‘Pandemiaren ikasturtea’ aurrera ateratzeko behar besteko baliabideak eskatu dituzte ikastolek
Aguraingo Harresi aretoan eman diote hasiera ikastolek 2020-21 ikasturteari, gaur egin duten ekitaldian. Covid19 koronabirusaren pandemiaren ikasturtea izango da berau, eta horren aurrean behar besteko baliabideak eskatu dituzte ikastolek, “boluntarismoarekin funtzionatu badaiteke ere, horrek muga duelako”.
2020-21 ikasturteari pandemiaren ikasturtea definitu beharko litzaiokeela adieraziz hasi du hitzaldia Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, eta benetan zaila izango dela ohartarazi du, “protokoloak eta higiene neurriak, distantziak, garbitasuna eta beste hainbat neurri ezarrita ere, badakigulako pandemiak eragingo digula gure geletan”.
Aipatu du ikastolek, eta ikastetxe guztiek orokorki, aurre egin beharko diotela egoerari, jarri beharko dituztela beren eskuetan dauden tresna eta baliabide guztiak eragina ahal den txikiena izateko. “Eta horretarako ezinbestekoa izango zaigu baliabide gehiago eskuratzea”. Puntu honetan orain arteko erantzuna gure esparruetako administrazio ezberdinena askotarikoa izan dela azaldu du: “Frantziako Gobernuak, hitz gutxitan esatearren, utzikeria handiz jokatu du. Nafarroako Gobernuak baliabide batzuk ezarri ditu, ikusi behar horrekin nahikoa den egoerari aurre egiteko. Eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokienez, ikusteko dago nolakoa izango den erantzun hori”.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren eraberritze faseak bete betean harrapatu ditu ikastetxeak ikasturte hasiera honetan, eta lehendik hartu gabe gelditu diren erabakiak orain hartu beharko dira. “Hitz egiten ari gara, aztertzen ari gara, baina oraindik ez dakigu nola bukatuko den prozesua, eta presa dago, handia, ikasturtea hasita dagoelako eta epe motz batean boluntarismoarekin funtzionatu badaiteke ere, horrek muga duelako”, ohartarazi du Ikastolen Elkarteko lehendakariak. “Ikastetxeetan jakin behar dugu zer baliabide izango dugun ikasturte honetan geletan gutxieneko baldintzak ziurtatzeko, jangela, garraio eta beste zerbitzuetan behar diren neurriak bideratzeko …. Espero dezagun erantzuna egokia izatea”.
Lehentasuna, erantzun duin bat ematea
Ikasturte hasiera honetako lehentasuna egoerari erantzun duin bat ematea dela azpimarratua du Tellituk, “ahalik eta ondoen erantzutea”. Aurreko ikasturtean ikasitakotik ondorioak atera eta hobekuntzak eta zuzenketak proposatu eta egitera deitu du, ohartaraziz, iazkoa gogorra izan bazen, ikasturte hau ez dela aurrekoa baino errazagoa izango.
“Ikastolok erakunde eta talde bezala erantzun beharko diogu egoerari, parte hartze prozesu zabalak jarri beharko ditugu martxan. Erantzun kolektiboa eman behar diogu, irakasle eta langile taldearekin eta familia eta ikasleekin. Ikastolen funtzioa lehen planoan ipiniz. Autonomia eta erabakiak hartzeko gaitasuna gauzatuz administrazioen zain egon barik; gure erabaki propioak hartu behar ditugu talde bezala”, esan du. Eta hainbat helburu ezarri ditu
-Maila eta etapa bakoitzean irakasle eta profesional bakoitzak egin beharrekoa, familia bakoitzari eskatu beharrekoa eta ikastolek bideratu behar dutena garbi finkatzea.
-Ikasleen arteko talde lanean fokua jartzea eta ikasle guztiekin harreman pertsonalizatua ziurtatzea.
-Ikastolak ezinbesteko eragile izatea euskara eta euskal kultura zabaltzeko, batez ere etxean euskararik ez duten familiengana iristeko.
-Egoera honetara eraman gaituzten arrazoien irakurketa kritikoa egitea.
-Arreta berezia behar duten ikasleei behar bezalako erantzuna ematea
-Irakaskuntza telematikoen metodologian sakontzea-
Guzti honek hezkuntza sistema osotasunean zalantzan jartzeko ere balio behar duela adierazi du Tellituk: “Susmatzen genuen aldaketaren beharra; azken urte hauetan buru belarri aritu gara ideia horrekin, baina gaur egun ezinbestekoa dela esan behar dugu, hori baita pandemia honetatik atera dezakegun ondorio nagusia, eta ez ikastolok bakarrik, hezkuntza eragile guztiak leku berdinera ailegatu gara: aldaketarik gabe, gure sistema porrotera doa”.
Horretarako, hezkuntza lege bat eskatu du. “Ez da nahikoa “Akordio” batekin, ez da nahikoa erreforma partzialak edo koiunturalak egitearekin, errotik aldatu behar da sistema”. Eta hori elkarlanean egin behar dela azpimarratu du. Zentzu horretan, Ikastolen Elkarteko lehendakariak poza adierazi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren lehentasuna Hezkuntza Lege berri bat egitea delako. Poza adierazi du, era berean, beste lehentasunetako bat euskara biziberritzea duelako.
Elkarlanera deia eginez amaitu du Tellituk: Maskararekin, distantziak gordez, aurrez aurre edo telematikoki, baina elkarrekin ekiteko unea dugu. Etorkizunerantz abiatu behar dugu, hezkuntza eraldatu behar dugu”.
Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eta Aguraingo alkate Ernesto Sainzek ere hartu dute hitza ekitaldian
Ekitaldian 30 gonbidatu inguru izan dira. Hitza hartu dutenez gain, bertan izan dira hainbat hautetsi, alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariak, hezkuntzakoak, euskalgintzakoak, kulturakoak eta kooperatibetakoak.
Omenaldia ikastolen jaiei
Ikastolen ikasturte hasierako aurtengo ekitaldian ikastolen jaiei omenaldia egin zaie. Aurten, pandemiaren ondorioz, ezin izan dira ospatu Araba Euskaraz, Herri Urrats, Ibilaldia, Kilometroak eta Nafarroa Oinez. Baina urte osoan egindako lanaren aitortza egin zaie. “Ikastolen eta ikastolen jaien balio nagusietakoak dira auzolana eta elkarlana. Urte guztian zehar egin duzue lan bi balio horietan oinarrituta, eta haien bitartez ikastolen gainerako balioak ezagutarazi dituzue. Jaso itzazue ikastola guztion aitortza eta esker ona”, adierazi zaie.
Era berean, eta aurten ikastolen jairik ospatu ez diren arren, ikuskizun bat egingo dutela iragarri dute ikastolek. Musika eta dantza ikuskizuna izango da, eta, aurreratu dutenez, azaroaren 13an egingo dute Donostiako Kursaal aretoan.