Oinez historikoa egin nahi dute Erentzun eta Ibaialde ikastolek

Hasi da atzera kontaketa, eta Viana eta Lodosako ikastolek dena prest dute igande honetan, Nafarroa Oinez ospatzeko. Goizean Nafarroako Ikastolen festa aurkeztu da Iruñean, NIEren egoitzan. Aurkezpenean, Josu Reparaz, NIEko zuzendaria, Iñigo Telleria, Ibaialde Ikastolako zuzendaria, Maite Otero, Erentzun Ikastolako zuzendaria, Miren Balmaseda, Ekintzen Batzordeko arduraduna, eta Unai Arellano, Txikiak Handi proiektuaren arduraduna, aritu dira edizio honen inguruko zehaztapenak ematen.

Duela urtebete hartu zuten Lodosa eta Vianako Ikastolek Nafarroa Oinez 2016 antolatzeko lekukoa, ilusioz eta urduritasunez hartu ere!

Urtebete pasatu da, eta denbora honetan lanean aritu dira .Antolatzaileek urte guztian zehar aipatu dute aurtengo Nafarroa Oinez historikoa dela. Bi ikastolak elkarrekin antolatu duten lehen Nafarroa Oinez delako, bi ikastola txikik indarrak batu eta proiektu komun bat bultzatu dutelako: Nafarroa Oinez, euskara eta ikastola. Eta buruan ideia garbi bat: gure inguruan kalitatezko hezkuntza euskaraz eskaintzea.

Iñigo Telleriak azpimarratu du ideia hau: “Gure Oinez historikoa da, eta beharrezkoa bestalde. Guretzat behar-beharrezkoa den Oinez baten aurrean aurkitzen gara, ezinbestekoa, gure proiektua sendotzeko klabea dena eta hori transmititu nahi dugu gizarteari“.

“Soka izan da gure ikurra. Bide guzti honetan gure herrietako norbanako eta erakunde desberdinak sokara gehitu ditugu, euskara denona eta guztion ardura delako eta denon artean lotzen gaituen euskararen soka indartu behar dugulako “

“Lodosa eta Vianako gurasoek 18 hilabete luzez lan egin dute, dioten bezala, historia egin nahian... baina oraindik ez dute egin aurtengo jaia historikoa izan dadin gizarte osoaren erantzuna behar dute: euskaltzaleak, erakundeak, ikastolak, herritarrak, familiak... “

“Zuek zarete orain protagonistak, zuek egingo duzue historikoa gure Nafarroa Oinez egunean, zuen presentziarekin”, gehitu du Lodosako Zuzendariak Eta honela amaitu du:“Bete dezagun Viana leporaino eta apur ditzagun guztien artean euskarak Ebro ondoan izan dituen mugak Igande honetan, irailak 16, batu gaitezen eta lagun iezaguzue euskararen sokatik inoiz baino indartsuago TIRA egiten”.

Erentzun Ikastolako zuzendariak, Maite Oterok, zirkuitua, trafiko plana, Oinez berdea eta eraso sexisten kontrako prebentzio plana aurkeztu ditu.

Zirkuitua

Nafarroa Oinez 2016ko zirkuitua Viana hirian barna izango da. Hiri ibilbidea izango da, 3.6 kilometro dituena, eta lau gunetan banatuta. Asfaltatutako zirkuitua da, Vianako gune historikoa inguratuko du eta zenbait tokitan hiri honen monumentaltasuna gozatzeko aukera emango du. Ibilbide erraza, bestalde, edozeinentzat egokia. Normalean zirkuituko guneak zenbaki batez adierazten dira, eta honetaz gain izen bat hartzen dute. Aurten jaia antolatzen duten bi ikastolen elkarlana nabarmendu nahi izan dute hauek jartzeko orduan.

1. gunea Erentzun izendatu da (Vianako Ikastola)

2. gunea Endregoto (Vianako sorgina),

3. gunea Pipergontzi (Nafarroa Oinez 2016ko bideokliperako sortu genuen pertsonaia, Lodosako piperrez egindako erraldoia)

4. gunea Ibaialde izango da (Lodosako Ikastola).

Festaren inaugurazio ekitaldi ofiziala 10:00etan burutuko da Erentzun Ikastolan. Ikastola ez dago zirkuituaren barruan baina 1.go gunetik gertu dago. Ikastolan ere, 12:00etan Txikiak Handi Manifestuaren sinadura, ikasle eta ikasle ohien omenaldia eta Euskadiko Idazle Elkartearena egingo dira.

Ikastolako omenduak

Nafarroa Oinez honetan Erentzun Ikastolak bere lehenengo promozioko ikasleak, 1994-1995 ikasturtekoak, omendu nahi izan ditu. Bere familiek ikastolako proiektuan konfiantza osoa jarri eta euskarazko hezkuntzaren aldeko apustua egin zuten eta. Honela, haiek izan ziren ikastolako ikasbide osoa egin zuten aurrenak, ondorengoei bidea eginez.

Ibaialdek bestalde, aurten, Nafarroa Oinez urte honetan, ikastola uzten duen promozioa omendu nahi du, ikasturte berezia, garrantzitsua, bizi izan duen promozioa delako eta ikastolako etorkizunaren sinboloa bihurtu nahi duelako.

Zirkuituarekin jarraituz, gune guztietan edoskitze gela moduko lekuak ipini direla azaldu dute.

Alderdi gastronomikoari buruz eskaintza zabala prestatu dute. Aipatu beharrekoak: 2. gunean sagardotegia egongo dela, 3. eta 4. gunean taloak eta 4. gunean, paella jateko aukera, Benigno Mendia jantokian. Beningo, Nafarroa Oinezeko laguntzaile historikoa zen, paella-jatea antolatzen zuena eta aurreko urtean, tamalez, utzi gintuena. Nafarroako Ikastolak beti eskertuta egongo dira berarengandik jasotako laguntzarengatik.

IkastolenJaiak App

Euskalteleko IkastolenJaiak aplikazioaren bitartez ibilbidea, egitaraua eta hainbat eduki multimedia mugikorrean jasotzeko aukera izango du bisitariak.

OINEZ VERDEA, JAI JASANGARRIA

Nafarroako ikastolen festak berea egiten du topaketa handiek ingurunean sortzen duten eragina murrizteko kezka eta ardura. Hala bada, Nafarroa Oinez egunaz gozatzera Vianara hurbilduko zareten guztioi kontuan hartzea eskertuko genizuekeen eskaera zerrenda hau helarazi nahi dizuegu.

1. KUTSADURA MURRIZTEKO GARRAIO IRAUNKORRA ERABILI. Hurbil zaitez Vianara autobusez, bizikletaz, oinez edo partekatutako autoan.

2. HONDAKINAK MURRIZTU. Erabil ezazu edalontzi berrerabilgarria eta etxeratu baino lehen bueltatu txosnetan edo eta horretarako izanen diren edukiontzietan eta hau eginez zure ekarpena (ordaindutako euroa) Oinez Basoa babesteko erabiliko dugu. (Basoa, basora hitz jokoaz animatzen dugu jendea hau egiten)

3. ONGI PASA, PASATU GABE. Zure buruarekin arduraz eta ondokoarekiko errespetuz jokatu.

4. BIRZIKLATU. Hondakinak gaika bereizi eta erraztu birziklapena ibilbidean zehar eskura izanen dituzun edukiontzi ezberdinak erabiliz.

5. URA ETA ENERGIA NEURRIAN KONTSUMITU. Behar duzuna bakarrik erabili, zentzuz jokatu.

6. NATURAREKIN ARRETAZ JOKATU. Ibilbide inguruko belai, erreka edo ibai eta kaleetako landare eta animaliak errespetatu.

7. GU, OINEZ BASOAN; ZU, ZERGATIK EZ? Konpentsatu ingurumenean utzitako arrastoa Oinez Basoa 2016 babestuz.

8. Lagundu ERENTZUN eta IBAIALDE IKASTOLAK ingurunean alferrikako kosturik eragin gabe.

JAIAK ASKE BIZI ETA GOZATU – ERASO SEXISTAK SAHIESTEKO NEURRIAK

Antolatzaileek edozein eraso saihestu nahi dute eta bereziki emakumeen aurkakoak. Horretarako komunikazio kanpaina bat abian jarri dute, eraso mota hauen kontrako logotipoa euskarri desberdinetan ipintzen: egitarauetan, aldizkarian, paneletan… Gainera, festa egunean 50.000 pegatina banatuko dira kanpainaren logotipoarekin.

Halaber, barne difusio kanpaina bat aurrera eraman da ikastoletan. Nafarroa Oinez baino lehenagoko tutoretza saio bat festaren filosofiaren inguruan hitz egiteko erabili dute. Hau goiburu honekin laburbil daiteke: “Primeran pasa, pasatu gabe”: zure buruarekiko errespetua, ondoan duzunarekiko errespetua eta inguruarekiko errespetua.

NAFARROA OINEZ 2016 - EKINTZEN EGITARAUA

Miren Balmasedak, Lodosako irakaslea eta Ekintzen Batzordeko arduradunak, egitaraua aurkeztu du. Gustu eta adin guztietarako kalitatezko ekintzak prestatu dituzte, programa polita eta erakargarria osatuz. Gainera, gazteengan pentsatuz proposamen berriak planteatu dituzte eskaintza aberastuz.

Egitaraua osatzeko momentuan helburu bat inguruko taldeekin kontatzea eta hauek ezagutaraztea izan da. Besteak beste Bolbora (Lizarrakoa), Kometa (Vianakoa), Lizarrako Gaiteroak, Gazte Berri (Vianako txaranga), Andosillako txistulariak, Lodosako dantzariak, Vianako buruhandi eta erraldoiak, Lodosa A capella abesbatza edo Asier Apestegia DJa egongo dira egun handian.

Hauetaz gain, E.T.S., Trikidantz, Izaki Gardenak, Chuchín Ibañez edo hain arrakastatsua bihurtu den Oihan Vega DJ-a ere izango dira.

Erronka

Ikastolen Elkarteak sortutako gazteendako herrialdekako Erronka lehiaketarekin jarraituko da. Bere helburua, 13 eta 16 urte bitarteko gazteen esku-hartze aktiboa zein euren arteko lehiaketa osasuntsua bultzatzea da.

HARTU, TENKA, TIRA! Oihuarekin batera ERRONKAren hirugarren edizioari hasiera emango diote. Ohi bezala, aurtengo saioan Urko Aristi eta Andoni Sagastibeltza izango ditugu gure artean berriemaile. Norgehiagoka honetan Nafarroako Ikastola ezberdinetatik etorritako gazteak ariko dira lehian: 14 ikastola, 12 talde eta 144 erronkalari. Erronkako frogak gune guztietan egingo dira.

1. gunea - ERENTZUN

Puzgarriak, jumpinga, tailerrak, erraldoiak, dantza, musika emanaldiak, etab.

2. gunea - ENDREGOTO

Ludoteka, rokodromoa, , puzgarriak, herri kirolak, zaldiz ibili ahal izango da oholtza

gaineko emanaldiak ere izango dira.

3. gunea - PIPERGONTZI

Gune honetan ERRONKAKO finala egingo da, hemen ekintza berriak txertatu dituzte gazteen partaidetza aktiboa bultzatu nahi izan dutelako. Hori dela eta, giza futbolinaz gozatzeko aukera egongo da, bizikleta akrobatikoen erakustaldia egongo da, horma-irudi baten sorkuntzan parte hartzeko aukera eta egunerako bereziki sortutako photocall batean argazkiak ateratzeko aukera.

4. gunea - IBAIALDE

Jumpinga egongo da, ludoteka, puzgarri ugari, tailerrak, pailazoak, etab. Ohikoa denez zirkuituan barna emanaldi desberdinak egongo dira: gaiteroak, txistulariak, trikitixa, txarangak…

TXIKIAK HANDI EGITASMOA – NAFARROA OINEZ 2016

Unai Arellanok Txikiak handi egitasmoaren Oinez honetan izan duen ibilbidea kontatu digu. 2009an Nafarroa Oinezeko Txikiak Handi egitasmoarekin hasi zirenetik hona, ugariak izan dira Europa eta mundu mailako hizkuntza gutxituetako ordezkariekin izandako hartu emanak. Horietako batzuk probestu nahi izan ditugu 1992an, Vianan, hain arrakastatsua izan zen “Arraroa noski” kantaren bertsio berria egiteko. Zenbat aldiz entzun ote genuen Bernardo Atxagaren letra eta Jabier Muguruzaren musika zuen kanta hura? Kanta horretan hizkuntza ezberdinak agertzen ziren (alemana, ingelesa, arabiera eta japoniera), lauak hiztun kopuru handia duten hizkuntzak. Hori dela eta, 24 urte geroago, kantaren eta bideoaren bertsio berria egin nahi izan dute; oraingo honetan, lau hizkuntza gutxiturekin: kitxua, korsikera, katalana eta kaxubiera. Horietaz gain, zeinu hizkuntzari ere keinu egin nahi izan diote, eta bideoan Arabako gorren elkarteak ere parte hartu du. Baina euskarak ere badu bere presentzia bideoan, noski, eta euskaraz abesten agertzen dira Txileko euskal etxeko kideak, Bartzelonako euskara ikasleak, Brasilgo Herderos de Luta de Porecatú kanpamenduko kideak, eta, nola ez, Lodosa eta Vianako ikasleak.

Bestalde, aurten Korsikako hizkuntzaren egoera gertutik ezagutzeko aukera izan dute. Izan ere, urtean zehar bertako ikastetxe batekin harremanak izan dituzte, besteak beste, “Arraroa noski” bideoan hango ikasleekin parte hartzeko. Korsikan, hemen bezala, beraien hizkuntzaren biziberritze prozesuan dabiltza, eta gauza asko ditugu elkarrekin konpartitzeko. Horrexegatik, Nafarroa Oinez egunean Bastiako, Korsikako hiriburuko, “René Subissi” eskolako ordezkaria den Dominique Delporto eta Korsika Garaiko arduradun pedagogiakoen ordezkaria den Nadia Luchetti Vianan izanen dira. Egun horretan, beraien hizkuntzaren egoerari buruz hitz egiteko aukera izateaz gain, Txikiak Handi manifestua sinatuko dute.

Azkenik, igandean ere, Garabide Elkartearen eskutik, Amerikako jatorrizko hizkuntzen ordezkarien bisita izanen da. Momentu honetan, 8 herri eta hizkuntza indigenetako 18 lagun “Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak” aditu ikastaroa egiten ari dira Mondragon Unibertsitatean, eta Vianara hurbilduko dira; artean, nahualt, maia, nasa, kitxua, aimara, katxikel, Guarani eta maputxe herrietako ordezkariak.

Nafarroa Oiniez aurkezpena