Ikastetxean STEAM proiektuak garatzeko oinarriak sendotzen ikastaroa, EHUn
Uztailaren 20 eta 21ean Ikastetxean STEAM proiektuak garatzeko oinarriak sendotzen ikastaroa emango da Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroetan. STEAM hezkuntzak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika ikas-arloak biltzen eta sustatzen ditu, humanitateak ahaztu gabe. Gizarte bezala, izaera disruptiboa duten berrikuntzen aurrean, ikasleak etorkizunerako egoki prestatzeko.
Ikastaro honetan, ikastetxeetan STEAM arloetan eta proiektuetan urratsak egiteko funtsezko ildoak identifikatzen eta garatzen laguntzeko ideiak jorratzea proposatzen da, aitzindariak diren ekimenetako ordezkarien hitzaldien eta tailerren bidez.
Helburu nagusia ikastetxearen osotasunetik planteatu da eta hezkuntza etapa guztiei zuzendua da. Praktikotasunagatik, ordea, adibideak nagusiki Bigarren Hezkuntzako mailetan kokatuko dira.
Hezkuntza zientifiko-teknologikoen erakunde nagusietatik bultzatu diren estrategiak, STEAM zertifikazioaren bidean abiatu diren lehen ikastetxe europarrak, gure hezkuntza-komunitatean garatutako hainbat proiektu eta proposamen didaktiko aurkeztu eta hausnartzen laguntzeko talde-jarduerak proposatzen dira.
Hauek dira ikastaroaren helburuak
- Ikastetxeko STEAM proiektuak garatzeko oinarriak ezagutu eta sendotzea.
- Egungo STEAM hezkuntzaren premiak azpimarratzea, generoen berdintasuna lehenetsiz, ikerketa praktikatuz eta esperientzia eredugarriak ezagutuz.
- Irakasleen eguneroko praktika didaktikoa hobetzen laguntzeko ideiak identifikatzea eta jasotzea ikastaroan zehar, irakasle taldeetan erabakiak hartzen laguntzeko.
- Nazioarteko STEAM Hezkuntzaren joerei gainbegirada ematea. STEAM eskolak sustatzeko STEM School Label autodiagnostikorako eta egiaztapenerako europar ekimena ezagutzea, Europako STEAM labeldun eskola aitzindariekin batera.
- STEAM Euskadi planaren ezagutzan sakontzea, STEAM unitate interdiziplinarren ezaugarriak identifikatzen, analizatzen eta hobetzen.
Ikastolen Elkarteko ordezkari Erramun Martiarena da ikastaro honetako zuzendarietako bat, eta hainbat saio gidatuko ditu bi egunotan. Era berean, Armentia eta Txorierri ikastolek STEAM hezkuntzaren baitan garatu dituzten zenbait proiektu ere ezagutaraziko dituzte.
Uda Ikastaro hau presentziala da. Baina nahi izanez gero, online bidez zuzenean jarraitzeko eta parte hartzeko aukera egongo da. Informazio gehiagorako eta matrikulatzeko, jo hona