Piztu Jakinmina Topaketen bigarren eguna: Behaketa ikasgelan
Piztu Jakinmina Topaketen bigarren eguna atzo utzi genuen puntutik abiatu dugu. Atzo 12-16 urte bitarteko etapan jarri genuen fokua, eta gaur, berriz, 0-12 urte bitarteko etapetan. Publikoa desberdina izanik, Mariana Morales Lobo adituaren hitzaldia izan dugu berriro, goiza irekitzeko: "Ikasgelaren behaketa, aprendizaia hobetzeko” hitzaldia eskaini digu Gasteizko Europa Jauregiko areto nagusian egin dugun saian.
Haren ondotik, eta atsedenaren ostean, ikastolen esperientziak partekatzeari ekin diogu. Lau ikastolatako ordezkariak arduratu dira horretaz, eta bosgarren saioa, berriz, Arikala ikerketa Taldea hainbat ikastolatan egiten ari direna azaldu digute.
Zizur Txikiko San Fermin ikastolak aurkeztu digu lehenbiziko esperientzia: Behaketa eta gogoeta pedagogikoari buruz aritu dira. Euren esperientziak hausnarketa du oinarrian eta erabakiak hartzea gako. Hau guzti hau behaketan ardaztuta, eta xede nagusia behaketa eta gogoeta pedagogiko hori hezkuntza ereduaren eraldaketarako tresna bilakatzea
Behaketa eta ibilbide autonomoaz aritu dira, berriz, Getxoko San Nikolas ikastolako ordezkariak. Behaketaren bilakaeraz aritu zaizkigu eta bilakaera horrek ebaluazioan duen islaz. Azken zortzi urteotan eginiko ibilbideari errepasoa egin diote.
Azpeitiko ikastolako ordezkariek berriz, “Behaketa eta irakasle taldea” izan dute mintzagai. Elkarrekin zer, zertarako eta nola behatzen duten, eta aztertzeko, gauzatzeko eta erabakiak hartzeko gakoak azaldu dizkigute.
Santo Tomas Lizeoko ordezkariek azken hogeita lau urteetan arreta goiztiarraz egindako lanaren eta bilakaeraren berri eman dute. “Behaketa eta arreta goiztiarra” azaldu digute, behaketa akonpainamendu eta esku-hartzeetarako giltzarri gisa ulertuta. Psikomotrizitatea erabiltzen dute talde txikitan eta jolasaren bidez aniztasunari erantzuteko.
Arikala ikerketa taldeak itxi du topaketen bigarren eguna. Behaketaz eta ikerketaz aritu dira. Ikastolen Elkarteak, Euskaltzaindiak eta HUHEZIk elkarlanean sortu eta aurrera eramaten ari diren Arikala proiektuaren orain arteko ibilbidearen azalpena eman digute, hain zuzen ere, hainbat ikastolatan egiten ari diren esku-hartzean oinarrituta.
Bi egunotan ikastoletan egiten dugun lanaren berri elkarri ematen aritu gara Piztu Jakinmina Topaketetan. Esperientzia arrakastatsu zenbait plazaratu dituzte ikastolek. Esperientzia horien bidez ikastolek zer egin duten, nola egin duten eta zer emaitza lortu duten eta zer ondorio atera dituzten azaldu dute. Elkarrekin ikasten eta elkarrengandik ikasten jarraitzeko topaketa hauekin ikastolon sarea indartzea, elkarrekin eta elkarrengandik ikastea eta jakinmina piztu eta aberastea ziren Ikastolen Elkarteak jarritako helburuak. Lortu dugulakoan, hurrena arte!