Kilometro hunkigarriak Usurbilen egin zirenak
Kilometro hunkigarriak igandean Usurbilen bizi zirenak. Jendetza bildu zen Gipuzkoako ikastolen jai handian, eta eguraldiak gehiegi lagundu ez zuen arren, festa biribildu zuten Udarregi Ikastolako kideek.
Halakoxea izan zen egindako balorazioa. Egunak urte osoko lana borobildu duela esan zuten. Antolakuntzako kideak oso pozik agertu ziren, eguraldiak zenbait plan aldarazi bazien ere, aurre egiten asmatu zutelako. Boluntarioek, herritarrek eta Usurbilera gerturatu ziren milaka lagunek emandako “sekulako erantzuna” azpimarratu zuten antolatzaileek.
Ikastolaren eredu pedagogikoa ezagutzera ematea eta eraikin berria ordaintzen laguntzeko dirua biltzea ziren Udarregik Kilometro hauetarako ezarritako helburuak. Eta horiez gain jaiari besetelako balio batzuk ere eransteko erronka hartu zuten.
Hala, iraunkortasunaren, parekidetasunaren eta inklusibitatearen inguruko helburuen betetze-mailarekin ere pozik azaldu dira. Urte osoan antolakuntzaren ardatz izan dira hiru helburu horiek eta jairen egunean azpimarratuta ikusi ziren, besteak beste zero zabor filosofia bultzatu zuten, eta egunean sorturiko hondakin guztien sailkapen zehatzaz arduratu ziren, iturriko ura edatearen aldeko kanpainak ere ongi funtzionatu zuen, baita Donostiatik Usurbilera bizikletaz joateko deialdiak edo komun unibertsalak ere. Eraso sexisten aurreko protokoloa ere ongi ikasia zuten gune guztietako arduradunek. Tailer inklusiboek primeran funtzionatu zuten eta Erronkan, berriz, parte hartu zuten gaztetxoek itsu baten edo gurpildun aulkian dagoen pertsona baten azalean jartzeko aukera izan zuten, jokoen bidez.
Hasierako ekitaldian ikastolen izenean hitz egin zuten EHIko lehendakariorde eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Arantza Manterolak eta Udarregi ikastolako lehendakari Xabier Alustizak.
Hau da Arantza Manterolak Kilometroen hasiera ekitaldian eginiko hitzaldia:
“Agintariok, hautetsiok, alderdi, sindikatu eta gizarte eragileetako ordezkariok, ikastola-kideok … egun on guztioi.
Kilometroetara aspalditik natorren arren, eta azken urteetan oholtza gainean hitz egitea ere egokitu zaidan arren, urtero-urtero harritzen naiz jai honetan, eta ikastolen aldeko beste lurraldeetako jaietan, eman ohi den parte hartze handiarengatik. Zenbat borondatezko lan, zenbat boluntario, zenbat ordu, zenbat egun hau guztia aurrera ateratzeko … jai hau ez baita egun bakarreko kontu bat.
Auzolana da ikastolen jaien ezaugarri nagusietakoa. Auzolanean gogotsu zabiltzaten guraso, irakasle, ikasle, langile, herritar eta beste herri batzuetatik gaur Usurbilera lanera etorri zareten guztioi, mila esker. Biba zuek!
Auzolana, elkarlana eta konpromisoa erakusten dira jai hauetan, eta egunero erakusten dute gure ikastolek ere. Izan ere, gure berezko ezaugarrietakoak dira.
Herri ekimenez sortu ginelako, herritik eta herriarentzat. Herritarrengandik hurbilen dagoen erakundetze mota aukeratu genuen; kooperatibak gara. Gure titulartasuna gizarte ekimenari lotua dago, eta auto-eraketan eta erabakimenean oinarritzen da.
Eta ikastola bakoitzaren autonomiatik abiatuta, sare handi batean biltzen gara, eta horri esker garatu ditugu gure eskaintza pedagogikoa, gure ikasmaterialak eta gure arteko elkartasuna, besteak beste.
Hezkuntza eredu propioa baitugu ikastolok, urteetan landu eta hobetutako eredua. Euskaran eta euskal kulturan oinarritutako kalitatezko hezkuntza. Euskara ardatz duen eleaniztasuna eta konpetentzietan oinarritutako eredu pedagogikoa planteatzen dugu.
Horixe da Udarregi ikastolak eskaintzen diona Usurbili. Horixe da ikastolek eskaintzen diotena Euskal Herriari.
Eta hori dena zertarako? Jakina, gure ikasleak, gure seme-alabak dauzkagulako begi bistan. Haiei eskaini nahi diegulako hezkuntza euskaldun eta kalitatezkoa. Ikasle guztiak eta ikasle bakoitza ditugu xede; ikastola amaitzen dutenean buru-askeak izan daitezen, arduratsuak, besteekin dihardutenak, taldean jokatzen dutenak; ingurua ulertu, aldatu eta hobetu nahi dutenak.
Eta gure ikasleak, gure seme-alabak dira geuk Hezkuntza Sistema Propioa aldarrikatzeko dugun arrazoi nagusia. Baita Seaskarentzako egiten duen lanaren neurriko aitortza eta laguntza eskatzen ditugunean ere. Edota Nafarroan Hezkuntza eta Hizkuntza politikan aldaketak eskatzen ditugunean (orain etorriko direla espero dugu gainera). Berdin Lomceren aurka jarduteko dei egiten dugunean ere. Edo Heziberri 2020 egitasmoa muturreraino eramateko, alegia Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legea egiteko, eskatzen dugunean.
Pozten gara, gainera, legeari begira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri izana elkarrizketak hasiko dituela eragileekin. Ikastolok irrikan gaude gure ikuspuntua adierazi, besteenak entzun, elkarrekin partekatu eta denon artean lege bat adosteko. Adorea eta determinazioa beharko ditugu denok. Jakina da zailtasunak izango ditugula; horregatik adostasuna lortzeko konpromisoarekin jokatu beharko dugu denok. Espero dugu, beraz, prozesu hori ahalik eta azkarren hastea.
Usurbilera itzulita, Udarregi ikastolako komunitateak jai ederra prestatu digu. Gainera, ekarpen handia egin diote Gipuzkoako ikastolen jaiari; iraunkortasuna, inklusibitatea eta parekidetasuna jorratu dituzte urte osoan, Kilometroetan zehar-lerro gisa txertatzeko. Iraunkortasuna, gizakion lorratza ahalik eta txikiena izan dadin ingurumenean; parekidetasuna gizon eta emakumeen, neska eta mutilen artean menpekotasunik gabeko bizikidetzara iristeko; eta inklusibitatea, aniztasuna aberastasun eta altxor gisa duen gizarte baterantz joateko denok beharrezko garela eta denok hartu behar dugula parte aldarrikatzeko. Ikastoletan ere balio horiek bultzatzen dihardugu, eta Udarregik erakutsi digu nondik jo.
Goza dezagun, bada, gaurko jaiaz, ikastolen jaiaz!
Mila esker denoi, eta animo lanean zabiltzatenoi!”
Hau da, berriz Xabier Alustizak eginiko hitzaldia.
“Egun on denoi,
Ongi etorri guztioi Usurbila. Jai ederra prestatu dizue Udarregi Ikastolak, primeran pasa dezazuen.
Zarata eta katramila guztia bi kontzeptu potolo eta sakonen inguruan sortu da: Hizkuntza eta Hezkuntza. Gurean, Euskara eta Ikastola.
Euskara. Belaunaldiz belaunaldi jaso dugun altxorra dugu. Gure arbasoek luzatutako sokari tinko eutsi diogu beti. Euskaldunon konpromisoa beharrezkoa du eta izango du euskarak, iturri zaharretik ur berria etenik gabe isuri ahal izateko. Agian, noizbait, Euskal Herriko ikasle guztiek erabili ahal izango duten hizkuntza. Iritsiko ote da egun hori?
Hezkuntza, Ikastola. Gurean, Udarregi.
Ikastolak auzolanean sortu zituztenek euskararen soka, transmisioa, izan zuten buruan. Zalantzarik gabe. Eta euren jardunarekin soka berria luzatu ziguten: euskara ardatz duen hezkuntza eredua. Arazo guztien aurrean erakutsi zuten ausardiak eta kemenak gure eta datozen belaunaldien itsas-argia izan behar du.
Aurrekoei lekukoa hartuta, aurtengo Kilometroak, ohiko lerroez gain, hiru arlo landu edo indartu nahi izan ditu: parekidetasuna, jasangarritasuna eta inklusibitatea.
Urtez urte, Kilometroetako lekukoa jasotzearekin batera, herri eta ikastola bakoitzak bere izaeraren zati bat erantsi dio Gipuzkoako Ikastolen jaiari. Eta, hala izan behar du, ikastolek gizartearen hezkuntzan duten garrantziagatik: denborak aurrera egin ahala, guztiok aldatzen gara, eta elkarren indarrak metatuz soilik lortuko dugu indarra egin eta jendartea, pixkanaka, aldatzea. Usurbildarron kasuan, lehen urratsak eman ditugu jasangarritasunean, inklusibitatean eta parekidetasunean. Herritik, eta beraz, ikastolatik, halakoa irudikatzen dugulako etorkizuna: jasangarria, inklusiboa eta parekidea.
Finean, helburu horrek bildu gaitu gaur Usurbilen, Gipuzkoako Ikastolen jaia den Kilometroetan. Hau da, hizkuntza eta hezkuntzaren inguruan lotzen gaituen sokari tinko heltzeak. Eta ez dezagun ahaztu, eraikin berria ordaintzeko erabiliko du Kilometroak jaia Udarregi Ikastolak. Sokari tinko eusteko, ezinbestekoa izango baita.
Izan zirelako gattunk, eta garelako izango dittunk”.
Omenaldia Joan Mari Torrealdairi
Kilometroen 2015eko ekitaldian Joan Mari Torrrealdai idazle eta kazetaria omendu zuten. Bera izan zen hasiera ekitaldiko eta ondorengo omenaldiko protagonista. Joxe Azurmendi pentsalariak egin zuen haren aurkezpena. Ekitaldi hunkigarrian, «lotsaz eta apaltasunez eta, batez ere, esker onez» hartu zituen atzokoan oroigarria, txaloak eta, omenalditik harago, aurrean zituenen miresmena eta maitasuna. Torrealdaik herri ekimenaren auzolanaren gorazarrea egin zuen bere diskurtsoan: «Euskal Herri moderno eta globalizatuak sekula baino beharrezkoagoa du herri ekimenaren espiritua» adierazi zuen. «Ikastolak ezinezkoak zirela zioten, euskarazko egunkaria ere bai», adierazi zuen. Aspaldi frogatu dute batzuek zein besteak posible direla eta, Torrealdairen ustez, bat da horren 'sekretu' nagusia: herri ekimena. Onartu zuen asko aldatu direla garaiak, eta garaiekin batera baliabide eta egiturak baina, hala ere, azpimarratu zuen herri ekimena ez dela inondik ere iraganeko kontua, eta «ezina ekinez egina» ere ez dela hitz-sorta hutsa.
Usurbilgoa amaituta, Bergarako Aranzadik hartu du Kilometroen lekukoa. Urtebete barru han ospatuko dute Gipuzkoako ikastolen jaia.