Hatz10

hatz10.png

Hezkuntza arloan euskararen erabilera bultzatzeko hainbat ekimen egiten dira geurean, eta horietako bat da Ikastolen Elkarteak oraingoan aurkeztu nahi duena, mekanografia ikasteko programa berri bat, euskara eta euskal kultura oinarritzat dituena.

Gaur egun oso hedatuak daude teknologia berriak eta denek izaten dugu, tarteka bada ere, teklatu bidez testuak idazteko beharra. Gure betebeharrak erraztu eta azkartzeko, oso lagungarri izaten da tekla guztien posizioak eta hauek erabiltzeko teknikak ezagutzea, hatz guztiekin eta teklatura begiratu gabe idatzi ahal izateko.

Ikastolen Elkartean garaturiko Hatz10 web aplikazioari esker, teklatua modu zuzen eta eraginkor batean erabiltzen ikasten da euskarari berebiziko garrantzia emanez. Interface eta testuak euskaraz egoteaz gain, euskal curriculuma kontuan izanik, geure kulturako hainbat bertso, olerki, abesti eta bestelako testuak gehitu ditugu. Teklatuko elementu guztiak ikastearren, ingelesa, frantsesa edo gaztelerazko espresio batzuk ere daude.

Euskal Herrian, euskararen normalizazio bidean aurreratu nahi bada, eguneroko bizitzan, eskola eremuan zein norbanakoen harremanetan gazteek euskararen hautua egin dezaten nahi badugu, hainbat estrategia eta baliabide eskaini beharra dugu. Euskarri honen bitartez, mekanografia ikasteaz gain, teknologia berrietan euskal presentzia bermatzea bilatzen da.

www.hatz10.eus