Ikastola ereduari gorazarre, ikasturte hasierako ekitaldian
Euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako kalitatezko eta abangoardiako hezkuntza euskalduna ematen duen, herritik eta herriarentzat sortua den eta auto-eraketa eta erabakimen propioa dituen eredua da ikastolena. Behin eta berriz errepikatutako ezaugarriak izan dira, gaur, Azpeitian Ikastolen Elkarteak ospatu duen 2015-16 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldian.
Ikastola ereduaren aldeko aldarri bilakatu da Soreasu antzokian gaur egin den ekitaldia. Ikastola ereduaren azalpenetik abiatu da ekitaldia eta haren gorazarre egin dute EHIko lehendakari Koldo Tellituk eta gaurko ekitaldian omenaldia jaso duten ikastoletako ordezkariek, erreportaje batean utzitako lekukotzetan. Berdin Partaideko lehenbiziko artezkaritzako kideek eginikoek ere, haiek ere omendu baitituzte gaur.
Izan ere, hogei urte bete dira, 1993ko Eskola Publikoaren Legearen ondorioz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletan egon zen zatiketa mingarriaren ostean, ikastola ereduari eutsi eta euren ikastolak birsortu zituztela Azpeitian, Beasainen, Elorrion eta Leioan. Ikasterri, Andramendi, Txintxirri eta Betiko ikastola izan dira omenaldia jaso dutenak.
Partaide ere omendu dute, hogei urte bete baitira sortu zela. Hain zuzen ere, Euskal Eskola Publikoaren legearen ondorioz sare publikora joan ez ziren eta ikastola ereduari eutsi zioten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolek euren buruak kudeatu eta Jaurlaritzarekin harremanak egiteko sortu zuten Partaide. Egun dagoeneko ez dago erakunde hori eta Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak egiten du hark egiten zuen lana.
Ikastola ereduaren gaineko hausnarketaz gain, hezkuntza politikari dagozkion gaiak ere ukitu ditu Ikastolen Elkarteko lehendakariak bere hitz hartzean.
Hainbat gogoeta eta hainbat neurri eskatu ditu Koldo Tellituk. Neurriok, erakundeetatik eta hezkuntza eragileetatik, ikastolak barne, espero dituela azaldu du. Hauexek dira
-LOMCEri irmo aurre egiten jarraitzea, hura erabat indargabetu arte.
-Heziberrin marraztutako marko pedagogikoa garatzeko egitasmoa aurrera ateratzea.
-Hezkuntza Lege baterako elkarrizketa eta eztabaida prozesua indartsu abiaraztea, eta Hezkuntza Zerbitzu Publikotik abiatzea.
-Lurralde guztietan euskararen eta euskal hezkuntzaren garapena bermatzeko neurriak hartzea; bereziki Ipar Euskal Herrian. “Egiten ari den lanaren neurriko aitorpena behar du Seaskak, alegia, haren mesederako neurriak eta kolaborazio aktiboa behar ditu”.
-Nafarroan, bestalde, gobernu aldaketarekin batera, Hizkuntza eta Hezkuntza politikan ikastolek aldaketa esanguratsuak espero dituztela esan du Tellituk; “onerako aldaketak,noski”. “Uste dugu, gainera, ikasturte hau oso garrantzitsua izango dela alor horretan. Horregatik, aldaketa horiek aurrera ateratzen laguntzeko prest daude ikastolak”, adierazi du.
Neurri horien guztien eskaera abiapuntu bat dutela iturburu esan du EHIren lehendakariak: “Proposamen hauek egiten ditugunean, gure seme-alabak, gure ikasleak ditugu begi bistan, haiek dira proposamen hauen guztien sorburu eta helburu”. Era berean, zerrendatu dituen ideiak “hezkuntza eragile gisa plazaratu nahi ditugun proposamen edo ekarpen gisa” hartzea nahi dutela ere esan du.
Proposamen horiek guztiak aurrera ateratzeko elkarlana eskatu eta eskaini dute ikastolek. Elkarlana erakundeekin eta gainontzeko hezkuntza eragileekin.
Euskal Herriko ikastoletako irakasle eta guraso andana joan da gaur Azpeitira, ikastolen ikasturte hasierako ekitaldira. Erakunde, alderdi politiko, sindikatu, hezkuntza eragile eta euskalgintzako gonbidatu ugari ere egon dira ekitaldian.
Ekitaldian hitza hartu dute, baita ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Hizkuntza Politika eta Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasak eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak.
Gonbidapena onartu eta ekitaldira joatekoak ziren Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendoza, eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano. Azken orduan, ordea, ezin izan dute hitzordura agertu.
EHIko lehendakariaren hitzaldia
Hemen duzue EHIko lehendakari Koldo Tellituk ikasturte hasierako ekitaldian egin zuen hitzaldia.
"Egun on eta ongi etorri guztioi
Ikastola eredua laburbiltzen duen proiekzioa ikusi berri dugu. Uste dut ikastola eredua azpimarratzeko une aproposa dugula gaurkoa, besteak beste, gaur geure ereduari tinko eutsi zioten lau ikastola eta geure buruak kudeatzeko sortu genuen erakunde bat omenduko baititugu.
Azpeitian gaudelarik, Ikasberri ikastolako komunitateari eskerrak eman nahi dizkiot ekitaldi hau prestatzen emandako laguntzarengatik, eta zoriondu ere egin nahi dut, duela berrogeita hamar urte Azpeitian sortutako ikastolaren izanari eutsi eta, duela hogei urte birsortuta, ikastola eredua gaur arte ekarri duzuelako.
36ko gerraren osteko Nafarroako lehenbiziko ikastola sortu zela berrogeita hamargarren urteurrena ere ospatzen ari gara, gainera. Beraz, baditugu motiboak gure eredua azpimarratzeko.
Titulartasunetik abiatuko naiz, huraxe gakoetako bat izan baitzen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletan duela hogei urte amaitutako prozesu gogor eta mingarrian. Herritik eta herriarentzat sorturiko hezkuntza proiektuak gara ikastolak, eta herritik eta herritarrengandik hurbilen dagoen erakundetze mota dugu. Hezkuntza kooperatibak izaki, gure esku dago nola antolatzen dugun, nola kudeatzen dugun ikastola, eta gurea da erabakia, baita erantzukizuna ere. Eta harro gaude gure autoeraketak eta erabakimenak egiten gaituztelako garena. Horregatik, ikastolei lotuta publifikazio hitza entzuten dugunean adi jartzen gara, guardian. Gure izatearen funtsa da gure titulartasuna.
Bestalde, Ikastola eredua Euskal Herrirako eredua da. Gure aniztasunetik abiatuta, Euskal Herri osoan hedatuta dagoen hezkuntza eredu bakarra gara ikastolak. Ipar Euskal Herrian, berriz, gure ikastolek bermatzen dute ikasleak euskaran murgildutako eredua jasotzea. Aurten, gainera, eta aurkezleek ederki esan duten moduan, ikastola bana ireki dira Azkaraten, Basusarrin eta Biriatun.
Ikastolak hedatzen ari gara euskararen biziraupenerako ezinbesteko garen lekuetan. Hori oso kontuan hartzeko ekimena da.
Hezkuntza eredu propioa dugu ikastolok, bai, eta hura osorik garatu ahal izateko, mehatxurik eta arriskurik gabe aurrera ateratzeko, eskatzen dugu Hezkuntza Sistema Propioa gure herriarentzat. Gure ikasleentzat, gure seme-alabentzat, aukera hobeak garatu nahi ditugulako eskatzen dugu Hezkuntza Sistema Propioa. Gure ikasleentzat kalitate eta ekitate handiagoko hezkuntza nahi dugulako aldarrikatzen dugu Hezkuntza Sistema Propioa.
Ikasle guztiak eta ikasle bakoitza ditugu xede; ikastola amaitzen dutenean buru-askeak izan daitezen, arduratsuak, besteekin dihardutenak, taldean jokatzen dutenak; ingurua ulertu, aldatu eta hobetu nahi dutenak.
Hezkuntza Sistema Propioa eraiki nahi dugu, Lomce bezalako mehatxuek gugan eraginik izan ez dezaten. Bai, egia da hil-hurren dagoela dirudiela, baina ematen du askok hil aurretik ehortzi nahi dutela Lomce. Eta ez da horrela. Lege hori indarrean jarri zutenek agintzen dihardute oraindik. Ikasturtea hasi dugu Lomceren neurri gehiago indarrean sartuta. Horregatik aurre egin behar diogu. Aurre egingo diogu kalean, udazken honetarako deitu diren mobilizazioekin bat eginez. Baina, era berean, gure lurraldeetako erakundeei ere eskatu behar diegu Lomceren aplikazioa eragozteko jarrerari irmo eusteko, eta oposizioari ere gogorarazi behar diogu Lomceren aurka harturiko konpromisoa.
Hezkuntza Sistema Propioa eraiki nahi dugu, bai, jakinik une honetan ezin dugula eraiki, baina kontziente izanda urratsak egin daitezkeela helmuga gertuago izan dezagun; Euskal Herri osoan ez bada, lurralde batzuetan bederen.
Batzuetan hausnarketa orokorrak egin behar dira, eta estilo honetako ekitaldietan partekatu.
Azken bi-hiru urteetan urratsak egiteko aukera handi bezala ikusi dugu Eusko Jaurlaritzaren Heziberri 2020 egitasmoa. Eta balio horri eusten diolakoan gaude.
Heziberrin marraztutako marko pedagogikoa onartu zen, eta, babesa emateaz gainera, geure ere egin genuen ikastolok. Marko Pedagogiko horrek, dena den, garapena behar du. Eta une honetan, guk dakigunez behintzat, duela urtebete bezala gaude; ez dugu ikusten markoa garatzeko egitasmorik.
Hezkuntza Legeari dagokionez, kezka handiz ikusi dugu eta publikoki adierazi ere egin dugu, haren eztabaida atzeratu izana. Aurreko ikasturte amaierarako espero genuen legearen zirriborroaren aurkezpena. Iraila amaitzear dela, eragileekin biltzeko asmoa dutela adierazi dute, baina oraindik egutegirik ezarri gabe.
Lege horri begira, iragan azaroan gure proposamena plazaratu genuen. Indarra titulartasunean jarri beharrean, zerbitzu publiko gisa antolaturik, denen partaidetzaz helburu orokorrak bideratzea proposatu dugu. Gure ustez, argi geratu behar da lege horretan, zer den Hezkuntza Zerbitzu Publikoa. Bestetik, berriz, lege horrek euskaran ardaztutako eleaniztasuna bultzatu eta ziurtatu behar du. Gainera, ezinbestean, konpetentzietan oinarritutako euskal curriculuma bultzatu eta sustatu behar du. Horri guztiari batu behar zaio gure ikasle guzti-guztien emaitzak hobetzeko plangintza zehatza. Ikastolek irakasleriaren funtzio berritu bat ere aldarrikatu dugu lege berrirako.
Laburbilduz, indar eta determinazio handiagoa ikusi nahiko genuke Hezkuntza Sailaren jardunean, egitasmoa bere osotasunean helmugaraino eramateko.
Aurrera eginez, bi ohar gehiago gehitu nahiko genituzke puntu honetara helduta:
- Alde batetik Euskal Herriko ikastetxeok, ikastolok barne, hezkuntza emaitza onak lortzen eta gizarte kohesiorako eragile aktiboak izaten jarraitu nahi baldin badugu, hezkuntzari bideratzen zaizkion baliabide-maila eta horien optimizazioak urrats batzuk aurrera egin behar dituztela.
- Hemendik abiaturik, ikastolok gure zereginaren eta ekarpenen araberako aitortza eskatzen dugula. Horretaz ere, gure espektatibak ez dira betetzen ari.
Ikastolak sortu ginen hezkuntza euskalduna eta kalitatezkoa eskaintzeko euskal gizarteari. Gure helburua euskal gizartearentzat eta gure ikasleentzat hezkuntza baliabideak sortzea da, euskal hezkuntza hobetzeko asmoz. Buruan helburu hori dugula planteatu nahi dugu, beraz:
• LOMCEri irmo aurre egiten jarraitzea, hura erabat indargabetu arte.
• Heziberrin marraztutako marko pedagogikoa garatzeko egitasmoa aurrera ateratzea.
• Hezkuntza Lege baterako elkarrizketa eta eztabaida prozesua indartsu abiaraztea.
• Lurralde guztietan euskararen eta euskal hezkuntzaren garapena bermatzeko neurriak hartzea; une honetan bereziki Ipar Euskal Herrian. Egiten ari den lanaren neurriko aitorpena behar du Seaskak, alegia, haren mesederako neurriak eta kolaborazio aktiboa behar ditu.
• Nafarroan, bestalde, gobernu aldaketarekin batera, aldaketa esanguratsuak espero ditugu Hizkuntza eta Hezkuntza politikan; onerako aldaketak,noski. Uste dugu, gainera, ikasturte hau oso garrantzitsua izango dela alor horretan. Horregatik, aldaketa horiek aurrera ateratzen laguntzeko prest daude ikastolak.
Berriro diot: Batzuetan tarte bat hartu behar da hausnartzeko, nora joan nahi dugun definitzeko. Zerrendatu ditudan neurriak, beraz, hezkuntza eragile gisa plazaratu nahi ditugun proposamen edo ekarpen gisa hartzea nahi dugu.
Amaitze aldera, berriz ere ideia baten garrantzia azpimarratu nahi dut: proposamen hauek egiten ditugunean, gure seme-alabak, gure ikasleak ditugu begi bistan, haiek dira proposamen hauen guztien sorburu eta helburu.
Horregatik, eta dagozkigun leku eta erantzukizunetik, prest gauzkazue elkarlanerako. Gaur, beraz, proposatu ditugun neurri horiei buruz edota beste batzuei buruz erakundeekin eta gainontzeko eragileekin hitz egin, eztabaidatu eta adosteko prestasun osoa berretsi nahi dut. Eskerrik asko".