Ikastolen Adierazpena
Hezkuntza, legez eta bidez aurtengo Ikastolen topaketen barruan, ikastolek adierazpen publikoa egin dute bidean egon litekeen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legeari begira, eta, indarra titulartasunean jarri beharrean, zerbitzu publiko gisa antolaturik, denon partaidetzaz helburu orokorrak bideratzea proposatu dute. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta zuzendari Imanol Igeregik eman dute eagutzera.
Hauxe da, ikastolen adierazpena
Hezkuntza, legez eta bidez
Asaldura handiko giroa bizi dugu Hezkuntzan; mehatxu, erronka eta aukeraz betea, gizartean, oro har, hainbat faktorek eraginda bizi dugun bezalaxe, baina Hezkuntza munduan ezaugarri propioekin. Euskal Herriko Ikastoloi biderkatuta datozkigu mehatxu eta erronkak, administratiboki lau puskatan zatituta daukagun lurraldean saretuta gaudenez.
LOMCE eta Falloux legeei aurre egin beharrean gaude, gure hezkuntza sistemari zuzenean erasotzen dioten bi mehatxu handi baitira. Euskarazko testuliburuen sorgin ehiza abiatu duen Nafarroako Gobernua ere hor dugu; eta baita Euskararen Legean iragarritako aldaketa ere. Azkenik, Heziberri 2020 ere hor dugu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako hezkuntza berritzeko Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa.
Aukera, erronka eta mehatxu horien aurrean aldarrikatu dugu, gure izaeraren ardatz den gisan, Hezkuntza Sistema propioa behar dugula Euskal Herrirako, horrek bakarrik ziurtatuko digulako gure ikasleen, gure seme-alaben hezkuntza euskalduna, eleanitza, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritua, teknologia berrietan trebatua, kalitatezkoa eta ekitatiboa.
Xede hori eskuratzea une honetan ezin bada ere, urratsak egin behar dira Hezkuntza Sistema propiorantz, eta egun badugu horretarako aukera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara mugatuta egon arren. Hezkuntza Lege bat da hori. Eusko Jaurlaritzak Heziberri 2020 egitasmoan aurreikusten du, eta lege baten beharra azpimarratu dute alderdi politiko nagusiek ere.
Mehatxu, erronka eta aukera horien aurrean erantzukizunez jokatzea dagokigu Hezkuntza munduan gabiltzan guztioi. Ez baita dagoeneko hezkuntza alorrean gabiltzanon eskaera bakarrik; gizarteak eskatzen digu.
Nora jo, zer egin, norantz bideratu Hezkuntza Sistema propioa lortze aldera datozen urteetan?
Testuinguru honetan Euskal Herria bezalako herri txiki batek aurrera egin nahi baldin badu, hezkuntza hobekuntza aurrerabide, berrikuntza, geroa eta balio erantsi bihurtzen da, benetako lehengai, herri honen inbertsiorik hoberenetakoa. Bistan da, inoiz baino gehiago Hezkuntzak lehentasuna izan beharko duela.
Alderdi politiko desberdinek eta hezkuntza alorreko hainbat eragilek Eskola Itun eta Hezkuntza Lege berri baten beharra adierazi dugu behin baino gehiagotan.
Lege baten beharra azpimarratzen dugunean, zio hauetan oinarritzen dugu aldarrikapena:
- Gure gizartearen egituraketak, beste arloetan gertatzen den bezala, Hezkuntza Lege baten beharra eskatzen du.
- Une honetan, sistemako ikastetxe erdiek baino ez daukate lege baten babesa.
- Lege baten egikerak, eskatzen dituen prozesuak eta hausnarketak, hezkuntza arloko epe ertaineko helburuen eta lehentasunen definizioa argitzen lagunduko luke. Beste esparru batzuetako esperientziek erakutsi bezala, hezkuntza arloko helburuak eta neurriak planifikatu eta garatzerakoan legearen erreferentzia ezinbestekoa izaten da.
- Hemen egindako lege batek, bide batez, kanpotik datozen lege atzerakoi eta zentralistei aurre egiteko, edo gutxienez haien eragina minimizatzeko baliabideak eman ahal dizkigu. Zehazki LOMCEri aurre egiteko tresnak eman ahal dizkigu.
Jakin badakigu lege batek berez ez dituela arazo guztiak konponduko, ezta gai guztiak bideratuko ere, baina hezkuntzaren eremuko iparra definitze aldera erabat lagungarria izan daitekeelakoan gaude. Adostasun zabalen gainean eraikitako Sistemak aldaketa sakona eta erreala uste baino arinago eragin dezakeelakoan gaude. Beraz, Eusko Jaurlaritzari eta Hezkuntza Sailari hezkuntza lege bati ateak zabalduko dizkion prozesua lehenbailehen abian jar dezaten eskatzen diegu. Heziberri 2020 proiektuaren hirugarren egitasmoa, legearena hain zuzen, lehentasunez bultzatu beharko lukete. Hobe gaur, bihar baino.
Aipatu Legeak eta bere baitan bilduko lituzkeen edukiek, Hezkuntza Sistema propio baterako atea zabaltzeaz gain, bereziki ondorengo helburu eta lehentasunei erantzun beharko lieketela uste osoa dugu:
1.- Titulartasuna gorabehera, zerbitzu publikoaren arabera hezkuntza eskubidea gauzatzea eta garatzea, kontuan izanik Hezkuntza eskubide unibertsala eta, beraz, euskal herritar guztion oinarrizko eskubidea dela, euskal gizartearen kohesioa sustatzeko eta gizarte desberdintasunak gainditzeko lanabesa.
2.- Euskara ardatz duen elebitasun erreala eta eleaniztasuna bideratzea, Europako Erreferentzia Markoak proposatzen duen hizkuntzen lorpen-maila erreferentziatzat hartuz eta eskola bakoitzak bere hizkuntza-errealitatera egokituz.
3.- Konpetentzietan oinarrituriko euskal curriculumaren dimentsioa uztartu eta bermatu beharko lituzke Hezkuntza Sistemak.
4.- Aukera berdintasuna eta gizarte kohesioa garatzearekin batera, ikasle guztien eskola errendimenduaren hobekuntza, hots, bikaintasuna, helburu izan behar dugu Hezkuntza Sisteman, horrek ikasle guztiengan eta ikastetxe guztietan eragin positiboa baitu.
5.- Irakasle-jarduera eta funtzio berrituaren eraketa, irakasleriaren hasierako eta etengabeko prestakuntza eta irakasle eskakizuna berrituz, Hezkuntza eta kudeaketa lidergoa ikastetxeetan sustatuz eta irakasle jardunaren ebaluazioa eta banakako zein taldeko aitortza eginez. Eta gorago aipatutako zerbitzu publikoaren definizioa aintzat hartuta, egoki deritzogu zerbitzu publikoa osatuko luketen ikastetxe guztietako profesionalen lan baldintzak analogia-irizpidez homologatuz joateari.
6.- Hezkuntza Sistemaren eta bertan diharduen ikasleriaren beharrei bidezko erantzuna emateko ezinbestekotzat jotzen dugu hezkuntza-baliabideen banaketa ekitatiboagoa egitea. Ez dago ekitatez ikasleen beharrei erantzuterik, baliabideen banaketa ez bada bidezkoa. Halaber, Ikastolok behin baino gehiagotan aldarrikatu dugu, gu gauden eskola-eremu bakoitzean, edozein beharrizan bereziko ikasleen eskolaketan gure matrikulazio-tasaren neurriko konpromisoa hartzeko prest gaudela.
Topaketa hauetan zerbitzu publikoaren ezaugarriei buruz jardun dugu. Adierazpen honetan, beraz, garapen handiagoa eman nahi izan diogu ezaugarri honen definizioari, alegia, nola ulertzen dugun Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa, hots, Euskal Hezkuntza zerbitzu publiko den aldetik. Bestalde, lege batera eraman lezakeen prozesua aztergai izan dugu.
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa
Arestian esan dugu Hezkuntza zerbitzu publikoa dela, eskubide unibertsal eta, beraz, euskal herritar guztion oinarrizko eskubidea izanik, euskal gizartearen kohesioa sustatzeko eta desberdintasun sozialak gainditzeko lanabesa dugula.
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa publiko-herritar ikuspegian kokatzen dugu, hots, komunitateari lotua, hezkuntzan ere demokrazia parte-hartzailea gauzatu nahi baitugu.
Euskal gizartean titulartasun-mota desberdinetako ikastetxeak daude. Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikora, aldiz, bildu ahalko dira funts publikoekin hornituriko ikastetxeak, hots, ikastetxe publikoak, ikastolak eta itunpeko ikastetxeak, bakoitzaren nortasunari eutsita, hezkuntza zerbitzuaren ezaugarriak bete eta ikasle guztien hezkuntza eskubidea, inolako bazterkeriarik gabe, bermatuko dutenak.
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan erantzukizun kolektiboa eta gizartearen partaidetza nabarmendu nahi ditugu. Alde batetik, zerbitzuaren planifikazioa, kontrola eta ebaluazioa Administrazio publikoaren ardurapean egongo dira. Bestetik, berriz, zerbitzuaren diseinua, antolaketa, kudeaketa eta garapena, botere publikoei eta hezkuntza komunitateari egokituko zaizkie.
Horren arabera, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa gauzatzeko botere publikoei eta herritarrei (hezkuntza komunitateari) dagozkien eskumenak zehaztu eta banatuko dira. Finantziazioak eta kontrolak, berriz, publikoak izango dira, bere kudeaketa eraginkortasunean, gardentasunean eta kontrol sozialean oinarrituko baita.
Ikastetxeen autonomia, nortasun instituzionala eta kudeaketa bermatze aldera, ikastetxeen eta botere publikoen arteko harremanak hitzarmenetan oinarrituko dira, titulartasun eredu desberdinen osagarritasuna, aldeen nortasuna eta ezaugarriak zainduz.
Gizarte aurreratu eta moderno batean herri-ekimena, titulartasun soziala, ausardiaz sustatu behar da. Ikastetxeen hezkuntza proiektuak hezkuntza komunitate osoarena izan behar du (gurasoak, langileak, ikasleak eta tokian tokiko beste eragile batzuk), estamentu bakoitzak adostasunez proiektuan parte hartzen duen heinean zehaztua. Partaidetzazko demokrazia (ez bakarrik formala) zerbitzu publikoaren kalitatearen berme da, zerbitzu publikoen antolamendurako giltzarri. Aurreko ezaugarri guztiak betetzen dituelakoan, aukeran herri onurako kooperatiba hobesten dugu.
Demokratikoki kudeatua izan behar du. Ikastetxeen hezkuntza proiektuaren jabea hezkuntza-komunitate osoak izan behar baldin badu, logikoki haien kudeaketa partaidetzan eta demokrazian oinarritu beharko ditugu. Barrura begira, eskola osatzen duten estamentu guztien titulartasun konpartitua bultzatu nahi dugu, beti ere, estamentuen erantzukizun eta ardura-banaketa adostuan oinarriturik. Kanpora begira, berriz, honelako planteamendu batek Administrazio Publikoaren eta Eskola Komunitatearen arteko deliberamendu elkartua suposatzen du, erabakiak hartu eta gauzatzerakoan.
Gogoetagai uzten dugu, era berean, kudeaketa-arlo honetan udalen parte-hartzea, gure ikuspegitik udalek zerbitzu publiko baten egituran protagonismo handiagoa hartu beharko bailukete. Partaidetza honek zerbitzuari gertutasuna eta aberastasuna emango lizkioke, bere herritarren beharraz ondoen jabetzen den erakundea baita.
Legerako ibilbidea eta Ikastolen konpromisoak
Honelako prozesu bat abian jarriz gero, ordezkatzen ditugun ikastolen izenean ondorengo konpromisoak hartzeko prest gaude:
- Ikastolok eskola akordio zabal eta ireki baten partaide izan nahi dugu, horren beharrizana euskal gizartearen egoeran begi bistakoa baita.
- Partaidetzarako jarrera erakusten dugunean, partaidetza aktibo eta eraginkorra eskatzen dugu. Era berean, erantzukizunez eta adostasunaren alde jokatzeko konpromisoa azaltzen dugu.
- Eskola akordioaren abiapuntua norberaren hezkuntza-eredua izanik, guk geurea aurkezten dugu eztabaidarako ekarpen bezala, proiektu partekatu baten garapenean gurearen aitortza eskatzen dugularik.
Urrats berriak, bestalde, adostasun zabalen testuinguruan gauzatu beharra daude, iraunkorrak izan daitezen. Hezkuntzak antolakuntza eta planifikazio egonkorrak behar ditu emaitza egokiak eskuratu ahal izateko, gobernuak aldatzen diren bakoitzean epe laburreko joan-etorrietan ibili gabe.
Azkenik, hezkuntza alorreko talde, sindikatu eta alderdi politikoei parametro hauetan jokatzeko eskatzen diegu, eta, era berean, prest gaude akordio zabala eta eraginkorra lortzeko behar bezalako arduraz, erantzukizunez eta malgutasunez jarduteko.
Bilbo, 2014ko azaroa
EUSKAL HERRIKO IKASTOLAK