Badator Errigora!

 

Erriberako euskarazko irakaskuntzari, euskalgintzari eta nekazaritzari laguntzeko auzo lanean osaturiko Errigora ekimena laster batean abiatuko da berriro udazkeneko kanpainarekin. Dagoeneko hirugarren aldia da oraingoa, eta iazko kanpainak aurreko urtea gainditu baldin bazuen, aurtengoak iazkoa gainditzea jarri dute helburu.

 

 

Errigora ekimenaren funtzionamendua ez da batere korapilatsua: Erriberako nekazariek ekoitzitako produktu sorta batez osatutako saskiak saltzen dira merkatu prezioan, eta horietatik lortutako irabaziak Erriberako euskalgintzara bideratzen dira. Bitartekaritza auzolanean egiteak bideratzen du irabaziak lurralde horretako euskalgintzara iristea.

Aurten, irabazi horiek Erriberako ikastoletara, AEKra eta Sortzenek abian duen Euskaraz bizi eta ikasi herri ekimenaren Hamarratz proiektura.

Zazpiak Bat, AEK, Ikastolak eta Sortzen dira Errigora ekimenaren partaide nagusiak. Bakoitzak bere esparruan kanpaina garatzeko konpromisoa hartu du. Horiez gain dozenaka dira kanpaina honetan herri ezberdinetan parte hartuko duten euskara elkarte, kultur etxe, taberna, udal, lantegi eta kontsumo elkarteak.

Kanpaina hasterako, Errigora arduratuko da leku bakoitzean (ikastola, eskola, euskaltegi, elkarte, udaletxe edota enpresa), erakusgarri izango den saskia, kartela eta eskuorria banatzeaz.

Kanpainak dirauen asteetan saskia eskatu nahi dutenen zerrendak osatuko dira. Leku bakoitzean eskaria zenbatekoa den Errigorari jakinarazi beharko zaio. Ostean, saskien banaketa Errigorak egingo du. Leku bakoitzetik Errigorarekin kontaktuan aritu denak, saskien dirua jaso eta horretarako sortutako kontu korrontean sartuko du.

Iazko emaitza onak ikusirik, aurten, ahalegin berezia egin da saskiaren osaketan ekoizle gehiagoren parte hartzea bilatzen. Iaz bost ekoizlek osatu bazuten udazkeneko saskia, aurtengoan hamar izan dira: bi olio errota, bost kontserba lantegi eta hiru ardo upategi.