Abenduaren 17an, ikastolok Kursaalen izango gara
Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpenera joateko deia egin du
Hona hemen, Tellituren deia.
"Hizkuntza Eskubideen Europar Protokoloa da Kontseiluak orain arte aurrera eraman duen nazioarteko ekimenik garrantzitsuena.Ikastolen Elkartean, Kontseiluko kide garen aldetik, harro gaude ekimen honekin. Tamaina honetako lan bat gure esku hartu dugulako, eta aurrera eraman dugulako.
Geurea bezalako Hizkuntza Gutxituen Eskubideen gainean erreferentziazko dokumentua da Protokoloa, alor honetako europar mailako adituen babesa dauka eta..Europar Batasuneko Hizkuntza Gutxituen Ituna genuen orain arte; Gobernuek Europa mailan onartutakoa, nahiz eta, adibidez, Frantziak ez duen berretsi. Hizkuntzen alorreko Europako gizarte eragileen ituna dugu orain, aurreko hori indartzen duena.
Euskara ofiziala den eremuetan hiztun bezala ditugun eskubideen urraketak ikusten ditugu halere. Zer esanik ez, euskararen ofizialtasuna onartzen ez den Euskal Herriko eremuetan. Espero dugu, eta uste sendoa dugu, Protokoloak laguntza handia emango digula Euskal Herri osoan euskarak behar duen gradua eta lekua lortzeko. Horretarako jaio ginen ikastolak. Eta horregatik eman diogu babesa Protokoloari.
Ikastolok Kursaalen izango gara abenduaren 17ko ekitaldian. Zatozte zuok guztiok ere!"