Ikastolek 800.000 euro banatu dituzte bederatzi proiekturentzat
796.271,81 euro banatu ditu Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak, bederatzi ikastolaren artean, gaur iluntzean Orion egin duen Batzar Nagusian. Diru hori, urtero ikastolek, euren ikasle kopuruaren arabera, egiten duten ekarpena da, eta inbertsio edota proiektu berrietarako dago zuzendua. Alegia, inbertsio edo proiektu berrian murgilduta, haiei aurre egiteko besteen elkartasuna behar duten ikastolek egiten duten eskariari zuzentzen zaio laguntza, eta ekarpen edo mailegu moduan ematen dira.
Aurten, bederatzi proiektu babestu ditu Elkartasun Ikastolak elkarteak. Baionako Bernat Etxepare Lizeoak, Hiriburuo Ametza ikastolak, Seaskaren Ikastolen Etxeak, Tuterako Argiak, Lodosako Ibaialdek, Bastidako ikastolak, Bilboko Harrobiak, Etxebarriko ikastolak eta Argantzungoak aurkeztutako eskariak izan dira.
Ekitaldi honetarako ikastola guztiek egindako ekarpena 820.688 eurokoa izan da. Urtero haziz doa ekarpena, ikasle kopuruak ere gora egin duelako; orotara, 55.288 ikasle dituzte Ikastolen Elkartean batzen diren ikastolek. 24.416 euro funts bat sortzeko gorde dira.
Ia hamabost milioi
Ikastolek Elkartasun Kutxa sortu zutenetik, urtero urtero ari dira ekarpen handi hau egiten. Gaurko batzarrean, urteotan ikastolen ekarpena zein izan den azaldu da. Horrela, hamalau milioi euro banatu ziren, iaz arte, eta aurtengo ekarpenarekin, hamabost milioi eurora gerturatu dira.
Ekarpen horren balioa azpimarratu du Ikastolen Elkarteko eta Elkartasun Ikastolak elkarteko lehendakari Koldo Telliltuk, sarrerako hitzaldian.
Izan ere, ekarpen horrek, batetik, ikastolen elkartasunaren neurria adierazten baitu. Erakunde gutxi dira ikastolak baino ekarpen handiagoa egiten dutenak.
Bestetik, berriz, elkartasun kutxaren esku-hartzearen funtsezkotasuna ere agerian uzten du. Egindako ekarpenaren bidez, egoera larrian diren edo egon diren ikastolei laguntza ezinbestekoa eman diete ikastolak. Gaur egun oso egoera onean diren ikastola batzuk egoera horretara iritsi dira, bere garaian beste ikastolen elkartasunaren bitartez jasotako laguntzari esker
“Hau guzti hau, erantzukizunez, arduraz eta seriotasunez buruturiko lana da. Geure buruari tresna eraginkor eta funtsezkoa eman genion, eta emaitzak begi bistakoak dira”, azaldu du Tellituk.