Ikastolok, zituen gabeziak edukita ere, abiapuntu gisa ikusi genuen proposamena izan da Eusko Jaurlaritzaren “Hezkuntzaren aldeko akordioa: Akordioaren Oinarriak” txostena; ez helmuga gisa. Hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean mugarri izan daitekeen Hezkuntza Lege berri baterako bidean urrats bat gisa ikusi dugu dokumentua. Orain, proposamenari hainbat zuzenketa egin zaizkiola ikusita eta horrek izan dezakeen eragina kontuan hartuta, sakon aztertu beharko dugu berriro ere: onartu diren ebazpenak aztertu beharko ditugu, gero gure iritzia emateko eta, espero dezagun, eztabaidarekin jarraitzeko.
Hala ere, aurreratu dezakegu asko kezkatu gaituztela hizkuntza atalean onartu diren ebazpenak, ez baitira guretzat onargarriak eta atzerapausotzat jotzen baititugu, ez baitute jasotzen printzipio gisa Akordioan biltzen diren helburuak lortzeko murgiltze eredua dela eraginkorrena, ezta hizkuntza ereduak desagertu behar direla ere.
Hezkuntza Akordioa eta Legea elkarrekin osatu behar ditugu. Horregatik, herri izaerari eutsiz, Eusko Jaurlaritzak, Legebiltzarrak eta hezkuntza eragileok elkar hartuta egin behar dugu bidea, jakinik lege horrek ez dituela bilduko bakoitzaren helburu eta nahi guztiak, baina, era berean, denok islatzen gaituen lege bat izan behar duela. Adorez eta ausardiaz jokatzeko eta gai guztiak eztabaidatzeko unea da guztion aldetik; gordintasun osoz, arloz arlo. Ikastolok prest jarraitzen dugu horretarako. Topa ditzagun eztabaidan jarraitzeko formulak hezkuntza legea baita legealdi honetako legerik inportanteena; ezin dugu etsi.
Hala eta guztiz ere, ezin dugu aipatu gabe utzi Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordera azken aste hauetan deitu diren eragileen zerrenda, bertan hezkuntzako eragile indartsu batzuk falta direlako; hala nola: Sortzen, Kristau Eskola, Ikastolak, Kooperatibak, ikastetxe publikoen zuzendariak, …. Gure ustez eragile horien guztien iritziak ere ezinbestekoak dira Hezkuntza Batzorde horrek gure Hezkuntza Sistemaren argazki zuzen, oso eta egokia egiteko.