Eragileen babesa Kaskarotenea ikastolari
Euskal Herriko hainbat eragilek babesa agertu diote, gaur, Ziburuko Kaskarotenea ikastolari, eta ikastolek azaroaren 8rako Ziburun antolatu duten manifestaziora joateko deia ere egin dute, Ikastolen Etxean egin duten agerraldi bateratuan.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Udalbiltza, AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Sortzen, Biga Bai, Berria taldea, Bertsozaleen Elkartea, ELA, LAB, Ernai gazte antolakundea eta Gazte Abertzaleak taldeko ordezkariak bertaratu dira prentsaurrekora, eta baita kultura munduko beste hainbat ordezkari ere.
Guztiei esker ona adierazi die Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, ikastolek erakunde eta eragileei eginiko deiari erantzun dietelako, “konbentzimendu osoa dugulako Kaskarotenea ikastolaren defentsa ez dagokigula ikastoloi soilik”.
“Eskerrak eman nahi dizkizuet guztiei. Eskerrak eman, baita ere, hemen ez dauden eragile eta norbanako askori, etorri ez diren arren Kasarotenea sostengatzen ari direlako, eta datorren azaroaren 8ko manifestaziora deitzen ari direlako”, gaineratu du Tellituk.
“Zuen guztion beharra badugu, Guy Poulou auzapeza mugiarazteko eta konponbide baten bila mahai baten inguruan eser arazteko, manifestaziora deitu genuen lehen egunetik hona egoerak okerrera egin baitu. Inoiz baino premiazkoagoa da, beraz, agerraldi hau bera. Mila esker, berriro ere”.
Kaskarotenea ikastolako lehendakari Laida Mujikak hartu du ondoren hitza, Ziburuko ikastolaren inguruko azken berriak emateko. Adierazi du, muturreko egoeran jarri dituela Guy Poulou auzapezak. Oporren aurretik egindako mehatxua bete, eta argindarra kendu diotela ikastolari, eta auzitara jo duela berriro, egun Kaskaroteneari ezarritako isuna (eguneko ehun euro) handitzeko (eguneko laurehun euro). Mujikak bihotzez eskertu du jasotzen ari den babesa, eta eragileei ere eskerrak eman dizkie gaur agertutako elkartasunarengatik. Seaskako lehendakari Paxkal Indok ere eskertu du eragileen agerraldia eta babesa, eta herritar guztiei dei egin die azaroaren 8n, arratsaldeko 4etan, Ziburun egingo den manifestazioan parte hartzera.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul BIlbaok hitz egin du eragile guztien izenean. Esan du eragile horiek kezka handiz ikusten ari direla azken hilabeteotan Ipar Euskal Herrian ikastolen garapena eragozteko hainbat lekutatik iristen ari diren ekimenak. “Hain justu, Seaskako ikastolek jauzi kualitatibo eta kuantitaboa egin duten garaian; jaiotza tasek behera egin duten arren, ikastoletako matrikulazioek gora egin dutenean; ikastoletan haurrak matrikulatzen dituzten gurasoen profila dagoeneko askotarikoa denean, ez direnean soilik euskal militante sutsuak; Ipar Euskal Herrian eragile eta alderdi politiko ia guztiek ikastolari sostengua ematen diotenean”
Iazko ikasturtean, Falloux legea aitzakiatzat hartuz, prefetak eta suprefetak ikastola guztiak kinkan eta mehatxupean jarri zituztela gogorarazi du, eta azkenean atzera egin zuten arren, egoera ez dela lehengoratu ohartarazi du: “Aitzitik, mehatxu hori une oro erabiltzeko ateak zabalik dirau”.
Aurtengo ikasturtean, berriz, Kaskarotenea ikastola dagoela jomugan esan du: “Auzapez bat da, oraingoan, Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren aurka ekin diona, nola ekin gainera: ikastola auzitara eramanez, argindarra eteteko mehatxua betez, eta, orain, ikastola husteko polizia indarrak ere erabiliko dituela ohartaraziz. Gainera, epaileak ezarritako eguneko ehun euroko isuna ez zaio aski, eta eguneko laurehun eurokoa eskatu du”.
Seaskako ikastolek bizi duten mehatxuzko egoeraren muinean euskararen ofizialtasun gabezia dagoela azpimarratu du, eta ikastolen kasuan, zehazki, ikastolentzako lege baten falta. “Baina, horrekin batera, uste dugu badela garaia eraso hauek guztiak amaitzeko, eta era berean, badela garaia eraso hauei guztiei erantzuteko”, gaineratu du.
Horregatik, eragileok bat egin dute “Euskal Herriko ikastolen komunitateak gaur zortzi adierazitakoarekin: hau ez da ikastola bakar baten aurkako erasoa, ezta ikastolen aurkako erasoa ere soilik; hau, euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa da”.
Neurri horretako erasoak, izan ere, neurri bereko erantzuna behar duela ere aipatu du: “Ziburuko auzapezak zehazki, baina baita haren moduko ekinbideak egiten dituztenek, ikusi behar dute aurrean ez dituztela Kaskaroteneko hamahiru haurren gurasoak bakarrik, edo ikastolak bakarrik. Aitzitik, euskaraz bizi nahi duen herri bat, euskaraz bizi nahi dugun herritar guztiak gaudela ikusi behar dute”.
Hori esanda, azaroaren 8an Ziburun egingo den manifestaziora dei egin du Kontseiluko idazkari nagusiak, eragile guztien izenean.
Prentsaurrekoan hitza hartu dute, baita ere, ELA sindikatuko idazkari nagusiaren ondoko Amaia Muñoak, LAB sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek eta Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpuruak. Guztiek agertu diote babesa Kaskaroteneari eta Ipar Euskal Herriko ikastolei, eta, era berean, azaroaren 8ko manifestaziora deitu dute.
Eragileen ordezkarien artean izan dira, besteak beste, Euskal Konfederazioko lehendakari Mixel Oronoz, Mertxe Mujika (AEK), Beatriz Zabalondo eta Mikel Arrieta (BERRIA TALDEA), Iñaki Murua (Euskal Herriko Bertsozaleen Elkartea), Maire Andree Ouret (Biga Bai), Bego Bitorika (Sortzen Ikasbatuaz) eta Nestor Esteban (EHE).
Babesa agertzera bertaratu dira, baita ere, Kike Amonarriz telebista aurkezlea, Iker Otxoa txalapartaria, eta bertsolari batzuk.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eragileen izenean irakurri duen agiria
Eragileen prentsa agerraldia
Egun on guztioi.
Kezka handiz ikusten ari gara azken hilabeteotan guztiotan, Ipar Euskal Herrian ikastolen garapena eragozteko hainbat lekutatik iristen ari diren ekimenak. Hain justu, Seaskako ikastolek jauzi kualitatibo eta kuantitaboa egin duten garaian; jaiotza tasek behera egin duten arren, ikastoletako matrikulazioek gora egin dutenean; ikastoletan haurrak matrikulatzen dituzten gurasoen profila dagoeneko askotarikoa denean, ez direnean soilik euskal militante sutsuak; Ipar Euskal Herrian eragile eta alderdi politiko ia guztiek ikastolari sostengua ematen diotenean.
Iragan ikasturtean Hendaiako eta Beskoitzeko ikastolak jarri zituzten jomugan. Prefetak eta suprefetak Falloux lege zaharkitua tiraderatik atera, eta hura astinduz, bi ikastola horiek eta Seaskako beste guztiak mehatxupean jarri zituzten. Zorionez, atzera egin zuten, baina egoera ez zen lehengoratu; aitzitik, mehatxu hori une oro erabiltzeko ateak zabalik dirau.
Aurtengo ikasturtean, berriz, auzapez bat da Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren aurka ekin diona, nola ekin gainera: ikastola auzitara eramanez, ura eta argindarra eteteko mehatxu eginez, eta, orain, ikastola husteko polizia indarrak ere erabiliko dituela ohartaraziz. Gainera, epaileak ezarritako eguneko ehun euroko isuna ez zaio aski, eta eguneko laurehun eurokoa eskatu du.
Badakigu afera honen muinean euskararen ofizialtasun eza dagoela, eta ikastoletan, zehazki, ikastolentzako lege baten falta. Baina, horrekin batera, uste dugu badela garaia eraso hauek guztiak amaitzeko, eta era berean, badela garaia eraso hauei guztiei erantzuteko.
Horregatik bat egiten dugu Euskal Herriko ikastolen komunitateak gaur zortzi adierazitakoarekin: hau ez da ikastola bakar baten aurkako erasoa, ezta ikastolen aurkako erasoa ere soilik; hau, euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa da.
Horregatik uste dugu, iragan ostiralean ikastolen komunitateak esan bezala, erakunde eta eragileok ere badugula erantzukizuna afera honetan, eta orduan luzatu ziguten eskaerari erantzutera gatoz.
Neurri horretako erasoak, izan ere, neurri bereko erantzuna behar baitu: Ziburuko auzapezak zehazki, baina baita haren moduko ekinbideak egiten dituztenek, ikusi behar dute aurrean ez dituztela Kaskaroteneko hamahiru haurren gurasoak bakarrik, edo ikastolak bakarrik. Aitzitik, euskaraz bizi nahi duen herri bat, euskaraz bizi nahi dugun herritar guztiak gaudela ikusi behar dute.
Hori dela-eta bat egiten dugu ikastolen deiarekin, eta herritarrak bat egitera deitzen ditugu azaroaren 8an, larunbatez, arratsaldeko lauetan, Ziburuko kaleetan egingo den manifestazioarekin.
Eskerrik asko.