Asmoetatik errealitatera

OINARRIZKO KONPETENTZIEN ARABERAKO HEZKUNTZA EREDUA

Hezkuntza prozesu iraunkorra da, pertsonen bizitzako hainbat etapatara zabaltzen da, eta bere xedea da gizakiaren konpetentziak maila guztietan garatzea ahalik eta gehien, subjektu indibidual eta herritar aktibo gisa, bai eta konprometitua ere gizartearen garapenarekin eta ingurumenaren garapen jasangarriarekin. Oinarrizko Hezkuntzaren xedeak oinarrizko konpetentziak garatuz lortzen dira. Hortaz, Oinarrizko Hezkuntza osoaren ikuspegitik, Euskal Curriculumaren garapenerako hautatu den hezkuntza-eredu pedagogikoaren baitako curriculum-diseinua egin da, zeinaren ezaugarri bereizgarriak dira ondorengoak:

1. Ikaslearen irteera-profilean oinarritutako curriculuma

Ikasleen irteera-profil orokorrak definitzen ditu ikasleak Oinarrizko Hezkuntza amaitzean lortu behar dituen oinarrizko konpetentziak (metadiziplinarrak eta diziplinarrak), hezkuntza-xedeak lortzeko eta bizitzako eremuetako egoeretan moldatzen jakiteko. Ikaslearen irteera-profila abiapuntu, ondoko lau osagai kurrikular hauek elkarrekin, era orekatuan, integratzen ditu curriculum-diseinuak:

a. Konpetentzietan oinarritutako curriculuma: Integrazioaren pedagogia

Oinarrizko konpetentziak garatzeko hautu pedagogiko koherentea konpetentzietan oinarritutako curriculuma da. Eredu desberdinen artean integrazio pedagogiaren  hautua egin dugu: Konpetentzia bakoitza egoera-familia batekin lotzen da eta egoera horiek ikaslearen irteera-profilarekin lotzen dira.

b. Euskal curriculumeko kultur ibilbidean oinarritutako curriculuma

Konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspuntutik beharrezkoa da jakintza akademikoak eskuratzea, baina ez da nahikoa. Konpetente izateko, beharrezkoa da, baita ere, eskuratutako jakintzak modu integratuan mobilizatzen jakitea bizitzako egoerei aurre egiteko.

Administrazio desberdinetako curriculum ofizialek eta konpetentzien baitako hezkuntza-ereduak eskatzen dituen curriculum-edukiekin batera, berezko tokia hartzen dute curriculum diseinuan gure kultura-ondarean errotuta daudenak.  Horrela, euskal kultura ezagutzeko, ulertzeko, sentitzeko eta harekin erlazionatzeko aukera eskaintzen du, gurearekin kontaktuan dauden beste kulturak elementu positibotzat hartuz eta ezagutuz. Horrekin, norberaren kultura aberastuz eta mundura zabalduz, ikasleari bere nortasuna eraikitzeko aukera eman nahi zaio.

c. Prozedura metadiziplinarrak arlo guztietan integratzen dituen curriculuma

Prozedurak metadiziplinarrak dira, ikaslearen irteera-profilean aurreikusitako hezkuntzaren xedeak eta oinarrizko konpetentzia metadiziplinarrak eta diziplinarrak lortzeko ezinbesteko operadoreak edo bitartekariak. Oinarrizko eskolaldiaren funtzio nagusia baldin bada ikaslea bizitzarako presta dadila lortzea, horrek eskatzen du ikasleak pentsatzen eta ikasten jakin behar duela, kode ezberdinak erabiliz komunikatzen jakin behar duela, elkarrekin lana egiten eta bizitzen jakin behar duela, norbera izaten jakin behar duela eta egiten eta ekiten jakin behar duela. Lorpen hori ahalbidetzeko, prozedura metadiziplinarrak integratzen dira ikas arloetan. 

d. Euskara ardatz duen eleaniztasuna bideratzen duen curriculuma

XXI. mendeko gizartea eleanitza da, eta behar horri erantzuteko euskal herritar eleanitzak hezi behar ditugu, ikasleek  bizitzako egoera bakoitzak eskatzen duen ahozko zein idatzizko hizkuntzaren erabilera egokia eta eraginkorra egin dezaten gaitzeko. Baina gurea bezalako hizkuntza minorizatuaren kasuan, ikuspegi eleanitz honek baditu kontuan hartu beharreko aldagai garrantzitsuak. Agerikoa da ingurunearen baldintzek eta gizarte harremanek gaztelania/frantsesa erabiltzera bultzatzen dutela. Bestalde, urteetako eskarmentuak erakutsi du eraginkorra dela, ikasleek ahoz eta idatziz egoki komunikatzeko, irakas- eta ikaskuntza-prozesuan euskara erabiltzea. Ebidentzia horien ondorioz, euskara da ardatz egiten dugun eleaniztasunaren planteamenduan. Horrela soilik bidera baitaiteke euskararen eta inguruko beste hizkuntzen arteko berdintasun soziala. Curriculum-diseinuak bi elementuren bidez eragiten du  aipatu planteamenduan: hizkuntzen curriculum integratua diseinatuz eta gauzatuz  eta konpetentzia linguistikoaren garapena ikas arlo guztietan integratuz.

e. Konpetentzia digitala arlo guztietan integratzen dituen curriculuma

Helburua da ikasleak IKT baliabideen erabilera eraginkorra eta arduratsua egitea bere bizitzako eremu eta egoera guztietan: zeregin bat diseinatzen eta planifikatzean, informazioa kudeatzean, produktu digitalak sortzean, elkarlanean aritzea eta emaitzak komunikatzerakoan. Ikuspuntu horretatik, konpetentzia digitala beste konpetentzien lorpenerako osagai bilakatzen da.  Horregatik, IKT baliabideak ikas arlo guztietan integratzen dira. 

f. Oinarrizko konpetentzia guztiak barne hartzen dituen ebaluazioa

Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa ezin bereiz daiteke curriculumeko gainerako osagaietatik. Kontuan hartuta konpetentziez jabetzea hartzen dugula ikasleen irteera-profiltzat, ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa ere bat dator oinarri horrekin.

2. Ikaslearen arloko irteera-profilaren eta integrazio-pedagogiaren baitako unitate didaktikoaren diseinua

Langai den konpetentzia eta hari lotutako egoerak bihurtzen dira unitate didaktikoan landuko diren baliabideen (edukien) hautaketarako erreferentzia nagusia. Jokabide konpetenteak eskatzen du, alde batetik, konpetentziak eskatzen dituen baliabideak ikasleak bereganatu ditzala eta, beste aldetik, baliabide horiek era integratuaz eta estrategikoaz erabil ditzala egoera jakin batean. Beraz, Unitate didaktikoaren sekuentziaren diseinuak ahalbidetzen ditu bi ikaskuntza-motak, jokabide konpetenteak eskatzen dituen biak, hain zuzen ere.