Txikipediarako 266 sarrera berri argitaratu dituzte 18 ikastolatako ikasleek

Txikipedian 250 sarrera berri idazteko erronka bota zuen Euskal Wikilariak elkarteak, Ikastolen Elkartearekin batera garatutako Nik, zuk, guk… 250 bai? proiektuaren bitartez eta hemezortzi ikastolatako ikasleek eutsi egin zioten. Sarrera berri horiek batez ere emakumezkoen biografiak izatea eta, bereziki, emakume zientzialarienak izatea eskatu zitzaien. Aste Santuko oporraldiaren bueltan, langa hori gainditzea lortu dute.

266 sarrera argitaratu dituzte 18 ikastola horietako ikasleek; gehien gehienak emakumeen biografiak dira eta horietan gehientsuenak emakume zientzialarienak. Euskal Wikilariak elkartearen baieztapenaren zain, ikasleei luzatutako erronka, beraz, gainditu dutela esan daiteke. Gainera, 250eko langa gainditzearekin nahikoa ez, eta 266 sarrera berri horiei gehiago erantsiko dizkiete hurrengo egunetan. Guztiak bukatuta, 290 sarrera inguru izango dira.

Otsailaren 9an ekin zioten hemezortzi ikastola horietako lehenek Txikipedian sarrera berriak sortzeko prozesuari. Ez zen ausaz aukeratu eguna, otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen baita, eta erronkaren helburu nagusietakoa emakume zientzialariei buruzko sarrerak sortzea baitzen. Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Txikipedian 250 sarrera berri egiteko botatako erronkaren lehenbiziko balantzea egiteko konpromisoa hartu zen, sarrera gehienak emakumeei buruzkoak izatea nahi baitzen.

Hemezortzi ikastola horietako DBHko lehen eta bigarren mailetako ikasleak aritu dira sarrera berriak idazten Txikipediarako. Sarrera berri horietatik 150etik gora emakume zientzialarien biografiak dira, baina beste emakume batzuenak ere egin dituzte (artistak, aktoreak, musikariak, legelariak, kirolariak…). Era berean, emakumeei buruzko sarrerak ekoizteaz gainera euskarazko edukiak ugaritzea ere helburuetako bat zenez, irekia utzi zen gaiaren hautaketa, eta, horrela, badira baita ere, inguruko leku eta eraikin esanguratsuei buruzko sarrerak nahiz jaiei eta ikastolei buruzkoak ere.

Hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, testuinguru digitaletan presentzia gutxi dute. Leku propio baten beharra dago. Sarean nabigatzeko hizkuntza ohituretan ere eragin nahi da, askotan nahi den hori euskaraz bilatzeko zailtasunak izaten baitira. Interneten, gainera, gizonezkoei eta emakumezkoei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala izugarria da. Abiapuntu horretatik ekin zioten aipatu hemezortzi ikastola horietako ikasleek sarrera berrien sorkuntzari.

Ekoizpenari, prozesuari eta kopuruei buruzko balantzea, ordea, motz geratzen da, prozesu honetan parte hartu duten ikasleen eta irakasleen konpromisoa, gogoa eta ilusioa aipatu gabe. Izan ere, euren parte-hartze aktibo eta proaktiboari esker, eurek sortu dituzten sarrera berri horiek guztiok kontsultatu ahal izango ditugu, guztion jakinmina asetzeko zerbitzura egongo dira, eta era berean, euskarak presentzia handiagoa izango du sarean eta emakumezkoen ikusgarritasuna areagotu egingo da. Ikastolen Elkartetik, beraz, eskerrak eman nahi zaizikie ikastola horiei guztiei egin duten ekarpenarengatik

Proiektu parte-hartzaile bat jorratu nahi izan dute Ikastolen Elkarteak eta Euskal Wikilarien Elkarteak. Erronka formatuan planteatu zuten, ikasleen sentsibilizazioa eta proaktibotasuna sustatu asmoz.

Nik, zuk, guk… 250 bai? proiektuaren bitartez, helburu hauek lortu nahi izan dira:

  • Euskal komunitateko kide bezala euskarak sarean bizi duen egoera ezagutzea, arazoaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea.
  • Sarean, oro har, eta Txikipedian, zehazki, euskarazko artikuluen presentzia areagotzea.
  • Gizon eta emakumeei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala ezagutzea, gaiaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea.
  • Konpetentzia digitala lantzea.

 

Hauek dira ekimenean parte hartu duten hemezortzi ikastolak:

Aita Larramendi Ikastola (Andoain)

Andra Mari Ikastola (Etxarri Aranatz)

Armentia Ikastola (Gasteiz)

Asti Leku Ikastola (Portugalete)

Betiko ikastola (Leioa)

Elgoibar ikastola (Elgoibar)

Ikasberri Ikastola (Azpeitia)

Iñigo Aritza Ikastola (Altsasu)

Kurutziaga Ikastola (Durango) 

Laskorain Ikastola (Tolosa)

Lautada Ikastola (Agurain)

LIizarra ikastola (Lizarra)

Orereta ikastola (Errenteria)

Paz de Ziganda Ikastola (Atarrabia)

Txintxirri Ikastola (Elorrio)

Urretxindorra Ikastola (Bilbo)

Uzturpe Ikastola (Ibarra)

Xalbador Kolegioa (Kanbo)