Oinez Basoa ekimena sinatu dute Altsasuko udalak eta Iñigo Aritza Ikastolak
Oinez Basoa ekimena sinatu dute Altsasuko udalak eta Iñigo Aritza Ikastolak
Usolarrain eremuan landaketaz gain sagu-zaharrentzat habia-kutxak jarriko dira.
Oinezaren zortzigarren basoa abian da. Altsasuko udalak eta aurten Nafarroa Oinez antolatzen duen Iñigo Aritza Ikastolak akordioa sinatu dute Usolarrain eremuan Basoa Oinez ekimena garatzeko.
Balio handikoa da ingurua da altsasuarrentzat, atseden hartzeko espazioa izateaz gain naturaren kontserbazioarekin eta ingurugiro hezkuntzarekin bateragarria izateko aukera ematen duelako.
Udalaren laguntzaz aurrera eramango den ekimenak hainbat arlo jorratu nahi ditu: zuhaitzak landatuko dira, sagu-zaharrentzat habia-kutxak kokatuko dira eta bertan dagoen Txuspo Poyo artistaren “Zuhaitz-etxea” berriztatuko da. Gainera basoaren interpretazioan lagungarri izango diren hainbat kartel jarriko dira, bertakoek zein bisitariek ulertu eta ikasi dezaten inguruaren zaintzak duen garrantzia.
Sinaketa ekitaldian Javier Ollo, Altsasuko alkatea, Mikel Asiain, Nafarroako ikastolen Elkarteko presidentea eta Eneida Carreño, Iñigo Aritza Ikastolako presidentea izan dira.
2018.ko edizioak jarraipena eman nahi dio 2008an jaiotako proiektuari. Urte hauetan guztietan zazpi baso sortu dira, Arbizu, Tafalla, Zangoza, Tutera, Baztan, Andosilla-Sartaguda eta Lesakan. Hamar urteko ibilbide horretan 47.000 mila zuhaitzetik gora landatzea lortu du Nafarroan.