"Zazpiak bat" lanak irabazi du Euskal Herriko Ikastolen III. Komiki Lehiaketa
Orotara, 35 lan aurkeztu dituzte Euskal Herriko Ikastolen III. Komiki Lehiaketara. 14 eta 16 urte bitarteko ikasleei dago zuzendua, eta Euskal Herriko Historiaren pasarte bat gaitzat hartuta, hura komikira eraman behar dute parte-hartzaileek. Hirugarren ekitaldi honetarako aukeratutako gaia Euskara Batua izan da. Ikastolen Jaiek, elkarlanean, antolatutako ekimena da berau.
Aurkeztutako lan horietatik guztietatik ‘Zazpiak bat’ lanak irabazi du saria. 7 euskalkietatik abiatuta, Euskara Batua edo "Zazpiak bat hitzarmena" sinatzerainoko ibilbidea kontatzen du Inge Telletxea, Uxue Berra, Garazi Zabaleta eta Lur Graciak elkarlanean egin duten komikiak. Orereta ikastolako ikasleak ditugu irabazleak.
Amaia Ballesteros, Ekaitz Agirre Garluk, Joseba Larratxe Josevisky, Aritz Trueba eta Koldo Aldabek osatu dute epaimahaia. Saritutako lanaren hainbat alor azpimarratu ditu epaimahaiak: marrazkien eta gidoiaren kalitatea, euskalkien erabilera, umorea...Arantzazun egin zuen Euskaltzaindiak euskara batuaren oinarriak ezartzeko batzarra, eta han kokatu dute kontakizuna, baina euskaltzainak izan beharrean Jorge Oteizaren Apostoluak jarri dituzte protagonista, haiek ezarriko dituzte euskara batuaren oinarriak, ez, ordea, eztabaidarik gabe.
Elkarlanean eginiko lanak
Aurkeztu diren lan guztiek ederki heldu diote ekitaldi honetarako aukeratutako gaiari. Batzuek gertaera historikoa kontatu dute, beste batzuek istorio bat asmatu dute gertaera historiko horretan kokatua. Kontakizunaren estiloan ere aniztasuna egon da. Aipagarria da, baita ere, sari nagusia jaso duena bezala, elkarlanean egindako lanak izan direla gehienak. Komikigintzan, hain zuzen ere, talde-lanak garrantzi handia du, eta gazte hauek erakutsi duten elkarlan hori aldarrikatu nahi izan du epaimahaiak.
Komikigintza atsegin duten eta horretan lehen urratsak egiten ari diren gazteei euren sormen lana garatzeko aukera ematea zen helburu nagusia, eta era berean, komikiak atsegin dituzten baina oraindik egiteko urratsa egin ez duten gazteak ere animatu nahi izan dira pauso hori ematera. Eta bai batzuek zein besteek egin dute urrats hori.
Xabiroi aldizkarian argitaratuko da
Lehen saria jaso duten egileek marrazteko tablet bat eta Xabiroi komiki aldizkariaren urtebeteko harpidetza jaso dituzte opari gisa. Dena den, sari nagusia euren lana Xabiroi aldizkarian publikatzea izango da. 2023ko urriko zenbakian argitaratuko da Euskal Herriko hainbat komikigile ezagunen lanekin batera.