko ikasleak gurekin hartzeko orduan, gurekin bat egiteko orduan, haiek ere gu izateko orduan.

Otsailaren 25ean aurkeztu genuen ‘Euskal Hezkuntza Sistemak bere baitan jaso behar dituen oinarrien ENDEKALOGOA’-ren erreferentziak egin ditut hitzaldi honetan. Aurkezpen horretan, ausardia eskatu genien Eusko Jaurlaritzari, alderdiei  eta hezkuntza eragileei, gure iritziz, nahi eta behar dugun hezkuntza ereduaren inguruan adostasun sozial berri bat eraikitzeko. Indar berezi bat egiteko eskatu genuen gure herriak behar duen hezkuntza eredua eta horrek eskatzen duen sistema adostu eta erantzun bateratu bat emateko. “Izan dadila hori eztabaida zabal eta sakon baten emaitza”, esan genuen, “denon artekoa eta hemen garatua eta gure hezkuntza sistemak dituen gabezia nagusiei aurre egiteko balioko duena; hastapeneko marra gorririk gabe, elkarlanerako borondatearekin”.

Hasi dugun ikasturte berri honetan atseginez ikusi dugu agintari, ordezkari politikoak eta eragileak ere hasi direla biharko euskal hezkuntza sistema irudikatzen. Eusko Jaurlaritzatik Hezkuntza Hitzarmenerako deia egin dute lehendakariak eta Hezkuntza sailburuak. Jokin Bildarratz baikor mintzatu da ikasturte honen hasieran: akordioa lortzeko bidean gaudela, optimista dagoela, pausok ematen ari direla... Eusko Legebiltzarreko ordezkariak ere baikor mintzatu dira Hezkuntza Hitzarmen baten inguruan. Euskal Herria Bilduk, berriz, hezkuntza legerako bere proposamena aurkeztu du. Eta hezkuntza eragileak ere parte hartzen hasi gara hezkuntza sistemaren etorkizuneko agertokiak eta lehentasunak elkarrekin identifikatzen, Eusko Ikaskuntzak beren-beregi antolatutako jardunaldien bitartez.

Aspaldiko aukerarik handiena dugu agintari, ordezkari politiko eta sindikal eta hezkuntza eragileok adostasun handi bat lortzeko gure etorkizuneko hezkuntza sistema abian jartzeko. Eta otsailean esan genuen bezala, izan dadila hori eztabaida zabal eta sakon baten emaitza, denon artekoa eta hemen garatua eta gure hezkuntza sistemak dituen gabezia nagusiei aurre egiteko balioko duena; hastapeneko marra gorririk gabe, elkarlanerako borondatearekin.

Hori guztiori ikasle guztiak eta bakoitza erdigunean jarrita, haien garapen integrala helburu izanda, izan hemen jaiotakoak, izan etorri berriak, izan euskara etxetik dakartenak, izan euskara baden ere ez dakitenak. Guztiei tresnak eskaini nahi dizkiegulako beren bizitza proiektua aukeratzeko askatasunetik eta aukera-aniztasunetik, inolako bazterkeria eta bereizkeriarik gabe.

Pandemia atzean uzten hasi garela dirudien honetan, --asmatuko ahal dute adituek!--, pandemiak are eta ageriago utzi dituen arrisku, mehatxu eta gabezia guztiei erantzuteko unea heldu da, eta baita horiei erantzuteko neurriak abian jartzekoa ere. Abia gaitezen, egin ditzagun urratsak, egiazki hezkuntza eraldatzeko. Gaurtik da bihar.

Eskerrik asko.