Iñigo Urkullu lehendakaria Ibilaldian izango da
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu Durangon izango da igande honetan, Bizkaiko ikastolen jai handian. Halaxe baieztatu zien herenegun Urkulluk berak Ikastolen Elkarteko, Ibilaldiko eta Kurutziaga eta Ibaizabal ikastoletako ordezkariei, Ajuria Enean egin zuten bileran. Izan ere, lehendakariaren egoitza ofizialean hartu zituen Urkulluk Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu, ikastolen jaien koordinatzaile Joseba Aginagalde, Kurutziaga ikastolako lehendakari Joseba Balerdi eta Ibaiazabal ikastolako lehendakari Kepa Zengotitabengoa. Eusko Jaurlaritzaren aldetik Cristina Uriarte Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, ere egon zen bileran.Uriarte bera ere joango da Durangora, Ibilaldia ospatzera.