LH6 eta LH3ko probak direla eta

Badaramagu urte batzuk LOMCEri begira, Madrilek inposatutako erritmoan dantzan, eta aldioro handik etor daitekeenari nola erantzun asmatu nahian. Legea indarrean sartu eta hark ezarritako kanpo ebaluazioak ere martxan jartzen hasi direnean, kezka, noski, biderkatu egin da. Iaz LH3ko ebaluazio proba pilotua izan zen; aurten, berriz, etapa amaierako LH6ko kanpo ebaluazioa ere bazetorkigun. Eusko Jaurlaritzak atzo iragarri zuen ez duela LH6ko proba hori egingo. Alde horretatik, beraz, poztu egiten gara kezka eta buruhauste bat gutxiago izango dugulako.

Hau guzti hau, ordea, gaindituta edukiko genuke, geure herrian geuk adostu eta diseinatutako ebaluazio sistema propio bat edukiko bagenu. Beraz, geure buruak antolatzen hasteko, behar beharrezkoa dugu tresnak eta bitartekoak edukitzea, eta hezkuntzari dagokionez, ebaluazio sistema ere edukiko duen hezkuntza sistema propioa eraikitzea -hezkuntza legea barne- edo hartara eramango gaituen urrats sendoak egitea.

Ikastolen Elkarteak aspalditik aldarrikatu eta gauzatu ditu  ikastetxeen autonomia eta ebaluazioaren eta autoebaluazioaren beharra. Eta nahi dugun hezkuntza sistema propio horretan, kanpo ebaluazioak ere egin beharko liratekeela deritzogu. Kanpoko ebaluazioak, bai, baina ikastetxeen eta ikasleen hezkuntzaren hobekuntzarako tresnatzat hartuz.

Kanpoko ebaluazioen balioa mugatua baita: normalki proba idatziaren gainean antolatzen dira eta konpetentzia batzuk bakarrik neurtzen dituzte (hizkuntza arlokoak, matematikoa eta zientifikoa), eta besteak alboratu. Ez dute ikasle baten edota ikasle talde baten ikas-irakas prozesua bere osotasunean ebaluatzen, ez baitute helburu hori. Horregatik ezin dute balio ikasleek gainditu beharreko proba gisa, edota ikasleen emaitza akademikorako.

Hala ere, kontuan hartzen dituen arlo horietako norabidea ziurtatzeko onuragarriak dira, barruko ebaluazioaren osagarri. Horren harira, baliagarriak dira oso 2009. urtetik ISEIk LH4n eta DBH2n egiten dituen kanpo ebaluazio probak. Proba horiek etapa bakoitzaren erdia aldera egiten direnez, ikastetxeek eta hezkuntza sistemak ikasleriaren eta ikastetxearen beraren egoera eta aurrerapenak ebaluatzeko tresna edukitzeaz gainera, emaitzetan oinarrituta, ikastetxe bakoitzean hobekuntza programak adostu eta martxan jartzeko aukera izaten baitute, beren ikasleriaren beharretara egokituz. Lehen Hezkuntzari dagokionez, orain arte bezala 4. mailan egitea egokiago ikusten dugu 3.ean egitea baino, 2009tik hona egin diren probekin alderatu eta bilakaera ikus daitekeelako eta hizkuntza gaitasunak ebaluatzeko maila egokiagoa delako. 4. mailan informazio gehiago daukagu eta oraindik badauzkagu bi urte neurri zuzentzaileak hartzeko.

Horregatik, eta kontuan hartuta dagoeneko LH4n egiten direla, ez dugu beharrezkoa ikusten Eusko Jaurlaritzak LH3rako proposatu duen barne ebaluazioa egitea

LH6an egiteak, berriz, ez luke batere zentzurik edukiko,  ez bailuke aukerarik emango gabeziei aurre egiteko neurriak hartu eta zuzentzeko; alegia, ez bailuke ikastetxeen eta ikasleen hezkuntzaren hobekuntzarako tresnatzat balioko. Ikastolen Elkartearen iritziz, beraz, LH6an balio duen ebaluazioa ikastetxe bakoitzeko irakasle taldeak egiten duena da.

Ebaluazioaren eremu honetan ere eztabaida beharrezkoa da, lortu nahi dugun hezkuntza sistemaren definizioan funtsezko elementua delako. Munduko hezkuntza sistema guztien definizioan erantzuna ematen zaio auzi honi. Beraz, beharrezkoa da nahi dugun edo egoki deritzogun hezkuntza sistema definitzea; eta kontziente izan behar dugu agian kontu honetan ere ez dela guztion adostasuna izango, baina hori ez da eztabaidari ez heltzeko arrazoia izan behar, akuilu baizik.

 

 

Donostian, 2016ko otsailaren 4ean

 

Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseilua