Kulturaniztasuna bultzatuz ospatzen ari dira Araba Euskaraz

Kulturaniztasuna eta kulturartekotasuna bultzatu nahi izan du aurten Araba Euskaraz jaiak, eta halaxe ari da izaten. Ikastolen jai guztietan bezala, Euskal kulturaren aniztasunaren lagin bat ekarri dugu Araba Euskarazera, gure gizarte gero eta askotarikoago honetan, guztiok disfrutatu dezagun gure hizkuntzaz eta kulturaz.

Aurtengo Araba Euskarazen, gainera, kontinente desberdinetatik gure herrira bizitzera etorri diren herritarren kultur adierazpideei ere leku esanguratsu bat jarri diegu. Bolivia, Kolonbia, Brasil, Sahara eta Afrikako beste lurralde batzuetako musika, dantzak eta gastronomia dastatzeko aukera dugu Armentia gunean.

Goizeko 10:00etan hasi da irekiera ofiziala, eta ordutik aurrera milaka ikastolazale ari dira gozatzen gaurko egun eguzkitsua. Irekiera ofizialean, agintari eta ikastoletako ordezkarien ohiko diskurtsoen ordez, Kidam magoak egin dizkien galderei erantzuten aritu dira Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakari Xabier Arrieta.

----------------------------------

Honatx, Arrietak eta Tellituk erantzun dituzten galderak:

XABIER ARRIETA: Araba herrialde txikia izanda eta 8 Ikastola bakarrik egonda bertan ze ekarpen egiten diote Ikastola proiektuari?

Bada Afrikan esaera bat dioena: arin joan nahi baduzu, zoaz bakarrik; baina urrun joan nahi baduzu zoaz taldean. Eta guk, bigarren bide hori hartu dugu.

Arabako ikastolek Ikastolen Elkartea indartzen dute eta Ikastolen Elkarteak Arabako ikastolak indartzen ditu.

Gure zortzi ikastoletatik bost, Arabako herri nagusietan daude: Gasteizen, Laudion, Amurrion, Agurainen eta Oionen.

Arabar Errioxan hiru ikastola ditugu, Oiongoaz gain, Lapuebla de Labarkan eta Bastidan. Haiei esker lortzen ari gara Arabar Errioxa pixkana pixkana euskalduntzea.

Eta Trebiñun ere badugu ikastola bat, Euskal Herriko ikastola guztien elkartasunari esker sortu eta bizi dena, eta pixkana, Trebiñun ere euskaraz egin ahal izatea lortzen ari da.

KOLDO TELLITU: Araban eta bereziki Gasteizen bizi-bizi dago eskolen artean egiten den ikasle etorkinen banaketaren afera. Zer proposatzen duzue egoera orekatzeko?

Jatorri  honetako ikasleak urtean zehar iristen dira, ez matrikulazio garaian. Iaz 4.500 izan ziren; aurten7.000tik gora iritsi dira, eta datorren urtean gehiago izango omen dira.

Eskolatze Batzordeek eskolatzen dituzte ume hauek. Eta beraz, guk proposatu dugu batzorde horiek irizpidea aldatzea, eta hezkuntza eragileok ere parte hartzea batzorde hauetan, gaur egun Eusko Jaurlaritzako teknikariek soilik osatzen dutelako.

Ikasturte honetan ikusi dugu Bizkaian zeharo aldatu dituztela irizpideak eta modu orekatuan bideratu dituztela haur hauek. Gipuzkoako eskualde batzuetan ere bai, baina ez denetan. Araban, aldiz, eta Gasteizen bereziki, ez dira batere aldatu irizpideak, eta ondorioz, egoera okerrera doa. Ez dugu ulertzen zergatik den hori.

Udal eta tokiko erakundeen inplikazioa ere eskatu dugu hezkuntza eragileokin batera harrera planak egin eta hezkuntzan bezala herrian ere integratu daitezen atzerritik iritsitako haur eta familiok.

Azkenik, jatorri honetako ikasleen inklusioa euskaratik eta euskal kulturatik izan dadin proposatzen dugu, gizarte segregazio arriskuaz gain, hizkuntza segregazio arriskua ere bai baitago.

Ikastolok ateak irekita dauzkagu gurean ikasi nahi duten guztientzako, zein nahi direla beren jatorri, kultura edota egoera sozioekonomikoa. Eta konpromiso batzuk ere hartu ditugu gai honen inguruan.

Lehenik eta behin, gure harrera planak gaurkotu egin ditugu.

Era berean, baliabide urriak dituzten familientzako beka sistemak gaurkotu ditugu.

Azkenik, formulak aztertzen eta garatzen ari gara, atzerritar jatorriko ikasleak ahalik eta azkarren eta egokien integratu daitezen.

Guztiarekin, herri apustu bat da hau, eta herri bezala jokatu behar dugu, hezkuntza eragileok konpromiso sendoak hartuz eta betez, eta administrazioak hau guzti hau egoki aurrera eraman ahal izateko baliabideak jarriz.

---------------------------------------

Ikastolen jai guztietan bezala, Euskal kulturaren aniztasunaren lagin bat ekarri dugu Araba Euskarazera, gure gizarte gero eta askotarikoago honetan, guztiok disfrutatu dezagun gure hizkuntzaz eta kulturaz.

Aurtengo Araba Euskarazen, gainera, kontinente desberdinetatik gure herrira bizitzera etorri diren herritarren kultur adierazpideei ere leku esanguratsu bat jarri diegu. Bolivia, Kolonbia, Brasil, Sahara eta Afrikako beste lurralde batzuetako musika, dantzak eta gastronomia dastatzeko aukera edukiko dugu Armentia gunean.

Beraz, bai, badago kulturartekotasuna bultzatzeko asmoa gure jaietan, eta leiho zabal bat ireki diogu, baina bereziki euskal kulturaren erakusleiho izaten jarraituko dute gure jaiek.

Omenaldia eta ongietorria

Goizeko 11:30etan egin da, berriz, Araba Euskarazen omenaldi ekitaldia. Eta Arabako Bertsozale Elkartea, eta Abel Enbeita bertsolaria izan dira omenduak. Enbeitari, Araban bertso eskolak sortu eta bultzatu izana eskertu diote, eta Bertsozale Elkarteari, berriz, Armentia ikastolarekin urteetan izan duen harreman bizia eskertu diote bereziki, Araba osoan egiten duen lana ere eskertu dioten arren. Agurne Barruso zuzendariak azpimarratu duenez, Armentia ikastolak gertutatsuna aldarrikatu nahi du, herritarrekiko eta elkarteekiko ikastolak duen gertutatusa. Eta gertutasun horren adibidetzat jarri du ikastolak Bertsozale Elkartearekin duen hartu-emana.

Ongietorria ere egin die Araba Euskarazek, heldu den ikasturtetik aurrera Arabako ikastoletan ikasten hasiko diren ume guztiei. Horretarako, ume eta guraso guztiak bildu dituzte, eta haurrei zapitxoak jarri dizkiete lepoen inguruetan.

Hurrengo Araba Euskaraz, Amurrion

Araba Euskarazen lekuko aldaketa ere izan da. Datorren urtean Amurrion ospatuko da Arabako ikastolen jai handia, eta Aresketa ikastolak antolatuko du. Gaur hartu du lekukoa, eta auzolanean oinarrituta, 2020ko jaia prestatzeari ekingo diotela aurreratu dute ikastolako ordezkariek.