Ibilaldiaren aurtengo kanta eta bideoklipa aurkeztu ditugu

 

IBILALDIA planteatzeko orduan nahiko argi izan dugu Betiko eta Ander Deuna ikastoletako komunitatea osatzen dugun pertsonek erarik ahalik eta kooperatiboenean egin behar genuela Ibialaldiaren egitaraua eta baita Ibilaldiak bereak dauzkan gainerako osagaiak ere; kanta, esate baterako. Egia da ere, are gehiago sortze lana den kasuetan, zaila dela hainbat bururen iritzi eta proposamenak batzearekin batera sortze lan batek behar duen kalitatea bermatzea. Zentzu horretan, eta ezer baino lehen, hasiera hasieratik kantaren osaketa lan honetan parte hartu duzuenoi gure eskerrik zintzoenak emotea; ekarpenak egin dituzuenoi eta borondaterik onenarekin hurreratu zareten guztioi.

Dakizuenez kala-kalata dugu aurtengo Ibilaldiaren leloa eta ez dago esan beharrik kantaren letra egileak inor baino hobeto jakin duela berba gutxitan biltzen lelo horrekin adierazi nahi dena, hots, bidai honetan, goitik behera eta hezur-mamiraino, busti beharra dagoela. Busti beharra euskara ezagutu eta ikasteko, busti beharra euskaraz mintzatzeko, busti beharra euskara edonorekin edonon eta edonoiz erabiltzeko, busti beharra, azken batean, euskaraz bizitzen ikasteko. Ez da ez erronka makala geure buruei eskatzen dieguna eta lortu nahi duguna; euskaraz Ibilaldian, euskaraz etxean, euskaraz ikastolan eta euskaraz herrian!

 

KALA KALATA!

Sopelan eta Leioan

Ibilaldian aurten,

bidea egin nahi dugu

euskaldunak izaten, (bis)

iturri zaharreko ura

ez dadin inoiz eten.

 

Maringora kikunbera,

dzanga geurera, boga!

Euskara indartsu dator

zuzenean golkora, (bis)

Bizkaiko kostaldekora

eta bularrekora.

 

Aspaldi ikasi genuen

putzutik ateratzen,

zubi gabeko ibaiak

igerian pasatzen, (bis)

eta korronteen aurka

beldur barik ibiltzen.

 

Kala-kalata gure etxean,

Kala-kalata gure herrian,

Kala-kalata ikastolan,

Kala-kalata ibilaldian.

 

Ikasi nahi dugu zer den

euskaraz bizitzea,

edonorekin edonoiz

lasai erabiltzea, (bis)

busti ezean, ordea,

zaila dugu lortzea.

 

Euskara ailega dadin

ostertzetik harago,

mintzoa eta mingaina

berdin dira zeharo: (bis)

mintzatzea nahi badugu

busti beharra dago.

 

Abentura honetarako

ez zaigu ezer falta,

hizkuntza da iparrorratza, (bis)

bizinahia da mapa,

denok amaituko dugu

goitik behera kalata.

 

Kala-kalata gure etxean,

Kala-kalata gure herrian,

Kala-kalata ikastolan,

Kala-kalata ibilaldian.

 

KANTAREN FITXA TEKNIKOA

 

Letra: Xabier Paya

Musika: Xabi Aburruzaga

Musikariak:

Xabi Aburruzaga: Trikitixa eta programazioak

Eriz Perez: Gitarra akustikoa

Jose Urrejola: Pianoa, perkusioak, programazioak, gaita eta whistle

Xabier Zeberio: Biolina eta Biola

Alberto Urretxo: Tronboia

Andrzej Olejniczak: Saxoa

Nikolas Zubia: Tronpeta

Aiora Renteria: Ahotsa

Maitane Salvador: Ahotsa

Iholdi Beristain: Ahotsa

Itziar Ituño: Ahotsa

Ander Deuna eta Betiko ikastolako ikasleak: Ahotsak

Grabaketa: Xabi Aburruzagak 2021ko otsailean zuzendu eta ekoitzia.

Produkzioa eta moldaketak: Xabi Aburruzaga eta Jose Urrejola

Grabaketak: Unai Mimenza, eta Xabi Aburruzaga Xabi’s Road eta Tio Pete estudioetan

Edizioa: Unai Mimenza, Jose Urrejola eta Xabi Aburruzaga

Nahasketak eta masterizazioa: Unai Mimenza

Dantza sortzaileak: Aitzol Barbarias, Gorka Granado, Haizea Hormaetxea eta Larraitz Aldazabal.

 

BIDEOA

Kantarekin izandako antzeko prozesu bat jarraitu izan da bideoa osatzeko. Hasierako gidoiari ekarpenak egiteko aukera zabaldu eta berehala ideia andana. Komunitatearen parte hartzea, herrian txertatzea, gune ezberdinak agertzea film luze bat egiteko besteko ideia lau minutuko bideo batean txertatu beharra. Eskertu bideo egileek pazientzia handiarekin hartu eta egondako ekarpenak era batean edo bestean agertzeko egin duten ahalegina; modu ezin hobean jaso dutelako batetik eta bestetik agertutako hainbat iritzi.

Grabaketari dagokionez, ezer esan badaiteke, parte-hartzaileek primeran pasa dutela; gozamena izan da grabaketa prozesuaren une batean edo bestean parte hartu ahal izatea eta horren ondo ibiltzea. Bertan ikusiko duzuenez, nabarmen geratzen da bi ikastoletako komunitateen parte-hartzea; Ikasleak, gurasoak, langileak, ikasle ohiak  baina horiekin batera Artatzako su-hiltzaileak, Sopelako komertzioak eta joaldunak, Erromo eta Leioako nekazariak eta gazte mugimendua ere, besteak beste, hor izan dira. Eta lagun guzti horiekin batera bi ikastoletako inguru ederraz aprobetxatu izan dira irudi zoragarriak jasotzeko. Gure eskerrik beroena bideoa gauzatzea ahalbidetu duten lagun guztiei.

 

BIDEOKLIPAREN FITXA TEKNIKOA

Bideo sortzaileak IN-komunikazioa agentzia.

Grabaketa eta edizioa IN-komunikazio agentzia, aireko irudiak Hiruka