Goierrira itzuliko da Kilometroak jaia, urriaren 3an
Gaur aurkeztu dugu datorren urriaren 3an ospatuko dugun Kilometroak jaien 45. ekitaldia. Beasain, Lazkao eta Ordiziako Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolek antolatuko dute eguna, eta “Batera, bagara, bat gara” leloa izango du.
Gaurko agerraldian parte hartu dute Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Nekane Artolak eta Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastoletako ordezkariek. Halaber, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolako ordezkariek ere hartu dute parte, Kilometroen lekukoa Goierriko hiru ikastoletako ordezkariei emateko.
Hitza hartu dute Nekane Artolak, Kilometroak Kultur Elkartearen izenean, eta Itziar Floresek, Goierriko ikastolen izenean.
Hurrengo lerroetan duzue gaurko agerraldirako prestatu dugun informazioa.
Kilometroak 2021. Aurkezpena
Jakin badakigu ez direla ospakizun erraldoietarako garaiak; ez, ordea, gogorik ez dugulako, baizik eta egoerak eragozten digulako orain arte ezagutu ditugun ikastolen aldeko ekitaldien modukoak egitea. Egoeraren araberako Kilometroak antolatuko ditugu, beraz.
Aurtengo Kilometroak antolatzeko garaian garbi izan dugu Gipuzkoako Ikastola guztien ekarpena, parte-hartzea eta babesa ezinbestekoa izango dela. Egoera berezi honi aurre egiteko modu bakarra dela baiteritzogu.
Ez da ikasturte erraza izaten ari hezkuntza munduan, ezta Ikastoletan ere. Baina ditugun baliabide guztiak jarri ditugu ahalik eta modu egokienean aurtengoari aurre egiteko.
Elkar zaintzeko urtea da, elkarrekin egotekoa, elkarri babesa eman eta denok batera norabide berean eustekoa.
Kilometroen eredu berriak egoera honekin topo egin eta ezin izan dugu guk nahiko genukeen modu eta erritmoan garatu, baina eredu berri honetarako azpimarratu izan ditugun premisak baliagarri izan zaizkigu egoerara egokitzeko. Izan ere, jaiaren tamaina egokitu, parte-hartzea sustatu eta Gipuzkoako Ikastolen konpromisoa lantzeko aukera eman digu egoerak.
Historikoki Ikastolen jaiak plaza erraldoiak izan dira euskarari eta euskal kulturari eskaintzeko. Aurtengoa desberdina izango da. Euskara eta euskal kulturari tokia emango diegu noski, baina baita gure arteko elkarlanari eta parte-hartzeari ere. Gure arteko saretzea indartu, elkarlana bultzatu eta Ikastolen ezaugarriak plazaratzeko aukera ematen duten ekimenak gauzatuko ditugu. Herritik, herriarekin eta herriarentzat.
Horretarako besteak beste hainbat ekimen nazional jarri ditugu abian: Euskal Herriko Ikastoletan barrena dabilen Liburu Ibiltaria deritzona edo eta 14-16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoen Euskal Herriko Komiki Lehiaketa. Lehenbiziko bi ekimenak dira, ez bakarrak, ordea. Gerora etorriko dira beste batzuk.
Gipuzkoako Ikastolek urriaren 3an plaza emango diote Kilometroei.
Aurtengo Kilometroen lanketa ez da gaur hasi, izan ere Gipuzkoako ikastola guztiekin batera gauzatutako prozesu baten ondoren, Kilometroak 2021 jaiak baditu leloa eta irudia:
LELOA: BATERA, BAGARA, BAT GARA
Leloa aukeratzeko prozesua irekia eta parte hartzailea izan da. Gipuzkoako DBH 1 eta 2ko ikasleei eman zaie leloa proposatzeko aukera. Guztira 241 lelo proposamen jaso ditugu eta horietatik 5 izan dira aukeratuak. Gipuzkoako Ikastolak izan dira bozka bidez 5 leloen arteko bat aukeratu dutenak. Bozkatuena ondorengoa izan da: BATERA, BAGARA, BAT GARA
Leloak noski, erreferentzia egiten dio aurtengo Kilometroei:
BATERA: Gipuzkoako ikastolek elkarrekin antolatua izango da. Ikastolen batasuna adierazten du eta ez soilik Gipuzkoakoena, Euskal Herri osokoena ere bai baizik.
BAGARA: Gure izatearen aldarrikapena, eta batasunaren ezinbestekotasuna ere adierazten du. Batera bagara, bestela ez gara.
BAT GARA: Gure izatearen osotasuna eta zatiezintasuna adierazten du. Herri bat gara, euskara gara, komunitate bat gara, Euskal Herri osorako hezkuntza proiektu bat gara.
LOGOTIPOA
Irudiaren lanketa berriz, leloa oinarri hartuta Ikastolen Elkarteko diseinu taldeak garatu du.
BATERA, BAGARA, BAT GARA leloa hartuta, batasun hori 1 zenbakiarekin irudikatu nahi izan da, baina zenbakiaren barnealdea elementu ugarirekin osatuz. Elementu horiek aniztasuna erakusten dute (tamaina, forma, kolore... desberdinak), gure herriek eta herritarrek eta gure ikastolek dugun aniztasun hori bera.
Azken batean, elementu horiek guztiek osatzen dute 1, eta 1 horrek batzen ditu elementu horiek guztiak. Eraikin edo/eta pertsona desberdin eta ugari ikusten dira 1 zenbakia osatuz; eraikin edo/eta pertsona handi, txiki, luze, estu, lodi, kolore desberdinetakoak... Herri baten arkitektura irudikatzen dutenak, baina baita ikastolen multzoa ere; era berean, herri baten osaketa soziala eta komunitarioa irudika lezake, baita ikastolen komunitatea ere.
KOKALEKUA
Kilometroak jaiak ez du etenik. 1977. urtean Beasain eta Lazkao artean ospatu zen lehenengo Kilometroen aldi horretatik beste 43 egin dira. Aurten, beraz, 45. ekitaldia antolatzera goaz, eta Kilometroak jaiak Beasainen, Lazkaon eta Ordizian izango du kokalekua.
Herri bat garela, euskara garela, komunitate bat garela, Euskal Herri osorako hezkuntza proiektu bat garela... erakutsi nahi dugu aurtengo ekitaldian, eta gure lurraldeko ikastolen batasuna ez ezik, Euskal Herri osoko ikastolen batasuna ere azpimarratuko dugu.
Bizi dugun egoeraren ondorioz, Kilometroak non eta nola antolatuko genuen erabakia hartzea ez da erraza izan, baina, esan bezala, gure jaiak ez du etenik, eta Andramendi, Jakintza eta San Benito ikastolek erakutsi duten prestutasunari esker aurten Gipuzkoako ikastolen jaia Goierrin egingo da.
Aurtengorako helburu xumeak ditugu. Kilometroak historikoki izan dituen helburuei eutsi eta egoerak ireki dizkigun aukera berriak aztertu eta martxan jartzea dugu helburu. Izan ere, Kilometroak euskararen eta euskal kulturaren plaza izaten jarraituko du baina egoerara egokituta, beste eskala batean.
Baina egoera berri honek ere beste aukera batzuk eskaini dizkigu: Kilometroak antolatzeko garaian Gipuzkoako Ikastolen konpromisoa indartzeko, sareak sendotzeko, gure ikasleen arteko harremanak bultzatzeko edo kulturaniztasunari plaza emateko.
XEDE SOZIALA
Urte osoan zehar eta egunean bertan antolatzen ditugun ekimen guztiek honako ildoak izango dituzte ardatz:
Kilometroak 2021 jaiaren inguruan urte osoan zehar antolatuko ditugun ekimen guztietan eta jai handiaren egunean bertan ardatz izango dugun goiburu nagusia hau izango da: Herri bat gara, euskara gara, komunitate bat gara, Euskal Herri osorako hezkuntza proiektu bat gara… Alegia, ikastolen kolektiboa azpimarratzeko erabiliko dugu. Horrela, bat egiten du gure hezkuntza komunitatearen aniztasun eta batasunarekin, eta bat egiten du, halaber, Ikastolak Herriari filosofiarekin, eta ikastolon BIHAR proposamenarekin ere: Herri 1, 11 oinarri, 111 ikastola.
Egungo egoerari erreparatuko dioten Kilometroak izatea nahi dugu. Baina egungo egoera zein da?
- PANDEMIA: Zaindu, maitatu, bizi!
- EUSKAL HEZKUNTZA SISTEMA: BIHAR endekalogoa, gaurtik da bihar.
- EUSKARAREN ETA EUSKAL KULTURAREN BEHERALDIA. Gure plaza(k) ugaritu euskal musikari, dantzari, arteari, antzerkiari, bertsolaritzari, literaturari…
- INGURUMENA: Bera gabe ez gara, naturarekin bat egin, bat izan…
- ANIZTASUNA eta INKLUSIOA: denok eta bakoitza.
- PAREKIDETASUNA, HEZKIDETZA…
Elkartasuna lantzeko eta adierazteko garaiak bizitzen ari gara. Pandemia gure herriko bazter, sektore eta eremu guztiak astintzen ari da. Ez dago esan beharrik egoera honi aurre egiteko elkarren arteko laguntza, zaintza eta elkartasuna behar direla.
Baina egoera honetan badago sentsibilitate berezia sorrarazten digun errealitate bat: gure herria bezalako kultur eta hizkuntza minorizatuei modu berezian eragiten die pandemia egoera honek.
Gure kultura eta hizkuntza herriko plazak behar dituela konbentziturik, aurtengo Kilometroak jaiak euskara eta euskal kulturaren alde inbertsio berezia egiteko asmoa du.
Aldi berean, kultura eta hizkuntza erabiliz, adin ezberdinetako pertsonen arteko harremana eta zaintza sustatzeko ahalegina egingo dugu.
Kilometroak Goierrin jaio zen duela 43 urte eta dagoeneko herriaren kapital soziala bihurtu da. Kilometroak jaiak inoiz baino gehiago, euskara eta euskal kulturaren esparruak lantzen eta bultzatzen, herriaren alde inbertitzen jarraituko du.
IKASTOLA ANTOLATZAILEAK
Andramendi, Jakintza eta San Benito ikastolak
Goierriko hiru Ikastolen izenean poza eta harrotasuna adierazi nahi dugu. Aurreneko Kilometro haietan bezala Goierrin ospatuko da jaia, Beasain, Lazkao eta Ordiziako Ikastolaren eskutik.
Ikastolentzat egun handia izan da urteetan zehar kilometroak jaia, ikastolen nortasunari helduz bere behar eta ilusioei etorkizunerako behar den apurra martxan jartzeko bide ematen diolako.
Aurtengoa erakusten du nola ari den aldatzen gizartea. Kilometro guztiak ezberdinak dira, eta urtez urte berritzen dira.
Aurtengo Kilometroetan helburu handiena da Goierriko ikastolen arteko harremanak sendotzea, orain arte bezala, herriari begirako proiektu bat sustatzea. Eta bertan, gure ikasleak, langileak eta familiak dagoeneko iritsi den aro berri honi erantzun partekatu bat eta indarrez betea ematea, mende hasieran ikastolak sortu zirenean bezala, eta Kilometroak lehenengo aldin antolatu zirenean bezala.
Izan genezake tentazioa pentsatzeko ez gaudela jaietarako, edo alderantziz, dena eman behar dugula, egoerarekin kokoteraino gaudelako. Baina egoerak baldintzatuko digu zer egin: aurtengo kilometroak xumea izango da, xumea forman… hasierako hura bezain ameslari eta anbiziosoa ordea funts eta helburuan. Lazkao-txikik erakutsi zigun, txikitasunetik ere handi izan daitekeela! Metroz metro egingo dugu bidea, kilometroak osatzeko.
Beasainen, 1977an lehenengo Kilometroak eta 2001ean “Garena garela”, 1993.ean Ordizian, “gure maratoia” eta 2003an Lazkaon “Euskrz 2zi ny dt” lelopean ospatu ziren. Eta berriro ere lekukoa iritsi zaigu, baina urte berezi honetan maratoian aurrera egingo dugu Goierriko hiru ikastolek batera, bagarela eta bat garela elkartasun osoz. Beraz, modu xume batean, gure esku dagoena egingo dugu unean egoerak uzten diguna kontuan hartuz eta ditugun baliabideei eutsiz.
Ibiliko ditugu berriz orduko hartan zapaldutako bideak eta amestuko dugu, guzti hau pasata, gure lehengo bizimodua iristen den egunarekin. Eta bidean zerbait ona izan bada, hori ere ikasita noski.
Gure umeei erakutsiko diegu pandemia bat izan zela ia dena hankaz gora jarri zuena, baina euskeraz erakutsiko diegu, ikastolen sorreran batzu batzuk amestu zuten gure seme-alaben etorkizuna euskaraz izango zela. Hura zaila izan zen, orain pandemia eta musuko gabeko bizimodu bat irudikatzea zaila egiten den bezala, baina orduan egin zuten eta orain egingo dugu, Batera, Bagara, Bat garelako.