Andra Mari Ikastolako Erasmus + proiektukideei harrera instituzionala Nafarroako parlamentuan
Andra Mari Ikastolako Erasmus + proiektukideei harrera instituzionala Nafarroako Parlamentuan.
Nafarroako Parlamentuan harrera instituzionala egin diete Andra Mari ikastolako eta europako 8 herrialdeetako irakasleei. Andra Mari ikastolak Erasmus + programan parte hartu du azken bi ikasturteetan, Polonia, Austria, Hungaria, Errumania, Italia, Portugal, Letonia eta Greziako ikastetxeekin batera. “In the Paradise Garden of Europe” da proiektuaren izena. Horren xedea da Europan dauden espazio natural ezezagunen mapa bat sortzea. Horretarako ikastetxe bakoitzak bere inguruan dagoen, eta xarma berezia duen, espazio natural bat aztertu du hainbat ikuspegitik: arlo zientifikotik begiratuta (fauna eta flora, ingurugiroak jasaten dituen mehatxuak) ; baita kultur ikuspegitik ere (tokiaren interpretazio artistikoak, tokian tokiko usadioak …). Horrez gain, aste honetan zehar, irakasleek Andra Mari Ikastolako hezkuntza proiektua eta ikastolen eredua ezagutzeko aukera ere izan dute.
Parlamentuan harrera egin zutenen artean Unai Hualde, parlamentuko presidente ordea, eta Esther Korres parlamentaria egon ziren. Biek Andra Mari Ikastola zoriondu zuten maila eta dimentsio honetako proiektu batean parte hartzeagatik. Izan ere, europar proiektu multidiziplinar hauen bidez, ikasleek kultura berriak gertutik ezagutzeko aukera baitute. Baina ez hori bakarrik; elkarlana, sormena, atzerriko hizkuntzaren bidezko komunikazioa ere sustatzen baitituzte. Esther Korresen hitzetan, tamaina handiko egitasmoa da hau, eta harro sentitzen dira Nafarroaren ikaskuntza kalitatea oso ona dela esan nahi duelako eta gure ikasleak goi mailan daudelako.
Nafarroa eta nafar parlamentuari buruzko bideo bat ikusi ondoren, bisita gidatu bat egin zieten 8 herrialdeetako ikastetxeetako ordezkariei, aldi berean, Nafarroaren historiaren inguruko hainbat informazio emanez.