'Amets alokatuak' komiki albumaren aurkezpena
Ikastolen Elkarteak eta Xabiroi Komiki aldizkariak Amets alokatuak komiki bilduma aurkeztu dute, gaur, Donostiako Tobacco Days liburudendan. Bertan izan dira albumaren egileak ere, Harkaitz Cano eta Iñaki Holgado.
Amets alokatuak, Canok eta Holgadok elkarlanean burutu duten laugarren komiki bilduma da; aurretik ekoitzi zituzten Piztia otzanak, Zebra efektua eta Museo Bilduma lanak. Guztiak Xabiroi komiki aldizkarian atalez atal argitaratzen joan diren istorioen bildumak dira. Xabiroi Ikastolen Elkarteak sortu eta babestutako komiki aldizkaria da, eta hamalau urte daramatza, 2005ean sortu baitzen.
Egileek berek azaldu duten legez, honela abiatzen da Amets alokatuak lana: “Etorkizun hurbil batean, jendeak bere gau horretako ametsak alokatuko ditu, orain hoteleko gela bat hartzen duenak bezala…”. Etorkizunean baino zehazkiago, giro retrofuturista batean dago kokatua kontakizuna, non jendeak besteen ametsak kontsumitzen dituen, haiei erauzi eta moldatu ostean. Mediku zientzialari bat du protagonista, Zorba izenekoa, eta Frankenstein moduko doktore bat da.
Canoren eta Holgadoren laugarren lana da, bai, baina Xabiroi komiki aldizkariak argitaratu duen hamabigarrena ere bai. Lehenbiziko bilduma egin zutenetik, urtero argitaratu dira aurretik Xabiroin atalka publikatu diren istorioen bilduma bana. Eta horretan jarraitu nahi dute, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk azaldu duen gisan. “Euskarazko komikigintzak pizkundea bizi duela azpimarratu zuten iaz, hedabideetan. Sorkuntza eta argitarapenetan, eta haien kalitatean, gora doala ezin uka. Ikastolen Elkartean pozik gaude hori horrela izateaz, eta pozik gaude horretan gure alea ipini izanaz, Xabiroi proiektua martxan jarri izanaz eta hura bultzatzeaz, itsasontzi honetako kapitain Dani Fanoren gidaritzapean”. Fano Xabiroi aldizkariko zuzendaria da, eta bera ere izan da gaurko aurkezpenean. Tellituk bezala, komikigintzaren pizkundea nabarmendu du, eta horretan Xabiroik izan duen eragina ere aipatu du.