Jardunaldi pedagogikoen ondorioak

 

Amaitu dira Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoak,  atzo eta gaur Gasteizko Goiuri Jauregian egin direnak. Aurtengoa XXII. aldia izan da. Gure irakasleen prestakuntzaren baitan kokatzen dira jardunaldiok, eta aurten ikastolok murgilduta gauden konpetentzietan oinarritutako hezkuntzan sakontzeko xedea izan dugu. Hobeak izateko habeak zen jardunaldion goiburua. Hobekuntzarako habe asko daude, baina oraingoan hiru jorratu ditugu: gure curriculuma, ebaluazioa eta aniztasunaren trataera.

Hiruak elkarrekin lotuta daude elkarrekintzan, eta horregatik lotu nahi izan ditugu aurtengo jardunaldietan, batak bestera, eta bigarrenak hirugarrenera garamatzatelako.

Gai horien  inguruan hizlari izan ditugu EHIko curriculum arduradun Mikele Aldasoro, Malagako Unibertsitateko Angel Gomez Perez katedraduna eta Bartzelonako Unibertsitateko Javier Onrubia Goñi katedraduna.

Era berean gaiari lotutako tailerrak egin ditugu eta gure ikastoletako praktika onen berri ere eman digute hainbat ikastolatako ordezkariek.

Etorkizunera begira ere jarri nahi izan dugu, eta horretarako gonbidatu dugu Daniel Innerarity pentsalaria. Hezkuntzari XXI. mendean egin beharreko galderak eta erantzunak proposatu dizkigu Innerarityk.

Jardunaldiok iraun duten bi egunetan 400 irakasle eta hezitzaile izan ditugu. Alor desberdineko berrogei gonbidatu ere etorri dira bi egunotan, ikastolok jorratzen ari garen bidearen berri ezagutzeko.

Heldu den urtean ere elkar ikusiko dugu!

Ikastolen XXII. Jardunaldi Pedagogikoak