Urtesasoiak.com webgunea martxan

Antzinatik gaur egunera arte dirauten Euskal Herriko usadio eta ospakizun garrantzitsuenen bilduma osatzen duen Urte-Sasoiak egitasmoa webgune bilakatu da. Gaur aurkeztu dute, Bilbon, Ikastolen Elkarteak eta Labayru Ikastegiak.

EHIko lehendakari Koldo Tellituk, Labayruko zuzendari Adolfo Arejitak eta Bizkaiako Foru Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariztondok aurkeztu dute web orrialde berria, Bilboko Rekalde aretoan egin den ekitaldian. Webgunearen edukiaren balioa azpimarratzeaz gainera, hura erabiltzera eta hango edukietan murgiltzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Urteko sasoi nagusiei lotutako ospakizun eta ohituren inguruan, euskal herrietan gorderik dagoen altxorra egokitu eta plazaratzeak eta lekuan lekuko ondarea jasotzeak duten garrantziak bultzatuta, Ikastolen Elkarteak eta Labayru Ikastegiak 1997-2000 urteetan kaleratu zuten Urte-Sasoiak egitasmoa. Urte bakoitzean urteko sasoi bati buruzko lana argitaratu zen. Orduan sortutako materialak hiru euskarritan argitaratu ziren: bideo, audio eta liburu formatuetan.

Oraingo honetan, berriz, lan hori webgune bilakatu da. Eduki horiek sarean ipini dituzte, guztien ikusgarri. Bertan erakusten dira orduan argitaratu ziren testuak, argazkiak, audioak eta bideoak. Lehenagokoekin batera, hainbat argazki berri gehitu dira webgunerako.

Egitasmoak jatorrian helburu didaktikoa izan bazuen ere, edozeinek erabiltzeko modukoa da: etxean, eskolan, unibertsitatean… Euskal kultura ezagutzeko jakin-mina daukan guztiarentzat da egokia.

Egitasmo berritu honek, aurreko osagai guztiez gainera, aukera gehiago eskaintzen ditu: euskarri guztiak uztartuta daude eta aldi berean erabil daitezke gaika aukeratuta; aurkibidea agerian dago, eta bertatik jo daiteke kantu, azalpen eta bideoetara, nahi den gaiaren berri izateko; lau hizkuntzatan garatuta dago (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa); sarean dagoenez munduko edozein bazterretatik kontsulta daiteke…   

Atzerriko hainbat unibertsitatera hedatuko du Etxeparek

Etxepare Institutuak, bestalde, proiektu honen berri munduan zehar hitzarmenak eta harremanak dituzten unibertsitate guztietara hedatuko duela adierazi du Marijo Olaziregik, Etxepare Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendariak

Urtesasoiak.com, Ikastolen Elkartearen eta Labayru Ikastegiaren arteko elkarlanaren emaitza da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Azkue Fundazioaren eta Etxepare Institutuaren babesa izan du. Ikastolen Elkarteko Manex Etxabek eta Aritz Truebak egin dituzte diseinu eta garapen digitalak, eta EHIko Nerea Arregik eta Labayruko Akaitze Kamiruagak, berriz, edukien egokitzapena eta berrikuspena. Azken bi hauek, izan ziren, baita ere Urte Sasoiak hasierako bildumaren koordinatzaile nagusiak.

Edukia

Lau urte sasoitan banatuta dago edukia:

  • Oles ta oles Gabon zikloari dagokio
  • Hou Pitxu hou! Inauteriei dagokie
  • Txulufrina eta arrosa udaberri-udako jai-ospakizunen bilduma da
  • Pinpirin eta Florian udazkeneko ospakizunen bilduma da

Herri kantuak, herri tradizioak, sasoiari lotutako zereginak eta gure bizimodua osatzen duten erritu, ohitura, sineskera eta abar aurkituko ditugu bertan. Lanak Euskal Herri osoa hartzen du, kasuan-kasuan eremuren batek leku handiagoa hartuko badu ere.

Herri kantuok abeslari ezagunen ahotsean jarrita daude: Pantxoa eta Peio, Amaia Zubiria, Alex Sardui eta Anje Duhalde hurrenez hurren.

Euskarri guztiak uztartuta daude, aurkibidea agerian dago, eta bertatik jo daiteke kantu, azalpen eta bideoetara, nahi den gaiaren berri izateko. Orria lau hizkuntzatan dago: euskara, gaztelania, frantses eta ingelesez. Horri esker informazio guztia munduko edozein lekutatik dago eskura.

Gabonetako edukia, San Nikolas egunean hasten da. Marijesiak datoz gero, Gabon eta Eguberri, Inozente eguna, Gabon Zahar eta Urteberri ondoren, eta amaitzeko Erregenak.

Inauterien zikloa Kandelariorekin hasten da, ondoren San Blas eta Santa Ageda. Ostean inauterietako egunak: Basaratoste, Eguen Zuri; Nafarroako inauteriak, Bizkaikoak, Gipuzkoakoak eta Zuberoako maskaradak.

Udako zikloan, Erreginak, San Joan egunaren inguruko ohiturak, neska-mutil gazteen arteko harremanak, ezkontzak, erromeriak, amodiozko kantuak eta Zuberoako pastoralak sartzen dira.

Udazkenari dagokion atalean ere hainbat gai jasotzen dira: ahozko literaturaren transmisioa (kantu barregarriak, ume-kantuak, baladak), bizimodu tradizionaleko lanak (artazuriketak, ikazkintza, linuaren penak, ardoa, txakolina eta sagardoa, txerribodak, burdinolak), eta amaitzeko ehiztariak.