Gazte egonaldiak: udatik negura
Arantzan burutzen diren udako Gazte Egonaldiek bilakaera txiki bat izan dute aurten. 37. Euskal Zine Bilera ospatu da Lekeition, asteburu honetan, eta euskarazko zine jaialdi bakarra den Lekeitioko festibalean parte-hartu dute egitasmoko gazteek.
Udan Gazte Egonaldietan sortzen dituzten lan guztiak (bideoklip eta laburmetraiak) jaialdiko sariketara aurkezten dira eta aurtengoan, horietako bi sariketan lehiatzeko hautatuak izan dira.
Larunbatean izan zen sari-banaketaren gala, eta hantxe izan ziren gazte eta hezitzaileak. Aitzakia hori baliatuta, hiru eguneko topaketa egin da Lekeition. Gazte Egonaldietako 3. txandako gazteentzat antolatu da egonaldi txiki hau, adinez nagusienentzako, 15-18 urte arteko gazteen topaketa izan da, beraz. R. M. Azkue ikastolan hartu dute aterpe gazteek eta hezitzaileak asteburu osoz. Mila esker, beraz, Lekeitioko R.M. Azkue ikastolari, herriari zabalik dagoen ikastola izateagatik.
Gazteak protagonista: autonomia eta parte-hartzea oinarri
Ostiralean, arratsaldeko 6.30etan egin zen hitzordua. Maleta utzi, eta, azkar batean, zinemara joan beharra zegoen, sariketarako lanen azken emanaldia baitzegoen. Aurreneko unetik murgildu ziren zinemako pantaila handian gazteak.
Larunbatean, berriz egin zuten zinemara bisita, sari-banaketaren gala ospatzen zelako. Gazteok saririk eskuratu ez badute ere, saririk onena berriz denak elkartzea izan da. Baina egonaldi txiki hau 2015eko Gazte Egonaldiak antolatzeko ere baliatu da. Gazteek eurek moldatu baitute programazioa euren nahieran, euren gustuko ekintzak txertatzeko eta orain artekoa moldatzeko aukera eman du egonaldiak.
Bestetik, Lekeitio ezagutzeko baliatu da asteburua, bertako aisialdi taldeak kudeatzen duen Gazte Gunea bisitatu eta funtzionamendua ezagutzeko aukera izan da.
Hezitzaile taldea
Eskerrak eman beharrean gaude hezitzaile taldeari, ekimena gidatu eta dinamizatu duten hezitzaileei. Ziortza Jaio, Maialen Etxeberria, Izaro Gonzalez Ieregi eta Koldo Rodriguezi, eskerrik asko.